Martxoak 3

Memoriagunea sortzeko "benetako koordinazioa" galdegin dute

Erredakzioa 2024ko ots. 29a, 12:30
Julen Diaz de Argote, Nerea Martinez eta Arturo Val del Olmo. Argazkia: M3 Elkartea

San Frantzisko Asiskoaren elizan sarraskiaren markak eta bestelako zantzuak gordetzeko beharra azpimarratu du Martxoak 3 Elkarteak.

Orain arte "sortutako mesfidantzak" gainditu eta "benetako koordinazioa aktibatzeko" eskatu die instituzioei Martxoak 3 Elkarteak. Norabide horretan, behin Memoriagunea kudeatuko duen fundazioa sortuta eta Gogora Institutuarekin hitzarmena sinatuta, "koordinazio, aholkularitza eta partaidetza esparru egonkor bat" bermatu behar dela aldarrikatu dute.

Gaur eskainitako prentsaurrekoan gogora ekarri dute 2021eko otsailean erakunde publikoek "ustekabean harrapatu" zituztela San Frantzisko Asiskoaren elizan Memoriagunea sortzeko asmoen protokolo bat sinatzean. Diotenez, orduan urrats hori "agurtu" zuten, baina, modu berean, eskatu zuten "herri eragileen parte hartze eraginkorra" bermatzeko. Erakundearen esanetan, hiru urte igaro behar izan dira "benetako lehen aurrerapena ikusteko".

Zeregin horretan, iragarri dute Nerea Martinez Aranburuzabala eta Arturo Val del Olmo Martxoak 3 elkarteko kideak izango direla elkartearen ordezkariak Martxoak 3 Memoriagunea Fundazioaren patronatuan. Modu berean, Julen Diaz de Argote historialaria eta Memoria Gara elkartearen presidentea izango da Memoriagunearen diseinuari eta edukiei buruzko proiektua garatuko duen lantaldearen arduraduna.

Aurreratu dute Gogora Institutuarekin biltzekoak direla "metodologia, lan helburuak eta kronograma partekatu bat" ezartzeko. Besteak beste, eskatu dute elizan azterketa topografiko eta esku hartze arkeologiko bana egiteko, eraikina egokitzeko lanetan 1976ko gertakarien markak errespetatuak izan daitezen, eta garai batean eraikina inguratu zuen lubaki batean arrasto gehiago bilatzeko.

"Elizan egingo den birmoldaketan, kontuan hartu beharreko aztarnak dira", adierazi dute. Modu berean, iragarri dute sarraskiari lotutako ondare materialaren inbentarioa osatuko dutela gaiari eta haren testuinguruari lotutako objektuak bilatzeko, eta, biktimekin adostu ostean, horiek Memoriagunera eramango dituztela.

Hona hemen Hala Bedik Nerea Martinez eta Julen Diaz de Argoteri bideoan egin dien elkarrizketa:

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide