Ogasuneko zor bat artelanen bitartez kitatzeko operazioa argitzeko eskatu du EH Bilduk

Erredakzioa 2024ko api. 3a, 09:22
Artetaren 'Tríptico de la Guerra' obra. @lantxabe

"Kapital handi bati zor nabarmen bat barkatzeko ad hoc egindako operazio bat dirudi", esan du EH Bilduko batzarkide taldeak.

Hedabide batek asteartean argitaratu duenez, zergadun batek Arabako Diputazioaren Ogasunarekin zuen 4,3 milioi euroko zorra hainbat artelanekin ordaindu du. Operazio hori dela eta, EH Bilduk zalantzak azaldu ditu diputazioak "zergak kobratzean arabar guztiekin berdin jokatu ote duen" . Halaber, foru aldundiaren aldetik "obskurantismoa" egon dela salatu du.

Pertsona fisiko bakar batek egindako gauzazko ordainketa hori 85 artelani dagokie, eta horien artean nabarmentzekoak dira Francisco de Goyaren grabatu sail nagusien jatorrizko kopien lau bilduma osoak (Los desastres de la guerra, Tauromaquia, Caprichos eta Los proverbios edo Los disparates), Ignacio Diaz de Olanoren hainbat lan eta Aurelio Artetaren Gerra Zibileko triptiko historikoaren hiru zatiak (El frente, El éxodo eta La retaguardia)

Auzia argitzeko, EH Bilduko batzarkide taldeak idatziz erantzuteko galderak erregistratu ditu Batzar Nagusietan. "Halako operazio bat salbuespenezkoa izan behar da, eta zorra dirutan kitatzeko bide guztiak agortuta daudela egiaztatu behar da halako erabaki bat hartu aurretik", esan dute. "Kapital handi bati zor nabarmen bat barkatzeko ad hoc egindako operazio bat dirudi. Espero dugu halakorik ez izatea", adierazi dute.

EH Bilduk azaldu duenez, irailetik ari da gaia jorratzen, hainbat ekimenen bitartez. Azken hilabeteetan egindako informazio eskaeren artean, 2018an egindako tasazio bat dago, Apellaniz galeriak egindakoa, 2,3 milioi eurokoa. Aurrekontu horrekin, Juan Celaya Fundazioak artelanen bildumaren lagapena egin zion Arabako Arte Ederren Museoari, 2018-2022 bitarterako. Gerora, bilduma beraren beste tasazio baten berri izan zuen EH Bilduk, 2019an egindakoa, baina kasu honetan 4,3 milioi eurokoa da, hau da, kitatu den zorraren balio berekoa. "EH Bilduk bi tasazio horien arteko aldeari buruzko informazio xeheagoa jaso nahi du, eta horregatik eskatu du Ogasuneko eta Kulturako diputatuen agerraldiak, azalpenak eman ditzaten".

Azken hilabeteetan egin dituen informazio eskaera horien guztien aurrean, foru aldundiaren aldetik egon den "obskurantismoa" salatu du batzarkide taldeak; "izan ere, galderak egin bai, baina erantzunik ere ez dugu jaso zenbaitetan, Arabako Batzar Nagusietako Mahaiari babes-eskaera egin behar izateraino", argitu dute.

Halaber, EH Bilduk beste zalantza batzuk ere planteatu ditu: "Kontuan hartuta zorrak pertsona fisikoek eragiten dituztela, nola da posible artelanen jabea Juan Celaya Fundazioa izatetik zordun partikular baten izenean egotera pasatzea, lagapen- hitzarmen bat tartean egonda?". Areago, talde abertzaleak ere jakin nahi du halako aldaketa bat lagapen-akordioaren jarraipen-batzordetik pasa den edo ez.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide