Jarraipen zabala sektore publikoko greban, lan baldintzak "hemen" adosteko

Erredakzioa 2023ko abe. 19a, 12:30

Sindikatuen arabera, EAEko sektore publikoan udazkenean deitutako bigarren greba eguna "erantzun oso zabala" izaten ari da. Eguerdian milaka langile bildu dira Gasteizko manifestazioan.

LAB, ELA, CCOO, STEILAS, SATSE eta ESK sindikatuek —ordezkaritza sindikalaren %85— greba deitu dute gaurko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zerbitzu publiko guztietan. Udazkenerako deitutako bigarren greba eguna da, urriaren 25ean egindakoaren ostean.

Piketeak lehen ordutik jarri dira martxan bigarren greba egun honetan, eta Gasteizko manifestazioa, Arabako mobilizazio nagusia, 11:30ean abiatu da Bilbo plazatik. Milaka eta milaka langile bildu dira bertan.

Jarraipena "oso zabala"

Langile publiko guztiak zeuden grebara deituta, 150.000 inguru. Lehen orduetan sindikatuek bildutako datuen arabera, jarraipena "oso zabala" izaten ari da. Eguerdian, berriz, sektore bakoitzeko datu zehatzagoak eman dituzte:

  • Komunikabide eta garraio publikoetan —EITB, Euskotren eta Tuvisa—: greba "ia erabatekoa" izan da, eta gutxieneko zerbitzuak baino ez dituzte eskaini.
  • Hezkuntza publikoa: %60ekoa unibertsitatez kanpoko hezkuntzan, eta irakas jarduera "ia osotasunean" gelditu da Salburua, Koldo Mitxelena eta Judimendi ikastetxeetan; haurreskoletan %70 ingurukoa, besteak beste, Aranbizkarra, Landaberde, edo Mariturrin; EHUn ere jarduera akademikoa "oso urria" izan da, eta Magisteritza Fakultatean jarraipena "ia osoa" izan da.
  • Udal zein foru esparruan: jarraipena "oso zabala" izan dela nabarmendu dute sindikatuek; Arabari dagokionez, Aldundian eta Gasteiz, Agurain, Laudio eta Amurrioko udaletan.
  • Osakidetza: zerbitzu minimoek greba "guztiz baldintzatu" dutela salatu dute. "Milaka langileri greba eskubidea ukatu egin zaie, zerbitzu askotan gutxieneko zerbitzuak %100ekoak direlako. Adibidez, gaueko txandan ia langile batek ere ez du grebarekin bat egiteko aukerarik izan". Hala ere, gaurko jarraipena urriaren 25ekoa baino zabalagoa izan dela diote sindikatuek, bereziki Lehen Arretan; adibidez, San Martin eta Salburua osasun zentroak itxita daude. Santiago ospitalean, kategoria ez sanitarioetan, zerbitzu minimoak daude lanean bakarrik. Azkenik, Arabako Osasun Mentaleko Sarean jarraipen "zabala" azpimarratu dute sindikatuek.
  • Administrazio Orokorrean eta Justizia administrazioan ere jarraipena "zabala" izan dela azpimarratu dute, baina "herrialdeka eta esparruka aldakorra".

Pribatizazioen aurka

Gaurkoan ere, Zerbitzu publikoak indartzeko, soldatak eta enplegua hemen adostu lelopean, sektore publikoko langileen erosahalmena berreskuratzea eta enplegua kontsolidatzea exijitu diete Eusko Jaurlaritzari, aldundiei eta udalei. Erosteko ahalmenari dagokionez, %20 galdu dutela diote, eta hurrengo aurrekontuetan %10eko soldata igoera eskatu dute langile publiko guztientzat. Halaber, behin-behinekotasuna %40tik %8ra murriztu nahi dute.

Horretarako, lan baldintzak, soldata eta enplegua "hemen" adostea eta erabakitzea ahalbidetu dezatela eskatu diete erakundeei, baita Madrilen ordezkaritza duten euskal alderdi politikoei ere.

"Azken urteetan zerbitzu publikoen kalitateak okerrera egin du nabarmen, eta lan baldintzak okertu egin dira", salatu dute. "Horrek zuzenean eragiten du herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuaren kalitatean, aurrekontu esleipenarekin eta inbertsio politikekin zuzenean lotuta daudenak".

Soldatarekin eta behin-behinekotasunarekin lotutako eskakizun nagusiez gain, pribatizazioa amaitzea, lanaldi partzialak erregulatzea, erretiro kontratuak bermatzea, lan kargak murriztea, euskara bermatzeko formakuntzak emateko planak, berdintasunerako neurriak eta 32 orduko lanaldia bultzatzea eskatu dute, baita bestelako lanaldi murrizketak ezartzea ere.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide