Urte luzez aritu da bertsolaritzan eta kantagintzan Igor Elortza (Durango, 1975). 7 eskale eta Gu ta gutarrak taldeetan aritu ondoren, Anonyme Popular aurkeztu zuten 2023. urte hasieran. Talde zahar-berriaz, bertso munduaz eta bizitzaz hitz egin digu.
Zer da, zer izan da Anonyme Popular?
Motzean esanda, nik jarritako bertsoak batetik eta Rafa Rueda musikariaren doinuak bestetik. Hasieratik nahi izan genuen ikus-entzunezkoak ere barnean izan zitzala, eta Azpeitiako Kulturaz Kooperatibako kideekin landu dugu hori. Eduki aldetik esan ohi dut garaiari eta giroari ipinitako bertsoak direla. Kontu pertsonalak eta sozialak uztartzen dira. Nor garen, eguneroko bizitzan zer paper jokatzea tokatzen zaigun, eta euskal gatazkaren iragan hurbila edo 48 urteko gizon bat izatea gaur egungo Euskal Herrian eta zorioneko olatu feministaren garaian. Horrela esanda oso serioa dirudi, baina umore dezente ere badago.
Agurtzera zoazte urte eta erdiko ibilbidearen ondoren. Asetuta gelditu zarete?
Kontua da azken urteetan Euskal Herrian, batez ere musikagintzan, mundu guztia ari dela agurtzen, eta agurtzen egiten duela hamarkada oso bat. Gure kasuan hasieratik egon da pentsatua urte eta erdi inguruko ibilbide bat izateko, bere garaian 7 eskale eta Gu ta gutarrak proiektuak zeuden bezala. Data heldu zaigu eta agurtzera goaz, hemendik aurrera bide honek gehiago eman dezakeen ala ez, batek daki. Aurreko proiektuen artean ere hamabost bat urteko tartea izan da, beharbada 60 urterekin itzuliko naiz berriro, gorputzak eskatzen didanean.
"Azken urteetan Euskal Herriko musikagintzan mundu guztia ari da agurtzen"
Lehen aldia da horrelako batean hitzak sortzen eta abesten zu bakarrik zaudena. Unai Iturriaga gabe. Zer moduzkoa izan da esperientzia?
Bertigo puntua baneukan horrekin, egia esateko. Baina nik erabaki nuen proiektua hastea, eta hasiera batean niretzako idatzitako bertsoak dira, jakin gabe mereziko zuten ala ez. Horrek askatasuna eman zidan, bertso pila idatzi nituen, asko gerora sartu ez direnak. Eta aurreko bi proiektuekin alderatuta, bestelako zerbait egin nahi nuen musika aldetik, bestelako taldeak entzuten ari nintzelako garai hauetan. Eduki nuen kezka puntu bat ere, dena esanda, Unairekiko nagusiki. Baina bera izan zen bertsoak irakurri zituen lehenengo pertsonetako bat, galdetzeko ea ez zuten ezertarako balio edo agian niretzako bakarrik balio zuten. Horren ondoren hasi nintzen Rafarekin lanean kantak osatzeko. Bakarrik zaudenean beste leku batean kokatzen zara, sortzen zaizkizun kezka eta galderatxoekin, baina alde horretatik ere pozik nago jasotako arreta eta harrerarekin. Hori ere ospatuko dugu azken agur hauetan.
Bakarrik idazteko prozesu honetan, gai sozialez gain intimoagoak ere landu dituzu. Biluziago sentitu zara?
Adina ere badugu jada lizentzia batzuk hartzeko edo ausartak izateko. Edo agian kontrakoa. Nik uste dut gai politiko eta sozialak badaudela, eta oso zuzenean hartuak gainera. Gauzak asko aldatu diren hamarkada batetik gatoz, eta ez soilik ETAk armak uztearen ondorenagatik. Aurretik ere aldatzen zetozen gauzak euskal jendearen izaeran, gauzak ikusteko moduan, harremanak bizitzeko moduan. Nigan ere, adinagatik akaso, zalantza berriek hartu zuten pisua. Bizi naizen moduan bizi nahi dut? Zenbat denbora dedikatu nahi diot lanari? Zenbat bizitzari? Ziurgabetasun edo kezka ugari neuzkan. Badaude aitortza autobiografikoak ere, bertso sortaren arabera, baina nik uste, intimoak baino gehiago, ni-tik gu-ari buruzko bertsoak direla gehiengoa.
Musika estiloa ere berritzailea izan da. Elektronika, hitz esanak. Ze arrazoi daude hautu horren atzean?
Eskua Rafarena da, dudarik gabe, eta Rafari aitortu behar zaio Anonyme Popularren erdia. Batzuetan hitza oso esplizitua da, baina ikus-entzunezko arteek eta musikak, nahiz eta abstraktuagoak izan, inplizituki hitzak beste esan dezakete, edo gehiago. Rafak lan handia egin du, hitzak mugimenduan ipintzen, baina baita hitz bakoitzari zegokion giroa eta estetika sortzen ere. Ez dakit nola deitu, garaikide, urbano, modernoa, elektronikoa, berdin zait. Eskua berea dela esanda, egia da nik hasieratik neukala nahiko argi hortik joan nahi nuela. Rafa eta nire artean geratuko diren txapuza batzuk bidali nizkion, neuk etxeko ordenagailuan eginak. Nahiko bideratuak zeuden lanak izpiritu aldetik. Uste dut Rafari ere horrek eman diola aukera, ziur aski, Rafa Rueda bezala egingo ez lituzkeen gauza batzuk egiteko. Jolasten aritu gara, intuizioari garrantzia eman eta konfiantza izanez. Pozik nago emaitzarekin.
Pixka bat atzera eginda, Gasteizen bizitakoa zara, Hala Bedi irratian ere ibilia.
Oso giro ona topatu genuen eta maitasun handia diot orokorrean Gasteizi. Uste dut euskara munduan beti izan diogula begirune handia bestelako giro ez ofizial eta ez instituzionaletan egiten denari. Hemen egin ahal izan genituen gauza batzuk, euskara indartsuago zen tokietan egin ezingo genituzkeenak. Uste dut badagoela zerbait hiriaren izaerarekin zerikusia daukana, eta gaur egungo hainbat kontu interesgarri ere hortik datozela. Kasuren batean kantatu genuen tabernaren batean euskaraz inork ez zekien publikoaren aurrean, eta benetan begirune handia jaso genuen bertan. Gezurra edo txiste bat dirudi, baina hala izan zen benetan.
"Norbaitek kalkulua egin du herri euskalgintzari balazta jarri behar zaiola"
Bertso munduan sartuta, zuek, Lujanbio, Irazu, Iturriaga, Maia eta garaikoekin batera, izan zineten belaunaldi berria, bertsolari eredua aldatzera etorriak. Nola bizi zenuten sarrera hori?
Esan behar da guri bertso munduak harrera ona egin zigula hasieratik. Denon kasua ez da berdina, gainera. Unai eta ni agertu ginenean Bizkaiko bertsogintza zaharkitua zegoen, eta bertako bertsozaleen artean kezka handia zen hori, etorkizun faltarena. Ez zegoen bertsolaririk, labur esanda. Lan handia egin zen gaztetxoei bertsotan irakasteko, eta guk hasieratik izan genuen aukera Jon Lopategi eta maila hartakoekin egoteko. Gazteok ere bagenuen gure ausardia, itxurak ere bageneuzkan, belarritakoak eta Martins-ak, erabiltzen genuen hizkuntza ere apurtzailea zen askotan. Lekuaren arabera, hainbat giro tradizionaletan begirada eta mutur arraroak eragiten zituen. Uste dut astindu bat eman geniola bertso munduari eta euskal munduari ere bai hein batean. Baina harrera ona izan zen, premia zegoelako. Gazteek beti kantatzen diete bere garaiko kezkei, eta guk ere indar hori geneukan. Zorte handia ere izan genuen, oso gaztetxotatik egon nintzen oholtzan sekulako begirunea eragiten zidaten pertsonekin. Josu Zabala eta Hertzainak, Fermin eta Negu Gorriaken kontzertuetan egotea, Korrika baterako hitzak egin eta Ruper Ordorika eta Mikel Laboak kantatzea... hori guztia bizia nuen 25 urte neuzkanerako. Ez gaude kexatzeko moduan, beraz.
Zer moduz ikusten duzu egungo bertso mundua?
Oso ondo. Maila oso handia dago, handiegia ere bai gero benetan bertsotan egiteko dagoen plaza kopuruaren aldean. Ez dago bertsolari on beste plaza. Guk alde horretatik zortea izan genuen. Gero belaunaldi bakoitzak bere garaiko gai eta kezka sozialak dakartza, eta giro horretan dagoenak dauka eraginkortasuna. Zeren, azkenean, bertsogintzak, beste edozein kultur jarduerak bezala, funtzio sozial bat ere eduki behar du. Hori da garrantzitsuena. Eta uste dut bertsogintzari heldu dion azken belaunaldi honek, eta nagusiki emakume feministek, egindako ekarpenek asko aberastu dutela bertso mundua. Bazen garaia.
"Diruarekin gauza batzuk egin daitezke eta beste batzuk ez, garenak garelako"
Bertso txapelketetako marko ideologiko murritzari buruz ere hitz egin beharko dugu?
Jonen (Sarasua) azken hitzaldiaz ari zara, ezta? Ez dut gehiegi hitz egin nahi, Jon estimu handitan daukadalako eta berarekin hitz egin nahiko nukeelako honetaz. Baina uste dut bertso munduko jendearentzat ez dela horrenbesteko kolpea izan, Joni entzunak dizkiogulako halakoak, gehiago edo gutxiago. Banda zabalera murritzaren kontua gai klasikoa da. Batetik, uste dut egun dagoen banda zabalera duela 10, 20, 30 urte baino zabalagoa dela, zabala ez baldin balitz ere. Nire iritziz, noski. Eta bestalde, banda zabalera hori bertsozale askok nahi lukeena baino estuagoa baldin bada, kontua da galdera horrek nor seinalatzen duen, gabiltzanok edo ez dabiltzanak. Eta horrek zer esan nahi duen gure herri honetako soziologia ezberdinei buruz. Luze jardun dut herrigintzan, euskalgintzan eta kulturgintzan, eta egia da soziologia bateko jendea topatzen duzula nagusiki zenbait jardunetan. Beste soziologia bateko jendea ez baldin badago, hitz egin beharko genuke ea zergatik ez dagoen. Neurri batean da beste arlo batzuetara bideratuak daudelako, askotan diruarekin egiten diren gauzetara. Eta hemen diruarekin gauza batzuk egin daitezke eta beste batzuk ez, garenak garelako eta merkatua txikia delako. Badakit bertsozale asko joango direla txapelketara eta ez dutela ikusiko euren burua ordezkatua, baina eztabaida zaharra da, nekatu ere egin nau jadanik.
Bi bide kantua berreskuratu duzue Anonyme Popularrekin. Bizitzan bi bide omen daude soilik, triste bizi gintezke edo erdi pozik. Zeinetakoa izan zara?
Agian bai, ni erdi pozik eta erdi libre bizi izan naiz, hala saiatu naiz gutxienez, eta uste dut zorteduna izan naizela. Baina ahalegin handiak egin behar dira bietarako. Lazarraga elkartearen auzia datorkit burura. Denbora askoan egon ginen kontaktuan Gasteiz Antzokian emanaldi bat egiteko. Tristea beraz, eta ulertzen ere zaila gaurko istorioa. Ez dakit zer ondorio atera daitekeen, boterea ezagututa. Hain da arraroa, Oihanederren hainbeste urtetako elkarlana eta gero, eraikina eginda dagoela, ez dakit. Pentsarazten dizu hemen norbaitek kalkulua egin duela herri euskalgintzari, herrigintzak eta euskalgintzak bat egiten duten eremu horri, balazta jarri behar zaiola. Poztuko nintzateke oker banenbil.
Maiatzaren 31n Jimmy Jazzen duzue emanaldia.
Entzule askok esan digute faltan bota izan dutela emanaldia ikustea zutik eta zerbeza baten bueltan, eserita beharrean. Azken agur hauek zerbeza bat eskuan eduki daitekeen lekuetan izango dira, eta nahi duenak gerria pixka bat mugitzeko aukera ere izango da.