Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legearen aurka mobilizatu dira

Erredakzioa 2024ko ots. 8a, 16:00

Elkarretaratzea Eusko Legebiltzarraren aurrean. Argazkiak: EH BIZIRIK

Eusko Legebiltzarra legea onartzen ari zen bitartean, kanpoan elkarretaratzea egin du Euskal Herria Bizirik sareak, EAJ, PSE eta EH Bilduri "hazkunde ekonomikoa lehenetsi" izana leporatzeko.

Urtarrilean, EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk akordioa lortu eta Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legearen testua hitzartu zuten. Besteak beste, 2030erako energia berriztagarriak bultzatzeko helburuak, instalazioei kanon bat ordainarazteko irizpidea, eta erregai fosilen desinbertsiorako plan bat adostu zituzten.

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak ostegun honetan, otsailaren 8an, onartu du legea. Jeltzaleek eta sozialistek gehiengo osoa zuten legea aurrera ateratzeko, baina legegintzaldiaren azken txanpan ezker subiranistarekin lortutako akordioak garrantzi berezia izan du; batez ere, etorkizunera begira energia berriztagarrien inguruko EAEko politikak blindatzeko, gizartearen gehiengo zabal bat ordezkatzen duten hiru alderdien artean.

Nolanahi ere, energia berriztagarriak Arabako mendietan zein landa eremuan ezartzeko politikek herritar eta batzar administratibo askoren oposizioarekin topo egiten jarraitzen dute. Gaur, Legebiltzarraren barruko bozketarekin kointzidituz, Euskal Herria Bizirik sareak elkarretaratzea deitu du kanpoan, 11:00etan, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Lege honi ez! lelopean.

 

Legea "fartsa" bat dela salatu du plataformak, EAJ, PSE eta EH Bilduri leporatuz "hazkunde ekonomikoa lehenetsi dutela klima larrialdiaren aurrean". Kritikatu dutenez, "legearen helburua teorian deskarbonizazio prozesua aurrera eraman ahal izateko baldintzak sortzea da, baina arretaz irakurriz gero, nabarmena da zer den ezkutatzen duena: energia berriztagarrien industriaren hedapen ahalik eta masiboena ematea".

"Energiaren sozializazioaz mintzo dira behin eta berriz, baina argi izan behar dugu enpresari handiak izango direla legearen onuradun nagusiak. Berriztagarrien hedapen masiboak eragingo duen kaltea izango da herritarroi iritsiko zaigun bakarra", adierazi dute. Gainera, "deskarbonizazioa ekarri ordez, emisioak igotzea eragingo" duela ohartarazi dute.

"Egun bizi dugun klima larrialdia, biodibertsitate galera, itsasoen azidifikazioa, lurren kutsadura... bezalako auzi garrantzitsuak alde batera utzi dituzte, orain arte ezagutu dugun oreka naturala zalantzan jarriz", esan dute plataformako bozeramaileek. "Horrekin batera, elikadura burujabetzara bidean Euskal Herriak dituen gabeziak gero eta nabarmenagoak, dira baina arazo horiei konponbidea aurkitzen saiatu beharrean, Europak horren beharrezkoa duen hazkuntza ekonomikoan parte aktibo izatea lehenetsi dute EAEko alderdi politiko nagusiek".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago