EITBk igande honetan argitaratu duenez, beste preso bat hilik aurkitu dute Zaballako espetxeko bere ziegan. Presoen eskubideen aldeko Salhaketa elkarteak eman du berria, eta Eusko Jaurlaritzak hala baieztatu dio EITB Media taldeari.
Oraingoan, hildako presoa 47 urteko gizonezkoa izan da, jatorri hegoamerikarrekoa. Funtzionarioek larunbat arratsaldean topatu zuten, 20:00ak aldera, bere ziegan urkatuta. Salhaketa elkartearen arabera, presoak egunak zeramatzan gaizki, eta azkenean bere buruaz beste egin du.
Julen Guaresti Salhaketa elkarteko bozeramaileak EITBri azaldu dionez, oraingoz ez dakite presoari suizidioaren protokoloa aplikatu zaion ala ez, ezta isolamenduan zegoen ere. "Kartzelak buruko gaixotasunak izateko baldintzak sortzen eta areagotzen ditu, eta kartzelaren zentzua eta helburua zigorretik harago birkokatu behar da", ohartarazi du Guarestik. "Espetxea eta birgizarteratzea bateraezinak direlako, antagonikoak".
Dagoeneko bi urte igaro dira Eusko Jaurlaritzak Espetxeen eskumena jaso zuenetik, eta, Salhaketa elkartearen ustez, "euskal espetxe ereduak huts egiten du, betiko eredua izaten jarraitzen duelako". Guarestiren hitzetan, "espetxeetan hiltzen diren presoak biktimario izatetik biktima izatera igaro dira, Eusko Jaurlaritzak zuzentzen dituen espetxeetan".