Euskalmet Euskal Meteorologia Agentzia Euskalmet S.A. izango da hemendik aurrera, Eusko Jaurlaritzak erabaki duelako agentziaren izaera juridikoa aldatzea, sozietate anonimo publiko bihurtuz.
Jaurlaritzaren arabera, forma juridiko berriak ez die eragingo haren funtzioei edo langileei, plantilla osoa sozietate berrian txertatuko baita, eta Jose Antonio Aranda egungo zuzendariak funtzio berdinetan jarraituko duelako.
Euskalmeteko iturriek ALEAri esan diotenez, gauzak "bere horretan" mantenduko dira, eta lan egoitza nagusia Arabako Parke Teknologikoan izango dute.
"Jaurlaritzak uste du tresna eta baliabide propioak behar dituela euskal meteorologiaren zaintza egiteko", esan du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, erabakiaren berri ematean.