Jaio diren lekura itzuli nahi dute etxekotutako usoek. Oinarri horren gainean eraiki zen mendeetan erabili den informazioa garraiatzeko sistema azkarrenetako bat: uso mezulariak. Telegrafoa heldu zen arte, komunikabide azkarrena uso mezulariak ziren, adituen esanetan. Haizea lagun izanez gero, mila kilometro egun bakarrean egitera hel daitezke. Teknologiaren aurrerapenekin garrantzia galduz joan ziren, baina oraindik ere erabiliak dira. Are gehiago, Araban bertan usozaletasunari heltzen dioten pertsonak daude.
Uso mezularien oinarria, esan bezala, animalia horien ezaugarri bat da: usoak itzuli nahi du jaio den lekura. Sen hori baliatu izan da historian mezuak garraiatzeko. Funtzionamenduak, hasiera batean, sinplea ematen du, Nicolas Xamardo usozaleak azaldutakoaren arabera: usategi batean jaiotako aberea hartu, bidaian eraman, eta, mezu bat bidaltzeko premia dagoenean, testua hankara lotu, eta askatu. "Behin askatuta altuera hartzen dute uso mezulariek, haien burua kokatu, etxerako norabidea hartzeko".
"Belaunaldi berriak behar dira usozaletasunari helduko diotenak"
Sinple ematen duen horrek, baina, badu oraindik zientifikoki argitu ez den aldagai bat. Nola lortzen dute usoek espazioan kokatzea, eta norabide zuzena hartzea, ehunka kilometrora dagoen etxera itzultzeko? "Pentsatzen da eremu elektromagnetikoekin lotuta dagoela, baina hori esperientziagatik lortutako ezagutza da". Izan ere, usoek bidean ekaitza elektrikoak topatzen dituztenean, tximista eta trumoiekin, norabidea galtzen dute. "Jakin badakigu ere buruan orratz imantatu bat jarriz gero galtzen direla".
Nicolas Xamardok "umetatik" du usoenganako zaletasuna. "Galizian, txikia nintzela, bi uso lortu nituen, arra eta emea, eta ordutik beti izan dut zaletasun hori". Uso mezularienganako grina, ordea, duela hamarkada batzuk heldu zitzaion. Kolonbofilia Federazioarekin harremanetan jarri zen, eta garaiko presidenteak bi uso oparitu zizkion, federatzearen truke. Usoak Kolonbofilo Elkartean sartu, eta handituz joan zen zaletasuna, txapelketetan parte hartzeraino. Berrikanon du usategia, eta bertara heltzen dira berak zaindutako animaliak.
Belgikatik Berrikanora
Uso mezularien txapelketak hiru motakoak dira: abiadurazkoak, 100 eta 300 kilometro bitartean; fondo erdikoak, 300 eta 500 kilometro artekoak; fondozko lasterketetan gehienez 700 kilometro egiten dituzte usoek; eta fondo handikoak distantzia horretatik gora. Xamardok azaldu du bi uso mota daudela, bi arraza, lehiaketaren arabera erabiltzen direnak. Animalien genetikak pisu handia du, eta usozaleek abere onenak elkartuz hazten dituzte, ale onenak lortzeko. Baina ez hori bakarrik. Lasterketen aurretik prestaketa berezia egiten dute usoekin, olio eta elikadura berezia emanez, probaren nondik norakoen arabera. "Kirola baino, arte bat da; intuizioak paper garrantzitsua du, emaitza onenak lortzeko".
2023ko txapelketa batean lortu zuten Xamardok hezitako hiru usok balentria: Belgikatik Berrikanora arteko bidea egin zuten. 1.004 kilometro. "Usoak Elkarteko kideen artean inoiz erregistratu den distantzia luzeena da hori". Lorpen hori gogoratzeko plaka bat eman zioten kideek. Usoek egin zuten bidea, ordea, ez zen erraza izan. Bidean aurkitu zituzten trabei aurre egin behar izan zioten: eguraldia, ura edan, harrapakariak… "Berrikanoko usategira heldu zen lehen usoa zauri handiekin heldu zen; Arabako Lautada zeharkatu behar izan zuen, eta bertan aztore asko daude". Zainketa lanen ondoren, uso horrek Berrikanoko usategian jarraitzen du.
Txapelketen funtzionamendua aurrez azaldutakoan oinarrituta dago: usoak etxera itzultzen dira. Beraz, adibidez, Belgikan hasi zen txapelketarako, Xamardok usoei bi eraztun jarri zizkien hanketan: bata, jabearen datuekin, galduz gero beste usozale batek nora jo jakiteko; bestea, txip batekin. Beraun (Gipuzkoa) ingurura joan ziren Xamardo eta beste hainbat usozale, eta haien animaliak sartu zituzten bereziki prestatutako ibilgailu batean. Etxera bueltatu ziren orduan, abereen itzuleraren zain. Animaliak Belgikara heldu zirenean askatu zituzten, kronometroa martxan jarri, eta usozaleei irteera orduaren berri eman zieten.
Parte hartzaile bakoitzaren usategira sartzeko leihatilan gailu bat dago, eta usoak hankan duen txipa bertatik pasatzean erregistratzen da heldu den ordua, gero beste parte hartzaileekin datuekin uztartu ahal izateko. Garai batean erloju bereziak erabiltzen ziren, baina etorkizunean dena are automatizatuagoa egongo dela iragarri du Xamardok. Are, usoen hegaldia GPSari esker jarraitu ahalko da.
"Hunkigarria"
Xamardok nabarmendu du usoak Berrikanoko etxera heltzen diren unea. "Hunkigarria da. Behin kolonbofilo ospetsu bati galdetu zioten zergatik itzultzen ziren usoak, eta hark erantzun zuen: ‘nigatik’; usoek lotura egiten dute zaindariarekin". Zentzu horretan, sen berezia dituzten usoak daudela jakinarazi du Xamardok. Batzuk, denboraren joanarekin, norabidea gal dezaketela azaldu du. Ordea, jaio diren lekua urtetan gogoratzen dutenak badaude. "Erresuma Batuko uso bat eman zidaten, umatzeko; usakumeekin eman zuen uda osoa, eta, arratsalde batean, altuera hartzen ikusi nuen, orientatzen, eta etxera itzuli zen".
Sena barruan duten arren, prestaketa behar dutela azaldu du Xamardok. Berak hiru pausotan lantzen du hori. Otsaila edo martxoan usoak hartu, hamabost kilometro ingurura joaten da, eta bertan askatzen ditu. Geroago, Nafarroa ingurura eramaten ditu. Ondoren, Tolosa ingurura. "Azken entrenamendua Baiona ingurutik egiten dut, eta, ondoren, txapelketetara eramaten ditut".
"Hunkigarria da. Behin kolonbofilo ospetsu bati galdetu zioten zergatik itzultzen ziren usoak, eta hark erantzun zuen: ‘nigatik’; usoek lotura egiten dute zaindariarekin"
Araban dozena erdira ez dira heltzen uso mezulariak hazten eta hezten dituzten pertsonak, Xamardok azaldutakoaren arabera. Are, gaineratu du bera dela txapelketetan parte hartzen duen bakarra. "Gainontzekoek gozamen hutsagatik egiten dute; nonbaiten askatu, eta etxera itzultzen diren ilusioagatik". Zaletu falta dagoela hausnartu du, eta, gaur egun dauden gehienak, adinekoak direla gaineratu. "Belaunaldi berriak behar dira usozaletasunari helduko diotenak, gu desagertzen garenean".
Xamardok aitortu du ez dela zaletasun erraza, batez ere eskatzen duen espazioagatik. Usategia izateko herri batean bizitzea ia derrigorrezkoa da. Hori kenduta, baina, behar den materiala ez da bereziki zaila lortzen: erlojuak, antenak, janaria, elikadura berezia, janaria emateko ontziak, kutxak garraiatzeko… "Botikak ere garrantzitsuak dira; elkartean albaitari bat dago, tratamenduei buruz argibideak emateko, eta animaliak txertatzeko".
Komunikabide eraginkorra historian
Gizadiaren historian animalia batek presentzia izan badu kultura gehienetan, hori usoa da. Sumeria, Fenizia, Txina, Grezia, Erroma… Historiako zibilizazio handienetako arrastoetan agertzen da, modu positiboan kasu guztietan. Are, Egipton aurkitu dituzte lehen aztarnak, duela hainbat milurtekoak. Izan ere, usoa izan zen etxekotutako lehen animalietako bat, adituen arabera. Animalia horrek zuen erabileren artean mezuak garraiatzea zegoen, eta, hastapenetatik, horretaz baliatu ziren gizakiak, gaitasun handienak zituzten usoak bilatuz eta umatuz.
Militarrek baliatu izan dituzte hein handian uso mezulariak. "II. Mundu Gerran, adibidez, uso bati domina bat eman zioten Frantziako militarrek". Espainiako Armadak 2010era arte baliatu zituen animalia horiek. Are gehiago, araudian jasoa zegoen Armadak usozaleen abereak konfiska zitzakeela, horretarako beharra zegoela ikusten bazuten. Usoak asmo gaiztoekin erabiltzen dituztenak ere dokumentatu ditu Augusto Prehl Hartmann-ek; droga trafikatzen dutenak, adibidez, baliatu izan dituzte uso mezulariak, zaila delako informazioa trukatzeko modu horretan esku hartzea.
Dena den, uso mezularien abiadura dela eta, beste zeregin askotarako erabili izan dira. AFP informazio agentziaren hastapenetan, Charles Louis Havas-ek 1835ean sortu zuenean, trenen bitartez garraiatzen zituzten albisteak, baita uso mezularien bitartez ere.