HAUTESKUNDEAK. Inoizko gobernu lehiatuena. Apirilaren 21eko hauteskundeetan Eusko Legebiltzarrerako eserlekuen herena erabakiko dute arabarrek. Ordezkaritzako demokrazietan gauza ziurrik inoiz ez badago ere, hauteskunde hauetan bereziki handia izango da norgehiagoka.
ELKARRIZKETAK:
- JOSEBA DIEZ ANTXUSTEGI (EAJ): "Politikoki zuzenak ez diren gauzak ere esan behar dira". EAE gobernatzeko "bi eredu oso desberdin" daudela azpimarratu du hautagaiak. Paktuez galdetuta, EAJ "alderdi abertzalea" dela babestu du, eta "desberdinen" arteko akordioak "interesgarritzat" jo ditu.
- MIKEL OTERO (EH BILDU): "Agortutako formula baten aurrean egon gara". Zerrendan hirugarren hautagaia da Mikel Otero, Legebiltzarrean esperientzia gehien duenetakoa taldean. Oraingoan, ziklo aldaketa datorrela uste du, eta Eh Bildu lidergoa hartzeko prest dagoela dio.
- AROA JILETE GONZALEZ (PSE-EE): "Etxebizitza duin bat izateko aukera asko hobetu dugu". Emaitza onak lortze aldera bi gako azpimarratu ditu Aroa Jilete sozialistak: Eusko Jaurlaritzan PSEko sailburuek "herritarren beharren alde" egindako lana eta Espainiako Gobernuan egiten ari diren kudeaketa.
- JUANTXO LOPEZ DE URALDE (ELKARREKIN PODEMOS): "Orain arte egin duguna da gure bermerik onena". Inkestek kontrakoa badiote ere, Eusko Legebiltzarrean eserlekuak lortu eta Gobernuan "ezkerretik kontrapisua" egiteko baliagarri izango direla uste du Juantxo lopez de Uralde Arabako eledunak.
- JON HERNANDEZ (SUMAR): "Itunpeko eskola traba da hezkuntza publikoa garatzeko". EAJk eta PSE-EEk Eusko Jaurlaritzan bultzatu duten politikarekin sakoneko desadostasunak agertu ditu Jon Hernandezek, tartean, etxebizitzan, hezkuntzan, trantsizio energetikoan eta industrian.
OSASUNA. Larrialdien arreta egokia, zalantzan. Larrialdiak artatzeko Osakidetzak martxan duen eredua kritikatu du Osasun Publikoa Aurrera plataformak. Etengabeko arreta guneak eta lehen mailako arreta indartzeko exijitu dute, arazoak bideratzeko.
MUSIKA. Anari. "Artistikoki, derrigor mugitu behar duzu beste leku batera". Ia zazpi urteko disko-etenaldiaren ostean, 'Giza zarata' lan berria du esku artean anarik. Jon Basaguren musikariarekin batera, hamar kantuko lana aletu du Gasteizko liburutopia liburu dendan.
ERAGITEKO JANZTEN. Bergoi Madernaz, Bai Euskarari Elkartea: "Guztion ardura da lan mundua euskaratzea".
IRITZIA. Txema Ramirez de la Piscina, Nerea Antia, Igor Muñoz eta Edu Zelaieta.
Aste honetako
EUSKARAREN AGENDA + ZOZKETAK
Apirilaren 19tik 25era