Erakunde publikoen tutoretzaren pean dauden eta premia egoeran dauden zazpi urtetik gorako neska-mutilen behar emozionalei erantzuna eman nahi diete Prestakuntza Bereziko Familia Harrera Espezializatuaren bitartez. Helburu hori izanik, Araban ume horiek etxean jasotzeko sei familiaren bila ari dira orain AFE Sareak proiektua kudeatzen duten teknikariak.
Momentuz Araban helburua ez dago gauzatuta, baina proiektu pilotu batean lanean ari dira. Ez da, inondik inora, irtenbide erraza aferak dituen berezitasunak aintzat izanda. Eredua zein den argi dute, 2007. urtetik Gipuzkoan "arrakastaz" aurrera eraman dutelako programa hau, Araban AFE Sareak programa aurrera eramateko lanean dauden Maria Diaz de Argote eta Erika Arnal Agintzari gizarte kooperatibako kideek azaldu dutenez.
Horren beharraz jabetuta, beste hainbat lurraldetara eraman nahi dute Gipuzkoan hasitako bidea: Araba ez ezik, Nafarroa, Bizkaia, Madril eta Katalunia izango dira harrera familia espezializatua hartuko duten lurraldeak.
Esan bezala, gurean fase pilotuan dagoen programa da, baina 2022. urtetik lanean ari dira gaiak behar duen ardurarekin txertatzeko lanean. Espainiako Eskubide Sozialak, Kontsumo eta 2030 Agenda Ministerioak finantzatzen du egitasmoa, Europako Batasuneko Next Generation funtsen bidez abiatu dute programa, baina 2025. urtetik aurrera instituzio publikoek kudeatuko dute arlo hau, dagoeneko harrera familia boluntarioarekin gertatzen den bezala.
Arabaren kasuan, momentuz sei familiaren bila ari dira. "Orain arte hainbat familia interesatu hurbildu zaizkigu, baina momentuz ez dute umea hartzeko pausurik eman", azaldu du Diaz de Argotek. "Asko pentsatu behar dute honen inguruan, noski, hartu behar duten erabakia oso garrantzitsua delako", erantsi du.
Izan ere, eta aintzat izanda ume hauek arreta berezia beharko dutela, borondate soila ez da nahikoa harrera familia espezializatua abiatzeko. Gutxienez familiako kide batek homologatutako prestakuntza izan behar du esparru soziokomunitarioan, gizarte hezkuntzan eta osasun arloan, eta, horrez gain, bi urte baino gehiagoko esperientzia profesionala izan behar du haurtzaroari eta nerabezaroari lotuta. Harrera egingo duen familia motari dagokionez, ordea, berez ez dago aparteko eskakizunik: bi gurasok osatutako familia izan daiteke, baina baita guraso bakarrekoa ere.
Erresidentzian bizi diren eta profil zehatz bat duten umeentzako familiak izango dira. "Legeak argi dio babes neurri gisa beti lehentasuna eman behar zaiola honi, familia giro batean umeak askoz hobeto garatzen direlako". Arnalek oso garrantzitsutzat jo du erresidentzietan umeekin egiten den lana, ume batzuk beren egoeragatik ezin daitezkeelako familia batean garatu. "Baina badago ere familietara joan ahal den profil bat, baina sortu dieten minagatik ezin izango direnak joan familia boluntario batera".
Kasu honetan, gainera, kudeatu beharreko elementuen artean badago hirugarren elementu bat: umea eta harrera familia ez ezik, tartean familia biologikoa ere badagoelako. "Guk hiruki horren hiru aldeekin lan egiten dugu. Izan ere, normalean harrera familiaren inguruan dagoen azken helburua delako ume hori berriro haren
familia biologikora itzuli ahal izatea", azaldu du Arnalek. Erakundeek umeen tutoretza kendu diete familia horiei, baina legeek eta sen onak argi uzten dute familia giroa dela edozein ume garatzeko testuinguru egokiena. Beraz, ume horientzako harrera familia baten bila ibilita ere, azken helburua da jatorrizko familia biologikoarekin bueltatzea.
Lan osagarria
Hori dela eta, teknikariek argitu dutenez, familia biologikoekin lan egiteko plan bat dago ere. "Umeek bisitak izaten dituzte familia biologikoarekin, eta harremana nola doan ikusten da. Horrez gain, familia biologikoak baditu ere helburu batzuk betetzeko eta egoerari buelta emateko". Diaz de Argoteren esanetan, bereziki lan egiten dute "familia biologikoak berak konpondu dezan umean sortutako mina". Bat dator Arnal lankidea. "Egoera gainetik ikusten baldin baduzu, ematen du umea dela arazoak sortzen dituena; baina arazo horiek zerbaiten emaitza dira. Beraz, arazoen iturrian lan egin beharra dago".
Horren konplikatua den egoera batean, teknikariek diote familia biologikoari egin beharreko itzultze hori ez dela beti lortzen, azken emaitza ez baitago soilik umearen esku. Hori argi izanda ere, modu batean edo bestean adituek oso argi dute umeari behar bezalako babesa eman behar zaiola, orainaldi eta etorkizun duina izan dezan. "Ume horiek familia giro normalizatu batean egonda, beren familia biologikoan ikasitako ohitura txar horiek apurtzen dira, normaltasun batean sartzen direlako, eta umeek ikusten dutelako familia izateko beste modu batzuk badirela", nabarmendu du Diaz de Argotek.
Arnalek nabarmendu du ere "esku hartze planifikatua eta egituratu" bat dagoela. "Teknikoki hau oso pentsatuta dago", babestu du. Zentzu horretan, azaldu du familiek laguntza teknikoa dutela. "Teknikari bat beti izango dute eskura". Baina, horrez gain, hau bezalako erronka bati ekiteko beste laguntza garrantzitsu bat ere izango dute: hilean diru laguntza bat izango dute, ordainsari baten moduan.
Arreta hori, beraz, ogibide baten modura har dezakete ardura hau hartzen duten familiek. Teknikariek diotenez, behin umea jatorrizko familiara bueltatuta edo heldutasunera iritsita, beste ume batekin hasi daiteke prozesua, nahi izanez gero. "Profesional batzuek beren wegungo lanak uzteko beldurra izan dezakete agian, baina, nahi izanez gero, jarraikortasun bat egongo da", azaldu du Arnalek. Horrela ikusi dute Gipuzkoan bildutako esperientzien bitartez, bertan 25 familia jardun horretan ari direlako. Modu horretan, "egonkortasun handia" lortzen da maila profesionalean ere, teknikariek nabarmendu dutenez.
Hitzaldiak eta film laburra
Egoera horren nondik norakoak zertan diren azaltzeko, hainbat hitzaldi antolatzen ibili dira, eta, bakoitzaren beharren arabera ere moldatzen ari dira informazioa nahi duen familia orok lehen eskutik informazioa izan dezan. "Jendeak argi izan behar du etortzea libre dela, eta gaiari buruzko informazioa jasotzeak ez duela zertan esan konpromisoa hartu behar denik".
Hitzaldi horiez gain, beste modu batean ere izan dezakete interesatuek zein publiko orokorrak ideia bat gaiaren bueltan: Goya sarietarako hautagaien artean egon den 24 Siete film laburra. "Ikus-entzunezko hau ikusi duten familiek esan digute nahiko errealista dela; errealitatea ez duelako ez deabrutzen ezta idealizatzen ere", nabarmendu du Diaz de Argotek.
FAMILIEK HILEAN DIRU LAGUNTZA BAT JASOTZEN DUTE, ORDAINSARI BATEN MODUAN
Santiago Requejo zuzendariaren film labur hori AFE Sareek eta 02:59 Films-ek ekoitzi dute, eta, zabaldutako prentsa ohar batean azaldu dutenez, "haurtzaroa babesteko neurri berri hau ikusaraztea du helburu". Nabarmendu dutenez, Goya sarietarako hautagaitza horrez gain, hainbat zinema jaialditan sariak jaso ditu.
Bertan Maiteren istorioa kontatzen dute. Bokazioz psikologoa da, eta hainbat urtez institutuan orientatzaile gisa lan egin ondoren, lan eskaintza berritzaile bat jasoko du: 24 zazpi lana. Filmean esandako esaldi bakar batekin laburbildu nahi izan dute lan honen guztiaren atzean dagoen azken filosofia: "Hemen nago zuretzat".