Asteazken goizean paratuko dute Ardanzaren hil kapera Ajuriaenean

Erredakzioa 2024ko api. 9a, 11:07

Dolumin mezu andana eragin ditu lehendakariaren heriotzak. Argazkia: EBB

Jaurlaritzak hiru dolu egun ezarri ditu lehendakariaren heriotzagatik. Dolumin mezuak ugaritu dira azken orduetan.

Atzo zendu zen Jose Antonio Ardanza lehendakariaren hil kapera asteazken goizean jarriko dute Ajuriaenean, 10:00etatik 14:00ak arte. Ondoren, gorpua Elorriora eramango dute, bertan egingo baitiote azken agurra emateko hileta elizkizuna. Atzodanik bertatik, Eusko Jaurlaritzak hiru dolu egun ezarri ditu Ardanzaren heriotza dela eta. 

Iñigo Urkullu egungo lehendakariak adierazpen instituzionala egin du gaur goizean. Bertan, Ardanzak bere jardunean azaldu duen "konpromisoa" azpimarratu du. Modu berean, hiru ekarpen nabarmendu ditu: EAEren "berreskurapen ekonomikoa" bultzatzeko egindako ahalegina, "bakearen eta bizikidetzaren" aldeko lana, eta "ezberdintasunen gainetik batzeko zuen gaitasuna".

Esperokoa zen bezala, lehendakariaren heriotzak dolumin mezu andana eragin ditu. Urkulluk ez ezik, Juan Jose Ibarretxe eta Patxi Lopez lehendakariek ere mezuak plazaratu dituzte. Ibarretxeren hitzetan, "gure herriaren zati bat" joan da Ardanzarekin batera, baina, halere, "berak egindakoarekin, beste zati handi bat betiko" geratuko dela idatzi du. Lopezek garaiko jardun politikoan jarri du arreta, eta adierazi du Ardanzak ulertu zuela "demokrata guztien batasunaren" garrantzia "indarkeria eta terrorismoa" borrokatzeko.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia "hunkituta eta triste" azaldu da albistearen berri izan bezain pronto. "Euskadiren zerbitzura beti egon den konprometitu, zintzo eta une oso gogorretan herria gidatzen jakin zuen pertsonak utzi gaitu", idatzi du. Gonzalezek gaineratu du Ardanzak "aztarna ordainezina" utzi duela euskal politikan eta gizartean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago