Familia Nekazaritza: gure planetaren iraunkortasuna lemapean VIII. Mundu Konferentzia egin dute Gasteizen, joan den astelehenean hasita. Gaurko amaiera ekitaldira, besteak beste, Luis Planas Espainiako Gobernuko Nekazaritza ministroa eta Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria gonbidatu dituzte, eta hori aprobetxatu dute Treviño y Alava por el Campo elkarteko nekazariek eta abeltzainek protesta bertara eramateko.
Arabako, Errioxako eta Burgosko ehun traktore eta hirurehun nekazari inguru bildu dira goizeko lehen ordutik Gasteiz Etorbideko eraikinaren atarian, lehen sektoreak bizi duen egoeraren aurrean neurriak eskatzeko. Nekazaritza ministroa iritsi den momentuan, tentsio uneak bizi izan dira; Ertzaintzak kontzentrazioan zeudenen kontra kargatu du; eta gizonezko bat eta emakumezko bat atxilotu ditu. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak aditzera eman duenez, agintaritza-agenteen aurkako atentatua, erresistentzia eta mehatxuak egotzi dizkiete.
Istiluen ostean, kontzentrazioan bildutakoek agiri bat irakurri dute haien aldarrikapenekin, eta elkarteko bi ordezkarik manifestu bat eman diote lehendakariari Europa jauregiaren barruan.