Diseinuak gure gizartea zeharkatzen du. Edozein produktu, etiketa, espazio… diseinatu behar da. Erronka horri heltzen diote egunero IDarten, Euskadiko Arte eta Diseinu Goi Mailako Eskola Publikoan. Erronka, gainera, oinarritik hasten dute: zer da diseinua? "Zerbaiti itxura emateko azken geruza bezala ulertu izan da, baina ez da hori", aldarrikatu du Estibaliz Iregi IDarteko zuzendariak. "Erabiltzailea erdian jarri eta bere arazoei konponbidea ematean datza diseinua, erabiltzaileak berak arazo horiek zeintzuk diren ez dakienean ere".
Diseinuaren garrantzia eta suposatzen duen erronka aldarrikatzen du Iregik, baina esker txarreko kutxua izan dezakeela dela gaineratu du. "Ondo eginda dagoenean ez da nabaritzen". Aulki bat jarri du adibide bezala. "Jatetxe bateko aulkia erosoa bada, ez zara horretaz ohartuko; aldiz, ezerosoa bada, aisialdirako une hori izorratu diezazuke". Aulkiarekin adibidea jarraituta, erabileraz gain beste hainbat arlo kontuan hartu behar direla gaineratu du: erabilitako materialak, izango duen bizitza iraupena…
Zaramaga utzita, ia hamar urtez itxita egondako eraikinera mugitu ziren ikasleak 2019an
Hamaika arlora zabaltzen da diseinua, eta hamaika espezialitate ukitzen ditu: ingeniaritza, arkitektura… Betoñun diseinuko goi mailako arte irakaskuntzen bi gradutan zentratzen dira: Barne Diseinuan eta Diseinu Grafikoan. Bertan, graduaren arabera, historia, bilakaera edota baliabide teknikoak ikasteaz gain, materialetan jartzen dute arretan, akustikan, instalazio sanitarioetan, diseinu bioklimatikoetan, bolumenetan, koloreetan edota diseinuari aplikatutako zientzian. Gradu horiek lau ikasturteko iraupena dute, unibertsitateetako graduen baliokideak dira, eta euskaraz zein gaztelaniaz eskaintzen dituzte.
IDarteren eskaintza zabalagoa da, baina. Hiru Goi Mailako Hezkuntza Ziklo eskaintzen ditu, artearen adarrekoak: Animazioa, Argazkigintza eta Ilustrazioa. Lanbide Heziketako goi mailako zikloen baliokideak diren ikasketa horietan dauden baliabideak, teknika, narrazio eta gidoi egiturak, edota lan munduan aplikatzeko aukerak… Hiru ikasketak euskaraz eskaintzen dituzte, baita Ilustrazioa gaztelaniaz ere. Apirilaren 20an antolatutako ate irekietan horiek guztiak hobeto ezagutzeko aukera egongo da.
Bost urteko lurreratzea
2019tik Betoñuko komentuan kokatuta dago IDarte. 480 ikasle inguruk bizia ematen diote egunero Roberto Ercillak eta Miguel Angel Campok diseinatutako eraikineko espazioei. Gogorarazi behar da moja karmeldarren komentua zena 2010ean zaharberritu zutela, Krea Adierazpen Garaikidea aretoa sortzeko: sormena eta kultura garaikidea sustatzeko harribitxia. Proiektu hura hutsean geratu zen, baina, ia hamarkada baten buruan, erabilera publikoa izatea lortu du. Leku aldaketaren balorazio oso positiboa egiten du Estibaliz Iregik. Hala ere, gogorarazi du ez dela prozesu erraza izan.
Lehenik eta behin, Zaramagan zuten eraikinetik material guztia hartu, eta ia hamar urtez itxita egondako eraikin batera mugitu ziren 2019an. Instalazio guztiak berrikusi behar izan zituzten: iturriak, argindar sarea… "Zorionez nahiko ondo mantendu zen urte horietan". Horrez gain, arte eszeniko eta dantzarako prestatutako espazioa, IDarteren beharretara egokitu behar izan zuten. "Ispilu eta dantza egiteko heldulekuak zeuden, adibidez, eta guk ez genuen horren beharrik, wifi sare on bat baizik". Finkoak ziren altzariak egokitu behar izan zituzten, besteak beste, IDarteren lan egiteko modura egokitzeko, askotariko taldekatze malguekin.
Roberto Ercilla, KREA eraikina diseinatu zuen arkitektoa, duela hilabete zendu zen. Hala ere, IDarte martxan ikusteko aukera izan zuen, irudikatu zituen espazioak nola egokitu zituzten bertatik bertara bizitzeko. "Espazioei ematen genien erabilera ikusita, aipatu zuen espazioak ez zeudela horretarako diseinatuta, baina poztu zen bere lana bizitzaz beteta ikustean", aipatu du Estibaliz Iregik.
Eraikinera mugitu zazpi hilabetera Covid-19aren pandemiak behartutako itxialdia heldu zen. "Aurretik lan egiteko modua oso digitalizatuta genuen, eta horrek asko lagundu zigun, azkar lanean jartzeko". Garai hori, betiere ikasketen ikuspuntutik, goi mailako ziklo batzuetako ikasleentzat bereziki gogorra izan zela gogorarazi du IDarteko zuzendariak. "Argazkilaritzako ikasleek burua estutu zuten, ea etxean sartuta zer egin zezaketen: proiektu guztiak oso barnekoak ziren, eta gauza interesanteak izan ziren, egoerak behartutako sormen puntu batekin".
Etengabeko gaurkotzea
Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzak egungo gizartearen beharretara egokitzeko prozesuan ere arreta jarri du IDarteko zuzendariak. Batetik baliabideak daude: informatikoak, fisikoak… Horiek erabiltzen ikastea garrantzitsua dela azaldu du. Hala ere, beste arlo bat funtsezkoa dela zehaztu du: zergatik eta zertarako erabiltzen diren. Egunkari baten adibidea jarri du Iregik. Pantailak paperari gailendu zaizkion unetik diseinua goitik behera aldatu behar izan da. "Paperean ez da ezer mugitzen, baina digitalean dena mugitzen da; orduan, nola maketatu behar dugu?".
Barne diseinuan ere hamaika aukera berri egon daitezkeela gaineratu du Iregik. Garai batean zaharberritzeetan eta halako lanetan zentratzen zirela azaldu du, baina, gaur egun, beste hamaika aukera daudela gaineratu. "Zergatik ez dugu fokua agertoki birtualetan jarriko, eta horien diseinuan?". IDarten eskaintzen diren ikasketa guztietan hori gertatzen dela gaineratu du: argazkilaritza, ilustrazioa, animazioa… "Eskolan argazki laborategi txiki bat dugu, ikasleek errebelatzeko prozesu tradizionala ikus dezaten, baina gaur egun argazkilaritza digitala da guztiz".
Azkenik, ikasitakoa lan mundura eramateko ikuspuntuan ere arreta jartzen du IDartek. Hau da, trebetasun teknikoak ikasteaz gain, marrazten ikastea kasu, hortik bizitzeko bestelako gaitasun batzuk ere behar dira. "Egindako lana saldu behar da, erakutsi; horretarako azokak daude, baliabide digitalak, sare sozialak… asko aldatu da dena".
IDarte Betoñun egon arren, Gasteizko kanpoaldean, ikasleen lana hiri, probintzia eta erkidego osora zabaltzen da. Ikasketak mundu errealarekin neurtzeko proiektuak garatzen dituzte ikasturtero. "Eskola publiko bat garen heinean, uste dugu itzuli behar diogula gizarteari gizarteak ematen diguna", zehaztu du Iregik. Horietako batzuk oso agerikoak dira. Azkenetako bat erabilerarik ez zuten hamar telefono kabina berreskuratzea izan da, adibidez. Ehun ikaslek parte hartu dute proiektu horretan, eta hamar irakasle inguru. "Kanpoan emaitza ikusten da, baina pedagogikoki eta akademikoki oso interesantea da prozesua bera: koordinazioa, maketak sortzea, eskalak lantzea…".
Inguru errealarekin lotzeko proiektuak, ordea, asko izan dira azken urteetan. Diseinu Grafikoko ikasleak Arabako Txakolina Jatorrizko Izendapenarekin elkarlanean aritu, eta egindako sorkuntzekin erakusketa bat egin. Barne Diseinukoak belaunaldien arteko eco co-housing proiektu batean murgildu ziren, Arrasateko Udalak bultzatuta. Ilustrazioko ikasleek margotu dituzte hirian ikus daitezkeen hainbat mural, eta Argazkilaritzako ziklokoak Jose Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioarekin lankidetzan egon dira. "Lankidetza horiek oso naturalak dira: aitzakia bat behar dugu proiektu bat garatzeko, eta bidaideak topatzen saiatzen gara, lanari beste zentzu bat emateko", nabarmendu du Estibaliz Iregik.
IDarteren etorkizuna
Orainari eta etorkizunari egokitzeko lanean jarraitzen du IDartek. Hala ere, goi mailako eskolarentzat "garrantzitsua" den mugarri bat gerta daiteke datozen hilabeteetan. Izan ere, arautegi aldetik aspalditik lotutako korapiloa askatu daiteke uda aurretik. "70ko hamarkadan Arte Ederrak unibertsitatean sartu ziren, baina kontserbatorioek eta lanbide artistikoen barruan sailkatuta zeuden beste eskolek ez: diseinua, dantza…", azaldu du Iregik. 1990ean, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu orokorrerako Espainiako Legearekin, ikasketen baliokidetza bateratzera jo zen, baina gehiegi garatu gabe.
Labur azalduta, bi multzo handi daude goi mailako ikasketetan: Unibertsitatea eta Lanbide Heziketa. Horien artean goi mailako irakaskuntza artistikoak daude, non unibertsitateko graduen baliokideak den ikasketak eskaintzen dituzten, baita Lanbide Heziketako goi mailako zikloen beste batzuk. IDarteren multzo berean dauden beste bi goi mailako eskola daude, Gipuzkoan eta Bizkaian. Batetik, Donostian Musikene dago, Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegia. Bestetik, Deustun, Dantzerti Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskola dago.
Goi mailako hezkuntza esparruko korapilo hori argitzeko, Espainiako Kongresuak Goi Mailako Irakaskuntzen Legearen proiektua onartu, eta Senatura bidali zuen, duela bi hilabete. Bertan izapidetzen jarraituko dute, eta uda aurretik onartzea espero da. Bertan, besteak beste, ikasleentzako diru laguntzak arautuko dira, unibertsitateetako ikasleen laguntzekin parekatzeko.
Araudi horrez gain, etorkizunean zabaldu dezakeen beste ate bat du IDartek: eskaintza zabaltzea. Diseinu ikasketen barruan lau espezialitate daude, eta gaur egun bi baino ez dituzte eskaintzen: Diseinu Grafikoa eta Barne diseinua. Horiez gain, Moda eta Produktua ere eskaini ditzake. Horretarako, baina, araudia garatu beharko litzateke, eta, Estibaliz Iregik berak azaldu bezala, "ez da egun batetik bestera egiten den zerbait". Hori erabaki bitartean, Euskadiko Arte eta Diseinu Goi Mailako Eskolak sustraitzen jarraituko du Betoñuko komentu zaharrean.