Juan Celaya fundazioaren bildumaren balioa %69 handitu zen urtebetean

Erredakzioa 2024ko api. 5a, 14:28
Valentziako tasatzaile batek egin zuen lanen balorazioa. Argazkia: ALEA

Ogasunarekin zor bat kitatzeko erabili den arte bildumari egindako tasazioari buruzko azalpenak eskatu dizkio EH Bilduk diputazioari. "Alde bateko" tasazioa izan dela dio alderdiak.

Urtebetean Juan Celaya fundazioak Arabako Foru Aldundiari lagatako arte bildumaren balioa %68,97 handitu izanaren arrazoia azaldu dezala eskatu dio EH Bilduk foru gobernuari. Orain jakin denez, norbanako batek erabili du bilduma hori foru ogasunarekin duen zorra kitatzeko. 

EH Bilduk ohar batean adierazi duenez, 2018an aldundiak 2,3 milioi euroko balioa zuten 45 koadro zituen gordeta, Celaya fundaziorekin sinatutako lagapen akordio bari esker. Urtebete geroago, Francisco Andreu Perez arte tasatzaileak egindako balorazioak koadro horien balioa handitu zuen, 3,9 milioi eurora igota. 

"Kasualitatez, zorduna 4.320.000 euroraino iritsi zen, 379.020 euroren balioko koadro berriak eman ondoren", azaldu du alderdiak. "Beraz, aldundiaren eta fundazioaren arteko 2018ko lagapen kontratuan soilik zeuden obrei erreparatuz gero, koadro horiek 3.959.200 euroko balioa dute, eta aldundiarentzat 2018an egindako tasazioan, berriz, 2.343.000 eurokoa. Horrek esan nahi du %68,97 hazi zela urte batetik bestera", esan du Gorka Ortiz de Guinea batzarkideak.

Hainbat lanetan hazkunde "bereziki deigarria" izan dela dio Ortiz de Guineak. Besteak beste, Tauromaquia (25.000 eurotik 550.000 eurora), Caprichos (100.000 - 480.000) eta Proverbios, (30.000 - 370.000). Alderdiak dio hainbat aditurekin kontsultatu duela bilakaera hori, eta ez dagoela "justifikatuta".

Tasazioari berari buruz ere galdetu diote aldundiari. Izan ere, orain jasotako erantzunaren arabera, diputazioan ez dute "tasazio-aurrekonturik, ez prozeduraren deskribapenik, ez txostenen kopiarik, ez kontraturik, ez ebazpenik, ezta fakturarik ere, tasazioa obrak entregatzen dituen erakundeak berak kontratatu eta ordaindu baitzuen". Hori dela eta, EH Bildu sinetsita dago "alde bateko tasazioa" dela, eta ez aldundiak kudeatutakoa.

Batzar Nagusietan iturri irekiko sarbidean oinarrituta, ALEAk azken tasazio horren azkeneko zatia eskuratu ahal izan du, bilduman diren artelanak eta zenbatespenak jasota daudelarik. 

TASAZIOA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide