Nekazari eta abeltzainen haserrea plazan

Erredakzioa 2024ko mar. 25a, 12:50

Probintzia plazan amaitu dituzte mobilizazioak. Argazkia: Araba Bizirik

Haurren traktore txikiek bete dute nekazarien aldeko azkeneko mobilizazioa.

Aste osoan zehar izan diren protestei amaiera eman diote larunbatean Gasteiz erdigunean egindako manifestazioarekin. Landa eremuko herritarren "ezinegona" plazara atera dute, traktore txikiekin betetako ekinaldian. "Anabasa merkantilista honen erdian, oraindik nekazaritzan eta abeltzaintzan dihardugunok gure jarduera arriskuan ikusten ari gara", salatu du Lurrarren Defentsan Herriak Bizirik sareak Probintzia plazan eginiko amaiera elkarretaratzean.

Sareko kideen esanetan –UAGA, Araba Bizirik, Bionekazaritza, Trebiñu eta Araba landaren alde–, trantsizio elektriko industrialaren hedapenak Arabako eremu naturalen eta laborantza lurren "okupazio intentsiboa" ekarriko luke, lurrak "merkantzia huts" bihurtuko lituzke, eta haien eskuragarritasuna eta etorkizuneko jarduera baldintzatuko luke. "Agerian utzi nahi dugu dinamika horrek talka egiten duela landa-eremuetan bizi garenokin, baina alertan jarri beharko lituzke lurraldean bizi diren pertsona guztiak ere".

Txikienak batu dira abeltzain eta nekazarien protestara. Argazkia: Araba Bizirik

Euren esanetan, halaber, "megaproiektuen hedapena" lurraldea antolatzeko eta planifikatzeko ezinbesteko tresnen estaldura juridikorik gabe egiten ari dira, "eta soilik kapitalismo estraktibistaren berezko irrika industrializatzaile eta pribatizatzaileari erantzunez". Esan dutenez, energia enpresek berek erabakitzen dute non kokatu horiek, ingurumen, lurralde-plangintza edo landa-bizitzaren gaineko eraginagatik "inolako mugarik jarri gabe". Ildo horretan, besteak beste, Labrazako eta Azazetako zentral eolikoen kasuak gogoratu dituzte: "Oso aurreratuak dituzte izapideak, baina ez dira kontuan hartu ukitutako lurren jabe diren kontzejuen erabakiak, eta ez da kontuan hartu ingurumenaren arloko legeria, ez lurraldearen antolamenduari buruzko legeria ere".

Arabako Foru Aldundiak zein Eusko Jaurlaritzak "babestu eta sustatu duten eredu hau" salatu dute mobilizazioetan parte hartu duten taldeek, eta herriak eta haien komunitateak "itotzen" ari direla gogoratu. "Horregatik, elkartu eta bizitzari eusten dion lurraren alde altxatzen gara. Borrokarik gabe ez dago lurralderik, eta lurralderik gabe ez dago borrokarik".

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago