Lehen sektorea laguntzeko neurri fiskalak luzatu ditu Arabak

Erredakzioa 2024ko mar. 26a, 08:00

Jaurlaritza aurrean egindako traktore martxa. Argazkia: ALEA

"Salbuespenezko" neurri gisa iragarri ditu neurriok Ramiro Gonzalezek, nekazariek bizi duten egoeraren aurrean.

Justifikatzen zailak diren gastuen %70eko kenketa, forfait izenez ezagutzen dena, luzatu egingo du Arabako Aldundiak lehen sektorerako. "Salbuespenezko egoera honetan, erabaki dugu justifikazio zaileko gastuengatiko %70eko kenkaria ezartzeko neurria aplikatzen jarraitzea 2024ko ekitaldirako, hau da, 2025ean aurkeztuko den errenta aitorpenerako", azaldu du Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak. Zehaztu du, halaber, zerga malgutasuneko neurri fiskalak bultzatuko direla Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) 2023ko diru sarreretan, lehen sektorea arintzeko, eta ez zigortzeko laguntza horiek berandu ordaintzen direlako.

Neurri hori aktibatzeak NPEtik jasotako diru sarrerak hainbat urtetan aplikatzea dakar, etekin ekonomikoak konpentsatzeko eta orekatzeko aukera ematen baitu, azaldu duenez. Hala, 2024an 23. ekitaldiko NPEko laguntzak jasotzen dituzten zergadunek aukera izango dute PFEZean 2023ko edo 2024ko zergaldietan jasotako zenbateko horiek guztiak aplikatzeko. Horrela, etekinak konpentsatu eta banatu ahal izango dira zerga oinarria zigortu gabe, bi nekazaritza kanpainatako etekinak ekitaldi fiskal berean pilatu ez daitezen. Malgutze horri esker, "tributazioa homogeneoagoa eta onuragarriagoa" da lehen sektorearentzat.

Abian jarritako beste ekintza batzuei dagokienez, Arabako agintariak nabarmendu du berehala sartuko direla hainbat proposamen aurten onetsitako foru laguntzen deialdietan. Zehazki, honako hauek aipatu ditu: goranzko inbertsio planaren moduluak berrikustea kasu jakin batzuetan; gazteak sektorean sartzeko plana indartzea belaunaldi erreleboa bermatzeko, azken deialdian baino 100.000 euro gehiagorekin; nekazaritza eta ingurumeneko laguntza planeko gehieneko mugak eguneratzea, ustiategi horietara bideratutako laguntza 200.000 euro baino gehiago handitzea dakarrena; eta aziendari otsoak eta basa faunak egindako erasoengatiko kalte ordainen dekretua eguneratzea.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago