Urtz talde historikoaren Esnatzean bederatzigarren diskoa aurkezten dabil Xabi Camarero (Irun, 1971) musikari eta abeslaria, eta Gasteizera hurbildu da diskoaren berri ematera.
Kaixo!
Kaixo!
Zelan?
Ondo. Ta zu?
Zenbat aldiz egin dizuete tontakeria hau?
Ba, egia esanda, askotan, bai, kar-kar!
Abesti horrek historia luzea du. Gogaituta egongo zarete ere Kaixo abesteaz.
Ezetz ba! Ate asko zabaldu zizkigun. Eta ez genuen pentsatzen horrenbesteko ibilbidea izango zuenik. Esan ziguten eskoletan asko zabaltzen hasia zela elkarrizketa hori, oso abiadura azkarrean eginez. Eta zuzenekoetan ere abestiak oraindik bizitza handia du. Zortea izan dugu, zenbait pertsonaren bizitzaren soinu bandan sartu delako, eta hainbat belaunalditan mantendu den abestia delako.
Maitasunari buruzko kanta da. Azken diskoan ere maitasuna aipatzen da, baina beste ikuspuntu batetik.
Maitasunari beti garrantzia eman nahi izan diogu. Beharrezkoa den gai bat da bizitzan aurrera egiteko. Nahiz eta disko honetan agian giro ilunago batean egon, beti ahalegindu gara itxaropen kutsu bat ematen. Azken finean, maitasunak mugitzen du dena, eta maitasunak aldatu dezake edozer testuinguru.
Esnatzean da zuen bederatzigarren diskoa. Portada ikustean new age itxura antzeman diot...
Josu Torrealdaik egin du horren diseinua. Guk ideia batzuk eman genizkion, eta berak horien gainean garapen bat egin du. Oso gustura gaude, portada oso indartsua delako.
Nola sortu da diskoa?
Dani [Vicente] gitarra joleak daukan Polo Sur estudioan grabatu dugu. Aurrekoekin alderatuz, patxada handiz grabatu ahal izan dugu, eta esperimentatzeko denbora izan dugu. Eta hor bi gauza bateratu dira: batetik, taldeak urte hauetan guztietan zeraman inertzia. Bestetik, kide berrien gaztetasuna. Adibidez, Dani gurekin izanda, teknologia berriekin ausartu gara, eta belaunaldi desberdinetako jendearen ekarpenak bildu dira diskoan. Beraz, taldearentzako lifting moduko bat izan da.
Diskoari buruz dokumentatzean, elementu teknologikoak sartu dituzuela irakurri dut. Baina, diskoa entzutean, betiko Urtz topatu dut.
Bai, gure esentzia mantendu nahi izan dugu; beti garrantzia eman nahi izan diegu melodiei eta hitzei, eta betiko gitarra indartsuak zein espazio lasaiak sartu ditugu. Eta horiek jantzita daude sintetizagailuarekin.
Baina ez dituzue sartu trap, eta modan dauden halako zera horiek...
Ez. Sukaldera espezia bat ekartzearen parekoa izan da egin duguna. Sukaldean esperimentatzeko bidea ematen dizuten espezia horiek...
Baina espeziak tentuz sartu behar dira, ezta? Bestela, konturatu ez eta New Dhelin bukatzen duzu...
Hain zuzen. Horregatik, iruditzen zait diskoa oso orekatuta dagoela. Argi dago Urtz taldea dela, baina beste tresna berri batzuekin.
Beti izan da zaila Urtz sailkatzea. Zuen betiko heterodoxia mantendu duzue?
Bai. Inoiz ez dugu gustuko izan marka baten barruan egon. Taldera iristen ziren ideia guztiei ateak zabaldu dizkiegu. Urtzen historian zehar era guztietako abestiak aurkitu ditzakezu. Garai batean agian heavyaren bueltan ibili ginen, baina gero oso balada politak sartu genituen… eta beste hainbat estilotan murgildu gara ere.
Agerikoa da eztarria ederki mantentzen duzula. Hor ez da egongo trikimailu teknologikorik, ezta?
Ez, kar-kar! Orain arte ahotsak errespetatu nau. Egia da garai honetan bereziki disfrutatzen ari naizela horrekin. Sentimenduak adierazteko unean, gustura aurkitzen naiz. Ahalegintzen naiz esaten dudana zentzuz eta sentimenduz adierazten.
"GUZTIZ ESKERTZEKOA DA ZURE ABESTIAK JENDEAREN BIZITZAREN SOINU BANDAN IKUSTEA"
Aurkezpen biran zaudete buru belarri. Orain arte egindakoekin, zer nolako harrera jaso duzue?
Oso polita izan da. Bilbo Rock aretoan, adibidez, giro ederra sortu zen. Taldea utzi genuenean bertan eman genuen kontzertua, eta hogei urte pasata berriro eman dugu. Eta ikusi dugu, gainera, hainbat jende kokatuta zegoela duela hogei urte egon zen toki berean! Gasteizen, maiatzaren 3an egongo gara, Urban Rock Concept aretoan.
Gabi de la Mazaren karaokea, Goazen… horiek dira benetako euskal grammyak, eta horietan guztietan zaudete. Harro zaudete?
Bai, oso harro; baina, batez ere, eskertuta. Abestiak sortzen dituzunean, inoiz ez duzu ezer espero. Berriro diot: eskertzekoa da ikustea jendeak onartu dituela, eta bere bizitzaren parte izan daitezen utzi duela.
Aurretik estiloaz galdetu dizut. Baina, letren aldetik, zer mezu aurkituko du entzuleak?
Kanpora begira egindako lana beharrean, barnera begira egindakoa izan da hau. Gaur egun dauden agenda globalizatu horietan baino, erantzunak gure barnean daudela uste dut, eta iruditzen zait garrantzi handiagoa eman beharko geniokeela gure barnean sakondu eta bertan erantzunak aurkitzeari. Gaur egun berez behar ez ditugun behar asko sortzen ari dira, eta agian gauza xumeetara eta gu garen horrekin konektatzera jo beharko genuke. Izaki bakoitzak altxor handi bat du barruan, eta horri garrantzia eman behar zaio. Baina gaur egungo teknologiek eta egiten ari diren beste gauza askok beste bide batetik eramaten gaituztela uste dut, eta despistatzen gaituztela esango nuke.