2024ko Arabako Bertsolari Txapelketa

Aroa Arrizubietak jantzi du txapela Arabako Bertsolari Txapelketaren finalean

Erredakzioa 2024ko mar. 16a, 22:15

Aroa Arrizubieta txapelduna, azken agurrean. ALEA

614,5 punturekin, Aroa Arrizubieta gasteiztarrak irabazi du aurtengo Arabako Bertsolari Txapelketa, finaleko buruz burukoan Manex Agirrerekin aritu ostean.

Larunbat honetan Principal antzokian jokatu dute Arabako Bertsolari Txapelketaren XVI. edizioaren finala. Manex Agirre, Paula Amilburu, Peru Abarrategi, Asier Otamendi, Iñaki Viñaspreren eta Aroa Arrizubieta izan dira oholtzan, eta denetan gazteena gailendu da azkenik. 700 bat lagun hurbildu dira antzokira, finalaz gozatzeko.

Bigarren finala izan da gaurkoa Arrizubietarentzat (2019an aritu zen lehendabizikoz). Buruz burukora Manex Agirrerekin batera iritsi da, eta puntu bakarreko aldearekin nagusitu da gasteiztarra. 613,5 puntu bildu ostean, Agirrek hau bere azken txapelketa izan dela esan du. Paula Amilburu izan da hirugarrena (415 puntu); Peru Abarrategi, laugarren (412,5); Asier Otamendi, bosgarren (410,5); eta Iñaki Viñaspre, seigarren (381,5).

2022an Peru Abarrategik lortutako txapela Aroa Arrizubietaren burura pasa da, Xabi Ricoren eskutik. Arabako Bertsozale Elkarteak lurraldeko bertsozaletasunari eman dion guztia eskertu nahi izan dio modu honetan Ricori. Bertsolari, irakasle, epaile, gai jartzaile eta antolatzaile moduan aritu izan da azken hamarkadetan Xabi Rico, eta 1984an Arabako lehen Txapelketan partu hartu zuenetako bat izan zen.

 

Nieves Del Alamo izan da finalaren aurkezlea, eta Oier Suarez gai-jartzaile gisa aritu da. Finaleko epaimahaia bost lagunek osatu dute: Fernando Sopelana, Aitor Jimenez, Ekaitz Elorriaga, Iker Elexpuru eta Patxi Aizpurua. Idazkari lanetan, berriz, Endika Jimenez aritu da. 

Txapeldunaren azken agurra

Txapela jantzita, honako agurra bota du Aroa Arrizubietak, besteak beste Mugimendu Sozialistaren parte-hartze eskubidea aldarrikatuz:

Promesa haundiz ahoak betez
ari dira bonbak lehertzen
eskubideak murrizten eta
jendea etxegabetzen
nola nahi dute honen aurrean
geldi geratu gaitezen
nahiz ta betatzen ari zaizkigun
berdin Bilbon zein Gasteizen
sinisten dugun honetan irmo
dihardugu GKSn
politiko ta enpresen
aurrean altxatuz ezen
egungo gazte belaunaldien
zeregina ez ote zen
borrokatzea bihar gaur baino
hobeto bizi gaitezen.

ARGAZKI GALERIA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago