El Salto hedabideak eta BERRIA egunkariak aurreratu dutenez, beste preso bat hil da Arabako espetxe zentroan, Zaballan. Eusko Jaurlaritzaren Justizia Sailak gizonezkoaren heriotza baieztatu du. Autopsiaren emaitzen zain dauden arren, "arrazoi naturalengatik" izan dela azaldu dute Nerea Melgosa sailburuak zuzentzen duen saileko iturriek.
Presoa bigarren graduko erregimenean zegoen, baina oraingoz ez dago bere inguruko informazio gehiagorik; ez iturri ofizialen aldetik, ez beste hedabideetan. El Salto hedabideak asteartean, otsailaren 6an, 14:00ak aldera izan zuen heriotzaren berri, hildakoaren familiaren eskutik.
Eusko Jaurlaritzak duela bi urte hartu zuen bere gain Espetxeen eskumena. Orduz geroztik, lau preso hil dira EAEko espetxeetan: horietako hiru Zaballako espetxean (Araba), eta beste bat Martuteneko kartzelan (Gipuzkoa).
Azken hildakoa 47 urteko preso bat zen, eta hilik agertu zen Zaballako espetxeko bere ziegan, urkatuta, 2023ko azaroan; bederatzi hilabete lehenago, 2023ko otsailean, 22 urteko gazte bat bizi zantzurik gabe aurkitu zuten espetxe berean, zenbaketa egiteko ziegak ireki zituztenean; hurrengo egunean, 57 urteko beste gizonezko bat topatu zuten hilotz Martuteneko kartzelako erizaindegian.