AITOR ZERAIN

"Adrenalina pizten dizun herrialde horietako bat da Peru"

Juanma Gallego 2024ko api. 6a, 06:00
Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

20 urte zituela joan zen aurrenekoz Perura, eta ordudanik herrialde horrekiko lilura handia garatu du Aitor Zerainek. Hainbat aldiz bueltatu da bertara, eta herrialdean grabatutako materialekin dokumentalak editatzen ari da denbora librean. 

Unibertsitatearen azken urtea Perun ikasi izanak herrialdearekiko lotura indartsua sortu dio Aitor Zerain (Agurain, 1997) baso ingeniari eta abenturazaleari. Geroztik hainbat aldiz bueltatu da Perura, eta bertan bizi izandako errealitateari buruzko dokumentalak prestatzeari ekin dio. Gaur egun, baso ingeniari gisa lan egiten du Bizkaiko Foru Aldundian, baina aitortu du behin Peruko errealitatea ikusita, hemengo bizitza "aspergarria" egiten zaiola.

Gaur egun ohikoena da Italian Erasmus erraz horietako bat egitea; baina zuk, hori beharrean, nora eta Perura joatea erabaki zenuen. Zergatik?

Ni beti oso abenturazalea izan naiz. Une horretan Leonen ikasten ari nintzen, eta bertako giroa ere nahiko txukuna zen, mendizale asko zeudelako bertan. Bada, Txilen egondako mutil batek animatu ninduen azken urtea Perun egitera, eta abentura bilatzea beti gustatu izan zaidanez, lagun minetako bat eta biok Perura joan ginen.

Guk hemen taberna batean edo etxean urtebetetzea ospatzen, eta zuk... sumendi batean. 

Hala izan zen, bai. 21. urtebetetzea Misti mendian ospatu nuen lagunekin, 5.800 metro baino gehiagoko mendi tontor batean. Hain gazte izanda, horrelako aukerak izatean askatasun sentimendu bat ematen duzu; antzinako esploratzaile bat bezala sentitzen nintzen.

Humboldt bat bezala…

Horixe bere aipatu behar nizun: Alexander von Humboldt bezala. Tira, Peruk zein inguruko herrialde askok horretarako aukera ematen dute. Bai nire lehen aldian zein bueltatu izan naizen aldi guztietan nire irudipena izan da beste planeta batera bidaiatzen ari naizela, guztiz desberdina delako. Hegazkinetik atera, Limara iritsi, eta dena guztiz bestelakoa iruditzen zaizu. Oihanean gertatzen den modu berean, hirian ere beste ekosistema bat dago. Adibidez, Gasteiz nahiko hiri lasaia da; bertan minutu batean 30 gauza gertatzen baldin badira, Liman 300 gauza gertatuko dira. Aireportutik atera ostean taxian sartu bezain pronto konturatzen zara horretaz. Ikusten dituzu alde batean lagun batzuk parrilla batean daudela, beste aldean txakur bat hilda, autoren batek harrapatuta; beste batzuk loterian jokatzen, eta beste bati lapurtu egin diote… oihanean gertatzen den bezala, bioaniztasun bat dago hirian ere.


"EGOERA ALDATZEN ARI DA, ETA BATEZ ERE EKIALDEKO EUROPATIK MAFIA ASKO SARTZEN ARI DIRA"

Roge Blascok egin zizun elkarrizketa batean entzun nuen zama itsasontzi batean ere Amazonasen ibili zinela, ezta? 

Bai. Lagunas izeneko herri batean nengoen, eta Iquitosera joan nahi nuen, oihaneko hiri handienetako batera. Esaten dute isolatuen dagoen munduko hiri handiena dela, bakarrik erreka bidez edo airez iritsi daitekeelako Iquitosera. Bada, aukera izan nuen hiru egunez zama itsasontzi batean joateko; hirian ez dauden materialak eramaten dituzte itsasontzi hauek, eta, horrela, bidaia egin nuen, hamaka baten gainean. Bakarrik egin nuen bidaia, egoera oso prekarioan; baina, prekariotasun horren truke, bidaiatzen nuen bitartean oihana ikusteko aukera izan nuen; besteak beste, izurde arrosak bezalako animaliak. Egia esanda, beti gustatu izan zait horrela bidaiatzea: askotan motxila bakar batekin eta matxete batekin. Kanpin denda eramaten nuen ere, eta gauak harrapatzen ninduenean, denda jartzen nuen. Herri askotan, txaluparen batean lo egin dut, edo kobazuloren batean. 

Niri zaila egiten zait hemen gaua kanpoan ematea, furgoneta baten barruan ere. Ez zenuen beldurrik? 

Tira, lekuak eta lekuak daude. Oraindik asko ezagutzen ez duzunean, seguru aski, arduragabekeria edo zorakeria gehiago egiten dituzu. Baina normalean herrietan nahiko lasai lo egiten da. Perun badira oso lasaiak diren lekuak, baina bailara batzuetan, kokaina maneiatzen duten tokietan, tentu handiz ibili beharra dago. Pena da, hor narkoa borrokatu beharrean, gero eta gehiago zabaltzen ari delako. 1980ko hamarkadan Medellingo kartela eta horrelakoak zeuden. Orain egoera aldatzen ari da, eta azken urteotan batez ere Ekialdeko Europatik mafia asko sartzen ari dira. Baita Brasildik ere. Hor bi bide daude: Brasildik Kolonbiara eta Brasildik Mexikora, azken honetatik joaten baita gero AEBetara. Bestela, kokaina Europara eramateko ere, Callaoko portua erabiltzen ari dira, eta milaka tona ateratzen dira bertatik. 

Argazkia: AITOR ZERAIN

Eta oihana bera ez al da arriskutsua? 

Beno, hasieran esperientzia gutxi duzunean zorakeriak egiten dituzu. Behin, Ekuadorren nintzela, denda jartzean eskorpioi batek ziztatu egin zidan. Halako egoera batean natura ezagutzea edo ikuspegi zientifiko bat izatea lagungarria izan daiteke. Ezaguna da Enrico Fermi zientzialariak bazuela metodo azkar bat kalkulatzeko Chicagon zenbat piano afinatzaile zeuden. Logika aplikatuz estimazio bat egiten zuen. Bada, nik antzeko zerbait egin nuen. Munduan 25 bat eskorpioi espezie hilgarri izango dira, eta gehienak Australian daude. Beraz, oso zorte txarra izan behar nuen niri horietako batek ziztada egiteko.

Kafe soroetan ere egon zinen. Nolakoa da lanbide horren egoera? 

Bertako lagun min baten familia kafe ekoizlea zen, eta haren etxera gonbidatu ninduten, bertako sistemak ezagutzeko. Hor bestelako sistema agroforestalak sortzen ari dira. Sortu dezakezu sistema bat kafearekin, eta gorago zuhaitzak jarri, edo kakaoarekin jokatu ere. Espainian gaztainondoekin ere egiten zen, baina Perun aukerak handiagoak dira, bioaniztasun handiagoa dutelako. Hor bilakaera ematen ari da gutxinaka; azken urteotan iparraldeko potentziak ziren produktua oso prezio baxuetan erosten zutenak, eta gero eraldatzen zutenak. Baina azken urteotan Perun asko inbertitzen ari dira, bertako familiek ekoizpen osoa egiteko. 

Itsuek Liman dituzten arazoen inguruko bideo bati esker izan genuen zure berri. Youtuben ikus daiteke bideo hori. Nola abiatu zen horrelako ekoizpen bat egiteko ideia? 

Unibertsitatera joateko Liman erabiltzen den combi horietako batean gindoazen. Horiek dira garraio mota arruntena hirian mugitzeko: norbanako batek hartzen du bere furgoneta, eta jendea eramateko erabiltzen du. Badira formalagoak direnak ere, baina normalean informaltasun handia dago garraio mota horretan. Bada, egun horretan ikusi nuen itsu bat jaisten halako combi batetik, eta atentzioa eman zidan. Pentsa, horren kaotikoa den testuinguru batean ikusmena genuenei ere oso zaila egiten zitzaigula mugitzea. Egia esan, ez nuen ulertzen pertsona itsu hori nola zen gai horrelako garraio batean mugitzeko. Erreportaje honen helburu nagusia zen erakustea nola den itsu den pertsona baten bizitza Liman; zer nolako zailtasunak dituzten egunerokotasunean bizitza aurrera eramateko. Baina Perun nengoela beste hainbat gaik ere atentzioa eman zidaten. Horregatik, bertara egindako azken bidaian ingurune aldetik edo arlo sozialetik arreta ematen zidaten gaiak jorratu nahi izan nituen.

Eta halako gehiago ekoizteko asmorik al duzu?

Bai, bi hilabetean hamabost bat erreportaje inguru grabatzeko materiala grabatu nuen. Arazoa da nik egin behar dudala dena: irudiak hartu, gidoiak idatzi, pertsonekin kontaktuan jarri… Ni mundu horretan ez naiz inoiz ibili, baina argi daukat youtuber askok egiten dituzten oso azalezko bideo horiek ez ditudala egin nahi. Aldiz, arazo horiek ahalik eta modu txukunean jaso nahi ditut, bertako lagunekin gaia jorratuz. Gai hauetako asko, gainera, nahiko sentikorrak dira, eta hilabete askotako lana eskatzen dute ezinbestean.

Zer egoeran daude lan horiek?

Orain lanarekin estu nabil, egunero Bilbora joan behar dudalako, eta beste hainbat gauzatan sartuta nagoelako, gainera. Finean, egunerokotasunak jaten zaitu, baina bi erreportaje argitaratzeko prest nago. Eta ez soilik orain arte egin dudan lan guztiagatik; baita lan hauetan parte hartu duten pertsona horiengatik guztiengatik ere, merezi dutelako beren arazoak ezagutaraztea.

Zeintzuk izango dira dokumentaletan jorratuko dituzun hurrengo gaiak? 

Horietako bat Peruko basamortuan dagoen zabortegi bati buruzkoa izango da; herrialdeko handiena da. Reque zabortegian urte askoz kontrolik gabe zaborra bota dute. Perun informaltasun handia dago, eta inolako bermerik gabe lan egiten dute askok. Orain arte zabortegian ibili dira birziklatzaileak deitu izan direnak, zabor artean gauzak bilatzen gero horiek saldu ahal izateko. Dokumentalean saiatu naiz beren bizitzak nolakoak diren jasotzen, eta zein arazo dituzten islatzen. Aurreko urtean zabortegia itxi zuten, baina badira hainbat lagun bertan sartzen direnak; azken finean, beren bizimodua baita hori. Pena da, politikarien artean ez dagoelako inolako ideiarik egoera hori aldatzeko. Bestetik, oihanean dauden sekta batzuen inguruko bat prestatzen ari naiz. Basoa mozten ari dira, beren laboreak sartzeko… 

"EZ NUEN ULERTZEN PERTSONA ITSU HORI NOLA ZEN GAI HORRELAKO GARRAIO BATEAN MUGITZEKO"

Kanpotik ikusita, oihanaren inguruko eremu horiek 'far west' bat bezala irudikatzen ditut...

Hala da. Sekta horretakoak menonitak dira. Batez ere Bolivia eta Uruguaitik etorri ziren. Jatorriz Europa erdialdekoak eta Errusiatik etorritakoak dira. Hori guztia zinez oso kontu anakronikoa iruditu zitzaidan. Oso komunitate itxiak dira. Beraiek teknologiari uko egiten diote, eta kameren aurrean agertzeko eskatuta beti ezetz esan dute, edo traba asko jartzen dituzte. Nik lortu nuen inoiz grabatu izan ez den komunitate batean grabatzea. Oso gauza zoroa izan zen. Mototaxi batean iritsi nintzen —Thailandian erabiltzen diren tuk tuk horietako baten antzeko batean—, eta oso deigarria izan zen, igande batean iritsi nintzelako, eta haiek ospakizun batean ari zirelako. Iritsi nintzen unean denak bilduta zeuden, abesten. Hurbiltzen nintzen bitartean haiek abesten jarraitzen zuten, eta orduan oihanetik jendea ateratzen hasi zen, 1900. urtean bezala jantzita, gizonezkoak eta emakumezkoak, nork bere aldetik. Gogora etorri zitzaidan espainolak Ameriketara iritsi zirenekoa.

"MENONITEK TEKNOLOGIARI UKO EGITEN DIOTE, ETA KAMEREN AURREAN BETI EZETZ ESAN DUTE"

Zure aurpegiagatik, haien antza izan zenezakeen. 

Ez al zizuten eskatu haiekin geratzeko? Ez, oso itxiak direlako. Teknologiari uko egiten badiote ere, bere artean munduan zehar nahiko ondo komunikatuta daude bata bestearekin. Oso egituratuta daude, eta oso argi dakite nor den menonita eta nor ez. Orduan, ilehoria edo ilegorria izate soilak ez dizu balio. Peru erdialdeko oihanean badira austroalemaniarrez osatutako kolonia batzuk, aurretik hara joan zirenak, duela bi mende inguru. Horiek zuriak eta begi-urdindunak izan arren, bertako bizimodura egokitu dira, eta beste bizimodu bat egiten dute. Ez dira sekta itxi bat. Baina ni joan nintzenekoa, berriz, oso itxia zen.

Erabat harrigarria da kontatzen didazun hau guztia! 

Bai. Lagunekin behin baino gehiagotan hitz egin dudan kontua izan da: halako herrialde batean ezin zaitezke inoiz aspertu. Nik orain hemen lan on bat daukat, baina, egia esan, asko aspertzen naiz, hangoarekin konparatuz, hemengo bizimodua oso aspergarria delako. Perun, berriz, zoriontsua naiz. Andeetara joateko aukera duzu, mendiak eskalatzeko, oihanean sartzeko… eta horrek guztiak adrenalina pizten dizu. 

Behin 'droga gogor' hori dastatua, hemengoa… 

Egia da hemen ere arazo asko ditugula, prekarietatea badagoela, baina hango errealitatea beste kontu bat da. Liman bertan puntu bateraino sentitzen duzu hori, baina gainerako herrialdera ateratzen zarenean, kontua biderkatzen da. Batez ere herrialdearekin harreman bat eraikitzen duzunean, jendea ezagutzen duzunean… horrek guztiak herriarekiko sentimendu bat pizten dizu. Politikoki ezegonkortasun handia dago, interes joko asko daude, kriminalitatea asko handitzen ari da, eta multinazionalen jarduna aldatzen ari da ere. Adibidez, konpainia anglosaxoiak sartzen ziren, baina orain batez ere Txinako enpresak sartzen ari dira. Eta hor ere badago zuk diozun far west giro hori, adrenalina pizten dizuna.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide