Ehiza erregulatzen duen foru araua aldatzeko PPk aurkeztutako proposamena atzera bota dute Arabako Batzar Nagusiek atzo egindako osoko bilkuran. Batzarretara igorritako foru irizpenak PPren eta VOX alderdien aldeko botoak baino ez ditu lortu, gainerako taldeen kontrako botoarekin.
ALEAk otsailean aurreratu zuen Alderdi Popularrak 8/2004 foru araudian puntu berri bat gehitu nahi zuela, ehiztari laguntzailearen figura sortzeko. Horren arabera, ez litzateke ehiztaritzat joko "ehiza jarduera batera laguntzaile gisa joaten dena". Ondorioz, armak eskutan izan gabe ehizan laguntzen duten pertsonak ez lirateke legez ehiztaritzat hartuko.
Eskariarekin batera emandako azalpenetan alderdiak argudiatu zuen ehizaren egoera Araban "kezkagarria" dela, ehiztariak "zahartzen" ari direlako. PPren esanetan, legea aldatzeko proposamenaren helburua zen "gizartea hurbildu ahal izatea eta hurbildu nahi izatea" ehizara.