Bost liburu eman dituzte argitara elkarrekin, eta seigarrena ere bidean dute Edu Zelaietak (Gasteiz, 1973) eta Txabi Arnalek (Ermua, 1977). "Bi ahots eta lau eskutara" egindako lanek uzta oparoa jaso dute kritika eta irakurleen aldetik azken urteotan, eta abentura berrien bila jarraitzen dute haur eta helduen gozagarri. Gora gure alkate jakintsua! (Elkar) istorio "txoroa" plazaratu dute azkena, eta laster labean izango dute Merkurio izeneko estralurtarra protagonista duen ipuina.
Gasteizko Hezkuntza Fakultateak elkartu zituen, biak irakasle baitira bertan, eta norberak bere aldetik egindako idazle ibilbideak ere hantxe batu ziren, haur literaturara bideratuta elkarlana. Torlojuak jaio zen lehendabizi, 2018an, eta ostean heldu ziren Berta Berezi, Tatxani Handiaren azken trukoa eta Hiru lehoi.
"Heldutasun puntu bat behar izan dut haurrentzat idazteko"
Edu Zelaieta Anta, idazlea
Nola idatzi elkarrekin, ordea? Lehenengo burutazioari tiraka, hamaika solasaldi eta kafe izan ohi dituzte, grabagailuan jasotako kontakizun ugari, eta koadernoan bildutako zirriborroak, istorioari forma eman aurretik. "Lehen lagunak ginen, baina orain lagun handiak gara, eta hori lanean ere nabari da, sintonia berean gaude", aitortu du Arnalek. Liburu bakoitzaren atzean, ostera, "lan abentura" eta prozesu oso desberdin bat izan dutela gogoratu dute. Enkarguz idazten hasitako lanak, propio asmatutakoak, idazle bakoitzak atal desberdin bat idatzitako liburua, osorik batera idatzitako beste bat... Azkeneko lanean, esaterako, buruan "kateatuta" zuen ideiarekin joan zitzaion Edu Zelaietari Txabi Arnal, zuhaitzik gabeko herri baten irudia bueltaka, eta abiapuntu hartatik hasi ziren biak tenisean. "Oso ohituta gaude. Erraz ikusi genuen hasierako txinparta hartatik abiatuta istorio bat genuela, eta grabatu egin genuen, ahozko hondarren bat iritsiko zelakoan literatura idatzira...", azaldu du Zelaietak. Izan ere, ahozko ipuinaren egitura eta erritmoa gustuko dituzte, eta horren zantzuak agerian daude euren lanetan, Hiru txerrikumeen egitura klasikoari jarraiki, esate baterako, Hiru lehoi ipuinean.
"Istorio txoroa"
Arazoak bata bestearen atzetik pilatzen dituen alkatea da azken lanean protagonista, alkatea bera arazo bilakatzen den abentura Gora gure alkate jakintsua! liburuan, Imanol Mercero Berriako kritikariak 2023ko euskal literatur obren artean nabarmendutako bat: "Absurdoaren umorea tresna nagusi gisa hartuta, kateamenduzko ipuina topatuko dugu, kritika sozialerako tartearekin, baita autokritikarena ere, bitartekari helduak mezua zein izan daitekeen hausnartuz gero", dio kritikariak. "Txorotasunaren" barruan, umorea, absurdoa, dibertsioa edota freskura sartzen direla nabarmendu du Zelaietak, baina irakurle helduengan "giza kritikak" pisu handiagoa izan duela. "Umoreak eraman gaitu kritika horiek egitera, baina testua behartu gabe, alegia aparteko lanik egin gabe kritika eta autokritikarako; lan prozesuak, noski, erabaki literario batzuk hartzera eraman gaitu". Hala ageri dira istorioan, besteak beste, gehiegi kexatzen diren herritarrak eta ezertxo ere egiten ez dutenak, aberatsek nahi ez dituzten lanak egiten dituzten lagun pobreak, edo Julio Cesarren pare bizi den alkatea eta horretarako beharrezko duen herria.
Kontakizun ekologista ere bada alkatearena, baina ez dute horretan sailkatu nahi, aurretik idatzitakoak heriotza edo kulturartekotasuna lantzeko liburuak ez diren modu berean, gai horiek ere jorratzen dituzten arren. "Didaktikeriaren kontrakoak gara erabat, alergia ere ematen digu. Ulertzen dugu irakasleek irizpideak behar izatea eta argitaletxeek liburua nonbait kokatu behar izatea, baina idazle eta sortzaile modura ez zaigu batere gustatzen hori", aipatu du Zelaietak. Lehenik eta behin, ongi pasatzeko helburua dute liburuek, azaldu dutenez, eta atzetik etorriko dira bigarren irakurketak.
"Haur literaturak duen gaixotasun bat da umea larregi babesten dugula"
Txabi Arnal Gil, idazlea
Ildo beretik, testu on batek umea "inteligente" egin behar duela uste du Arnalek, adierazle garrantzitsua da hori ipuina aukeratzeko garaian, haren ustez, azken urteotan haur literaturak izan duen "infantilizazioaren" aurrean: "Umeari dena esplikatuta eta eginda ematen diozunean gaizki egiten ari zara, eta gaur egungo haur literaturak, neurri handi batean, hori egiten du". Literatura "politikoki zuzena" izateak ekoizpen dena "pobretu" egiten duela uste du idazleak. "Ematen du balore oso berritzaileak defendatu ahal dituzula liburuarekin, baina niri horrek ez nau asetzen, literatura aldetik ez du ezer eskaintzen".
Aldiz, gaur egungo haur literaturari "arriskua" falta zaiola uste du Arnalek. Ipuin eta abenturetan transgresioa bilatzen saiatzen dela esan du, baina harentzat ere ez da lan erraza izaten. "Haur literaturan sumatzen dut gu idazleok garela geure editoreak; aldez aurretik buruan hainbat ideia izan, eta gutxi batzuk geratzen dira azkenik. Haur literaturak duen gaixotasun bat hori da gaur egun: umea larregi babesten dugu". Haur literatura betidanik "oso transgresorea" izan dela gogoratu du, baina joera aldatu egin dela azken urteetan. "Kuriosoa da, baina umeari beste bide batzuetatik gauza asko heltzen zaizkio, pantaila edo marrazkietatik esaterako, eta ematen du idazten duguna gehiago zaindu behar dugula edo gutxiago eskaini behar dugula, ez garela hain ausartak izan behar".
Enkargua egin baino, liburuetako marrazkiak ilustratzaileekin elkarlanean egitea hobesten dute Zelaietak eta Antak. Irudia: 'Gora gure alkate jakintsua!'/Belatz
"Didaktikerien kontrakoak gara erabat, alergia ere ematen digu"
Edu Zelaieta Anta, idazlea
"Beste koska bat"
Hiru hamarkada baino gehiago dira Txabi Arnalek lehen ipuina idatzi zuenetik, eta hogeita hamar liburu baino gehiago idatzi ditu. Aldiz, hainbat liburu itzuli eta gero hasi zen haur literaturan Zelaieta. "Ez nuen haurrentzat idatzi eskumuturra trebatu arte, haur literatura askoz ere gehiago ezagutu arte, guraso, irakasle eta literaturzale modura. Eta Txabiri hainbat aholku eskatuta aurretik", azaldu du. "Batzuk harritu egiten dira horrekin. Idatzi izan duzu, eta nola ez ba...? Haurrentzat idaztea oso zaila da. Errespetu ikaragarria ematen didate haurrek. Heldutasun puntu bat behar izan dut haurrentzako idazteko, eta sumatzen dut ikasten jarraitzen dudala".
"Lagun handiak gara, eta lanean ere nabari da, sintonia berean gaude"
Txabi Arnal Gil, idazlea
Bata bestearen "osagarri" direla gogoratu dute biek, etengabe elkarrengandik ikasten. Eta ikasketa bide horretan, hain zuzen, hurrengo lanarekin "beste koska bat" igoko dute Zelaietak eta Arnalek. Idazteko jarraitu duten prozesua izan da, batik bat, berezia liburu berrian. Haurrek eurek irudikatutako Merkurio pertsonaiarekin osatu dute istorioa. "Salburuko eskolako lehen mailako zenbait gelatako haurrek lagundu ziguten, iazko goiz batez, haiek egindako deskribapenekin, protagonista sortzen; guk oharrak hartu eta handik sortu zen estralurtarraren istorioa", azaldu du Arnalek. Ilustrazioek pisu handia izango dute album itxurako lan berri honetan, testu laburrekin osatutakoa. Laster helduko da liburu dendetara. Prest dagoenean, noski, emaitza lehendabizi Salburuko haurrei aurkezteko asmoa dute. "Itzela izango da euren aurpegiak ikustea, beraiek asmatutako pertsonaia hori liburu batean dagoela konturatzen direnean". Ostean, idazketa prozesu osoa azaltzeko artikulu bat idazteko asmoa dute, "haurren inplikazioarekin" egindako haur literatura aurkezteko asmoz. "Askotan esaten da haur literatura dela helduek haurrari idatzitako literatura, haiek kontuan hartu gabe... Tira, oraingoan sortzen prozesuan parte hartu dute".
Seigarrena bidean, eta besterik ere izango dela uste dute biek. Pozik daude lan prozesuarekin eta liburuek utzi duten arrastoarekin. "Pozik gaude liburuek izan dute harrerarekin, eta irakurleen aldetik jaso dugun erantzunarekin. Kontuan hartuta, gainera, haur literaturak mediatikoki eta sozialki ez duela inolaz ere helduen literaturak duen oihartzuna", nabarmendu du Zelaietak.