Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legearen aurka mobilizatuko dira

Erredakzioa 2024ko ots. 7a, 18:30

Euskal Herria Bizirik sarearen prentsaurrekoa, urtarrilean. ALEA

Eusko Legebiltzarrak onartuko duen legearen kontrako elkarretaratzea deitu du Euskal Herria Bizirik plataformak, "deriba industrial, kapitalista eta neokolonialaren oinarriak" finkatzen dituela salatzeko.

Urtarrilean, EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk akordioa lortu eta Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legearen testua hitzartu zuten. Besteak beste, 2030erako energia berriztagarriak bultzatzeko helburuak, instalazioei kanon bat ordainarazteko irizpidea, eta erregai fosilen desinbertsiorako plan bat adostu zituzten.

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak ostegun honetan, otsailaren 8an, onartuko du legea. Jeltzaleek eta sozialistek gehiengo osoa zuten legea aurrera ateratzeko, baina legegintzaldiaren azken txanpan ezker subiranistarekin lortutako akordioak garrantzi berezia izan du; batez ere, etorkizunera begira energia berriztagarrien inguruko EAEko politikak blindatzeko, gizartearen gehiengo zabal bat ordezkatzen duten hiru alderdien artean.

Nolanahi ere, energia berriztagarriak Arabako mendietan zein landa eremuan ezartzeko politikek herritar eta batzar administratibo askoren oposizioarekin topo egiten jarraitzen dute. Bihar, Legebiltzarraren barruko eztabaidarekin batera, Euskal Herria Bizirik sareak elkarretaratzea deitu du kanpoan, 11:00etan, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Lege honi ez! lelopean.

"Deriba industrial, kapitalista eta neokolonialaren oinarriak finkatzen ditu legeak", ohartarazi du plataformak. "Megaproiektu zentralizatuen bidez, komunitate ekologiko eta sozialen bizimoduak suntsitzen ditu, eta horiek sakrifikatu egiten ditu lurraldetik kanpoko enpresei emango dien onura ekonomikoaren mesedetan. Legezkotzat jotzen du naturaguneak eta landa guneak erostea prezio merke baten truke".

"Beste lurralde batzuetan baliabide naturalen erauzketa areagotzen du, eta gure lurraldeaz jabetzeko enpresa transnazionalen konkista izenpetzen du", gaineratu dute. "Ahaztu gabe legedia honek baimentzen dituzten proiektuek baserritarren eta nekazarien etorkizuna eragozten dutela. Guk ezetz esaten diogu lege honi. Bizitzari eusten dizkiogu, natura eta landa eremuak babesteko borrokan jarraitzen dugu, erabakiak deszentralizatzearen alde egiten dugu, eta komunitatea erdigunean jarri nahi dugu", aldarrikatu du Euskal Herria Bizirikek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago