BioAraba, Neiker eta beste zenbait ikerketa guneetako zientzialariekin batera, CIC bioGUNEko ikertzaileek infekzio-prioiak sortzeko metodo berria aurkeztu dute Nature Communications aldizkarian.
Oraindik ulertzen ez den modu baten bitartez, proteina prioniko zelularren eraldaketaren ondorioz abiatzen dira Creutzfeldt-Jakob gaixotasuna, behi eroen gaitza, edo bereziki Araban prebalentzia handia duen Familia Insomnio Hilgarria.
Orain aurkeztu duten metodoarekin, ikertzaileek espero dute gaixotasun prionikoen azpiko mekanismoen ulermena hobeto ezagutu ahalko dutela.
Metodo "iraultzaile" berri honek ehunka prioi infekzioso berri modu espontaneoan sortzea ahalbidetzen du, ikertzaileek zabaldutako prentsa ohar baten arabera. Zehazki, saiakuntza hodi batean prioiak "modu sendo eta eraginkorrean" sortzea ahalbidetzen du metodoak. Honezkero hainbat ugaztunen 380 proteina prioniko inguru aztertzeko erabili dute metodo berria, eta, horri esker, prioi horien sailkapen hobea egin ahal izan dute.