Ageriko identifikaziorik ez duen metalezko ate beltz bat dago Gasteizko Aranalde kiroldegiaren alde batean. Inork ez luke pentsatuko ate horren beste aldean iraultza txiki bat gertatzen ari denik. Baina hala da.
Anabasa ikaragarria dago barruan. Motxilak, arropa, txalekoak, koltxonetak... eta harriak; harri andana, forma eta tamaina askotakoak. Horien guztian artean, neska-mutil talde bat, txantxetan eta solasean ari diren bitartean elementu horien guztien artean batetik bestera aise mugitzen direnak.
Denbora luzez arreta asko piztu gabe hor mantendu dira, isileko lan eta ahaleginean, baina erabaki dute egiten ari direna harrotasunez erakusteko unea iritsi dela. Duela aste batzuk bota zien mezua Ibon Murga entrenatzaileak hainbat hedabideri, eta zinez lortu du oihartzun zabala. Mezuan Murgak esaten zuen zerbait historikoa egiten ari zirela emakumezko harri jasotzaile arabarrei dagokienez. Eta azaldu dutenaren arabera, argi dago hitz xumeetan zizelkatzen den Historiaren pasarte txiki horietako bat idazten ari direla.
Orotara, hamasei lagun daude Arabako Harri Eskolan, eta horietako bakoitzak ilusio eta esfortzu puska bat jartzen dio harriekin egindako bideari. Baina taldean dezenteko aldaketa gertatu zen duela urtebete inguru, hiru neska taldera batu zirenean.
Eider Garcia Durana izan zen taldera batu zen aurrena. "Ni errugbilaria nintzen, baina arratsaldez lanean hasi nintzenean, ezin nuen entrenamenduetara joan. Bada, nire laguna den Julen Diaz harri jasotzaileak behin esan zidan egunen batean hau probatu behar nuela. Eta animatu nintzen".
"ERAKUSTEN ARI GARA HAU NESKEN MUNDUA BADELA ERE; MARKAK EGITEN DITUGULA". EIDER GARCIA DURANA
Ezustekoa hartu zuen; onerako. "75 kiloko zilindroa altxatzeko teknika irakatsi zidaten, eta, nire harridurarako, nahiko ondo altxatu nuen lehen momentutik. Tira, ni berez ez naiz izan oso ona kiroletan; horregatik, hona iritsi eta ondo atera zitzaidanean, pentsatu nuen... ea, hau niretzat da!".
Probatu eta bueltatu
Harritzar horrekin izandako lehen kontaktua bestelakoa izan zen Sara Jimenez de Aberasturirentzat. "Nik pisu hori aldez aurretik jasotakoa nuen halterofilian, eta horregatik pentsatu nuen erraza egingo zitzaidala altxatzea". Lehen egun horretan zilindroa hartu zuen, eta erdi buelta eman zion, baina ez zuen lortu sorbaldan jartzea. "Bueltatu behar nuela pentsatu nuen, harri hori altxatu behar nuelako". Harri puska horrek Jimenez de Aberasturiri jarri zion erronka, ordea, ez zen izan Harri Eskolara bueltatzeko arrazoi bakarra. "Egun horretan bertan ikusi nuen kristoren giro ona zegoela hemen, eta hori ere izan zen hona itzultzera bultzatu ninduen kontu bat".
Jimenez de Aberasturiren kasuan, txingekin izandako esperientziak eraman zuen harri jasotzera —jardun horretan, Arabako txapelduna da bera—. Maeztun hasi zen horiekin, Kerman Perez de Heredia auzokide eta kirolariak martxan jarritako herri kirolen eskola baten bitartez. Ohi bezala, kontaktuak tartekatzen dira. Orain taldean dagoen hirugarren neska aurretik ere ezagutzen zuen, crossfit batera egiten zutelako: Saioa Iglesias Ramos. Berak federaziora deitu zuen, informazio bila, eta Harri Eskolaz hitz egin zioten. Beste behin, eskolan ikusitakoaz pozik geratu zen, gaurdaino. Orain lesio bat du eskuan, eta bi hilabetez asko entrenatu gabe egon behar izan da, baina horrek ez du eragin denbora honetan harrietatik aldentzea. Esku batekin altxatzen du harria, bestea sendatu bitartean. Erakustaldietarako entrenamendu bikaina.
GIZONEZKOEN KATEGORIAKO HARRIEKIN MOLDATU ZIREN, BEREN KATEGORIAKO PISUAK ESKURATU BITARTEAN
Erakustaldiak, bai; lehiaketekin batera, hau baita harri jasotzaileek egin ohi dutena, plazaz plaza. "Hitzak dioen moduan, egiten duzuna erakusten duzu", azaldu du Jimenez de Aberasturik. "Horietan ere ahalegin handia egiten da, noski, baina ez da txapelketetan egiten denaren parekoa. Gainera, gorputzarentzat ez litzateke jasangarria izango. Erakustaldietarako agurrak prestatzen ditugu ere, edo, adibidez, esku batekin altxaketak. Jendearentzako entretenigarria den zerbaiten bila ari gara".
Garcia Duranak nabarmendu du horietan "zerbait berria" egitea ere bilatzen dutela. "Ahalegintzen zara dotorezia eta teknika bateratzen". Bestelakoa da lehiaketen kasua, noski. "Txapelketa batean, normalean, hiru minutu dituzu ahalik eta jasoaldi gehien egiteko, eta, batzuetan teknika ez da horren polita".
Harri jasotze tradizionalean bestelakoak izan dira denborak, eta harri berdinarekin hamar minutuko hiru txanda egitera iritsi da. Izan ere, Jimenez de Aberasturik nabarmendu duenez, Euskal Herriko harri jasotzea beste batzuetatik bereizten duen kontu bat da erresistentziarena. Dioenez, strongman deritzenak ere badira munduko leku askotan; besteak beste, harriak altxatzen dituztenak, edo txinga oso pisutsuak metro batzuk mugitzen dituztenak. "Baina, hemen, potentzia baino, erresistentzia lana egiten da bereziki. Nire ustez, horrek lotura du Euskal Herriaren izaerarekin".
Hasierak ez ziren errazak izan. Izan ere, iritsi zirenean eskolan ez zeuden emakumezkoen kategorietan erabiltzen diren harriak, eta gizonezkoek erabilitako pisuekin moldatu behar izan ziren. Pixkanaka, baina, harri horiek lortu zituzten. Diotenez, horiekin ere tentu handiz ibili behar da harriak ez puskatzeko, hilabeteak igaro daitezkeelako harri bat eskatu eta iritsi bitartean. Ez dira, ez, Amazon bidez, hurrengo egunean lortzen den gauza horietakoak. "Jende gutxik lantzen ditu halakoak", azaldu du Ibon Murga entrenatzaileak. "Arroparekin ere berdin gertatzen da. Adibidez, 301K marka daramaten txaleko horiek Maite Perurenak egiten ditu, Iñaki Perurena harri jasotzailearen alabak. Orain dela bost urte inguru atera zuen marka, eta prakak eta gerrikoak ere egiten ditu".
Lau mota
Pisua ez da harriak bereizten dituen kontu bakarra, eta horren inguruan ezer ez dakienarentzat mundu berri bat irekitzen dute Murgaren azalpenek. "Formaren arabera, lau motatakoak daude: errektangularra, kubikoa, zilindroa —zaharra eta modernoa— eta bola. Eta bi kategoriatan banatzen dira: harri handia —150 kilotik gorakoak— eta txikiak". Forma eta pisuaren arabera, horiek jasotzeko teknikak desberdinak dira. Baina bada ere bosgarren kategoria batean dagoen harritzar berezia: harri baldarra. Mendian edo ibaian eskuratzen diren harri natural eta landu gabekoak dira. "Herri bakoitzak bere harri baldar mitikoa du: Igeldoko harria, Etxauriko harria, Albizuri Handi...", azaldu du Murgak.
"Ibon harriaren benetako wikipedia da", dio Jimenez de Aberasturik,irribarre bat aurpegian. Wikipedia honen bestelako balioa nabarmendu du kirolariak. "Beragatik ez balitz, gu ez ginen honetan egongo", jarraitu du. "Teknika azaltzeko, ahalduntze edo babes hori eskaintzeko... jarraipen bat egitea ezinbestekoa da. Nahiko frustragarria izan daiteke alboan norbait laguntzen baldin ez baduzu". Jimenez de Aberastutik dioenez, harriak teknika handia eskatzen du. "Zilindroarekin hasi zaitezke, eta moldatu zaitezke, baina gero bolara pasatzean, ez dago ezer egiterik. Kubikoa jasotzeko ere teknika handia behar da. Oso gainean dagoen norbait behar duzu alboan".
"LEHEN EGUNEAN BERTAN IKUSI NUEN HEMEN KRISTOREN GIRO ONA ZEGOELA". SARA JIMENEZ DE ABERASTURI
Euskal Herriko beste eskolekin dagoen elkarlana ere nabarmendu du. "Adibidez, txapelketa bat prestatzeko, Oriora joan gara, Joseba Ostolazarekin. Guk ez daukagun harri bat du berak, eta aprobetxatu dugu berarengandik ikasteko ere".
Oriorena ez da kasualitatea. Izan ere, orain arte Araban ez da tradizio handirik izan. Bai ordea Gipuzkoan eta Bizkaian.
Kirolariek azaldu dutenez, herri kirolak baserriei lotuta egon dira orain arte, horien arteko apustuetatik abiatuz. Eta, gehienetan, gizonezkoei lotuta egon dira, familia giroan aitarengandik semeek jaso duten kontua izan delako.
"Urte oso polita izaten ari da, gauak aldatzen ari direlako", azaldu du Garcia Duranak. "Entrenatzaile zaharrek, edo pentsamolde zaharra zutenek uste zuten hau ez zela nesken kirola. Horregatik ez zegoen ez neskarik ez beraientzako harririk. Baina aurten erakusten ari gara guztion artean nesken mundua dela ere, eta markak egiten ditugula. Nagusi bati entzutea bera erratuta zegoela, eta hau ere ere nesken kontua badela, hori oso pozgarria da guretzat".
Markak eskuratuz
Agerikoa denez, gauzak aldatzen ari dira, bai geografia zein genero aldetik. "Orain, familia bidez tradizio hori jaso ez dugun neskak ere batzen ari gara honetara", dio Jimenez de Aberasturik. Besteak beste, Euskadiko txapelketan ari dira, eta, aurreratu dutenez, EITBko Harri Herri saioan astelehen honetan bertan ikusi ahalko den marka berria eskuratu dute neska arabarrek. Hori gutxi balitz, maiatzaren 1ean, Estibalizen egongo dira, beste behin, harriak neskarenak ere badirela argi uzteko.