Ikasturteko hirugarren greba eguna sektore publikoan

Erredakzioa 2024ko mar. 12a, 12:40

Hauteskunde autonomikoen atarian, lan baldintzak "hemen" adostea eskatzeko grebara deituta daude EAEko zerbitzu publikoetako 150.000 langile inguru. Sindikatuek "jarraipen zabala" nabarmendu dute.

Argazkiak: LAB eta ELA sindikatuak

Udazkenean, urriaren 25ean eta abenduaren 19an, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore publikoan deitutako bi greba egunen ostean, %80tik gorako ordezkaritza duten LAB, ELA, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuek beste greba egun bat antolatu dute gaur, martxoaren 12an.

Guztira, hiru lurraldeetako 150.000 langile publiko inguru daude grebara deituta, eta, sindikatuek "jarraipen zabala" nabarmendu dute lanuztearen lehenengo orduetan. Langileen ordezkarien arabera, grebaren eragina bereziki handia izaten ari da, besteak beste, hezkuntza publikoan, EITBn —soilik albistegiak— eta garraio publikoan —%30eko gutxieneko zerbitzuak—. Bestalde, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren bulegoetan ere langile askok bat egin dute protestekin. Osakidetzan, ohikoa denez, %100eko gutxieneko zerbitzuek erabat baldintzatuko dute lanuztearen eragina.

Lehen orduetako piketeen ostean, sektore publikoko langileek manifestazioak egingo dituzte hiru hiriburuetan, 11:30etik aurrera. Gasteizko mobilizazioa ordu horretan abiatu da Bilbo plazatik, eta milaka pertsona bildu dira; Andre Maria Zuriaren plazan amaitu da.

Zergatik greba?

"Mobilizazioekin jarraitzea beste aukerarik ez dugu sektore publikoko lan baldintzak eta zerbitzua benetan hobetzeko", ohartarazi zuten sindikatuek greba deialdiaren aurkezpenean, otsailean, aldundiei eta Eusko Jaurlaritzari "lan baldintzak hemen negoziatzeko borondate politikorik ez" izatea leporatuz.

"Diru bilketetan errekorra eta aurrekontuetan superabita dutenean, langileen behin-behinekotasunak muga historikoa gainditu du (%44, 65.000 langile baino gehiago), eta erosahalmenaren galera %8tik gorakoa izan da azken bi urteetan", kritikatu dute. "Sektore pribatuan, mobilizazioari esker, sektoreko hitzarmen batzuetan KPItik gorako soldata igoerak lortzen ari dira. Sektore publikoan, berriz, Madrilek batutari eusten segitzen du euskal erakunde eta alderdi politikoen adostasunarekin".

Sindikatuen ustez, EAJren eta PSOEren arteko inbestidura akordioaren ostean "ez da benetako pausorik eman" soldatak eta enplegua EAEn negoziatu eta adostu ahal izateko. Aste gutxi barru, Estatuko Aurrekontuen Legea landuko da Espainiako Kongresuan, eta bertan "betoak kentzearen alde egitea" eskatu diete euskal alderdiei.

Apirilaren 21ean egingo diren hauteskunde autonomikoen atarian, lan baldintzak hobetzeko zazpi neurri zehatz exijitu diete erakundeei:

  • %10eko soldata igoera eta aurretik hartutako zorra berreskuratzeko konpromisoa.
  • Pribatizazioei atea ixtea eta publifikazio planak adostea.
  • Behin-behinekotasuna %8an kokatzea, enplegu publikoa sortuz eta kontsolidatuz.
  • Lan kargak arintzea, plantillen osasuna bermatuz.
  • Politika feministak, berdintasunerako plan erreal eta eraginkorrak adostuz.
  • Administrazioak eta langileak euskaraz, "iruzurrik gabe".
  • Jardunaldia murriztea, 32 orduko lan astearen norabidean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide