Hilaren 26an Okondon egin behar den Lur Jareetako osoko bilkuran larratze estentsiboaren azalera handitzeko araudi aldaketak eskatuko dituzte EAJ eta PSE alderdiek.
Hala, gaur erregistratutako presazko mozio batean, Batzar Nagusietan gehiengoa duten alderdiek foru gobernuari berari eskatuko diote Larreen Onargarritasun Koefizientea izeneko aldagaia aldatzeko, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean. Adierazle horrek zehazten du lursail bakoitzean zenbatekoa den NPB Nekazaritza Politika Bateratuaren diru laguntzak jaso ahal dituen azalera.
Bestetik, larratzeagatiko diru laguntza gehiago jaso aldera, NPBk zehazten dituen ekoerregimen izenekoetan, hektarea bakoitzeko lursailetan legez sartu daitezken abereen kopurua handitu ahal izateko eskatuko dute. Modu berean, eskatuko dute bultzatu dadila "basoetako sasiak kentzea", bertan abere gehiago sartzeko izateko.
Lehen sektorea, "estrategikoa"
Bestetik, UAGA, Bionekazaritza eta Araba Bizirik elkarteek Araban nekazaritza eta abeltzaintza "jardun estrategikotzat" jotzeko eskatuko diote aldundiari, Elkarrekin Araba talde politikoaren bidez aurkeztutako beste mozio baten bitartez. Talde hauen aburuz, beharrezkoa da "gizartearentzako elikagaiak ekoizten dituen nekazaritza eta abeltzaintza jarduerak babesteko mekanismoak" indarrean jartzea.