Sektore publikoko milaka langile greban, lan baldintzak "hemen" adosteko

Erredakzioa 2023ko urr. 25a, 17:00

Udazkenerako zerbitzu publikoetan deitutako lehen greba eguna erantzun "oso zabala" izan da, sindikatuen arabera. Goizean eserialdi batek Forondako Atea blokeatu du, eta eguerdian milaka langile bildu dira Gasteizko manifestazioan.

LAB, ELA, CCOO, STEILAS, SATSE eta ESK sindikatuek greba deitu dute gaurko, urriaren 25erako, eta abenduaren 19rako Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zerbitzu publiko guztietan. EAEko sindikatu nagusi guztiak dira, UGT izan ezik, eta ordezkaritza sindikalaren %85 baino gehiago osatzen dute.

Sektore publikoko langileen erosahalmena berreskuratzea eta enplegua kontsolidatzea exijitu diete Eusko Jaurlaritzari, aldundiei eta udalei. Erosteko ahalmenari dagokionez, %20 galdu dutela diote, eta hurrengo aurrekontuetan %10eko soldata igoera eskatu dute langile publiko guztientzat. Halaber, behin-behinekotasuna %40tik %8ra murriztu nahi dute.

Horretarako, lan baldintzak, soldata eta enplegua "hemen" adostea eta erabakitzea ahalbidetu dezatela eskatu diete erakundeei, baita Madrilen ordezkaritza duten euskal alderdi politikoei ere.

Piketeak lehen ordutik jarri dira martxan, eta 07:30ean hiru hiriburuetako sarrerak blokeatu egin dituzte. Gasteizko zutabe nagusia Forondako Ateko Mercadonatik abiatu da, eta bertan bildutako grebalariek hainbat eserialdi egin dituzte errepidea moztuz kaleko puntu ezberdinetan. Horrez gain, elkarretaratzea egin dute Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusiaren aurrean, Lakuan.

Gasteizko manifestazio nagusia 11:30ean abiatu da Eusko Legebiltzarretik, eta hiriburuko erdialdeko kale nagusiak zeharkatu ostean, Andre Maria Zuriaren plazan amaitu da. Milaka eta milaka langile bildu dira bertan; sindikatuen arabera, 6.000 baino gehiago. "Hemen lan egin, hemen erabaki" izan da mobilizazioan zehar gehien entzun den aldarrikapena.

 

Goizeko irudiak

Jarraipen zabala

Langile publiko guztiak zeuden grebara deituta, 150.000 inguru. Sindikatuek "erantzun oso zabala" azpimarratu dute.

Komunikabideetan eta garraio publikoan greba "ia erabatekoa" izaten ari dela diote; irrati eta telebista publikoan gutxieneko zerbitzuak ezarri behar izan dituzte; eta Euskotrenen "oso zabala" izaten ari da lanuztea.

Bestalde, hezkuntzari dagokionez, sindikatuen arabera, langile "askok" egin dute bat deialdiarekin eremu ez unibertsitarioan zein unibertsitarioan.

Udal eta foru erakundeetan ere, greba egunaren aurretik zituzten datuak berretsi dituzte sindikatuek, eta, beraz, jarraipen "oso zabala" izaten ari dela ziurtatu dute.

Osakidetzaren kasuan, gutxieneko zerbitzuek grebaren jarraipena "erabat baldintzatuko" dutela salatu dute langileen ordezkariek: "Milaka langileri ukatu zaio greba egiteko eskubidea, eta eremu askotan gutxieneko zerbitzuak %100ekoak dira. Gaueko txandan, adibidez, ia langile bakar batek ere ez du greba egiteko aukerarik izan", kritikatu dute.

Administrazio orokorrean eta justizian jarraipena "zabala" izaten ari dela azaldu dute sindikatuek, baina herrialdearen eta esparruaren arabera "aldakorra" ere. Diotenez, Espainiako Estatuko administrazio esparruan jarraipena apalagoa izaten ari da EAEkoan baino.

Eguerdian zehar, datu zehatzagoak ezagutu dira, sindikatuen eta Jon Agirre Eusko Jaurlaritzaren Lan Harremanetarako zuzendariaren eskutik:

  • Hezkuntza: %75 sindikatuen arabera (erabatekoa zenbait ikastetxetan); %41,4 Jaurlaritzaren arabera
  • Administrazio orokorra: %12,03 Jaurlaritzaren arabera
  • Segurtasuna: %3,45 Jaurlaritzaren arabera
  • Osakidetza: %5,99 Jaurlaritzaren arabera (gaueko txandan %0,36)
  • Tuvisa: %70
  • Gasteizko tranbia: erabatekoa (soilik gutxieneko zerbitzuak)

Pribatizazioen aurka

"Azken urteetan zerbitzu publikoen kalitateak okerrera egin du nabarmen, eta lan baldintzak okertu egin dira", salatu dute. "Horrek zuzenean eragiten du herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuaren kalitatean, aurrekontu esleipenarekin eta inbertsio politikekin zuzenean lotuta daudenak".

Soldatarekin eta behin-behinekotasunarekin lotutako eskakizun nagusiez gain, pribatizazioa amaitzea, lanaldi partzialak erregulatzea, erretiro kontratuak bermatzea, lan kargak murriztea, euskara bermatzeko formakuntzak emateko planak, berdintasunerako neurriak eta 32 orduko lanaldia bultzatzea eskatu dute, baita bestelako lanaldi murrizketak ezartzea ere.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide