Ostegun honetan, Tel Aviveko Maccabi Gasteizera itzuli da, 20:30etik aurrera Baskoniaren aurkako Euroligako partida jokatzeko. 2023ko urriaren 7ko gertakarien ostean taldeak Buesa Arena pabiloira egingo duen lehenengo bisita izan da.
Horren aurrean, ohikoa denez, BDZ Araba plataformak eta Indar Baskoniak talde israeldarrari boikot egitera deitu dute, baina, oraingoan, azken hilabeteetan Israelek Palestinan gauzatutako sarraskiaren tamainak markatu du hitzordua; izan ere, Gazan 26.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelgo Estatuaren erasoaldiak, tartean 13.000 ume inguru.
Baskoniako zaletuei eta, oro har, Gasteizko herritarrei hiru ekintza proposatu die BDZ mugimenduak, "partida normaltasunez joka ez dadin" eta Maccabiri arbuioa erakusteko: partida hasi ondorengo 5. minutura arte ez sartzea pabiloian, Israelek hildako pertsonekiko "dolua eta errespetua" adierazteko; Maccabiko jokalariek baloia esku artean duten bakoitzean, "Ge-no-zi-dioa!" oihukatzea; eta, azkenik, Palestina eta Hego Afrikako (Nazioarteko Justizia Epaitegian genozidioagatiko salaketa bultzatu duen herria) banderak erakustea.
Eta hala izan da: baskoniazaleek Palestinako ehunka bandera sartu dituzte pabiloira eta beren arbuioa adierazi diote Maccabiri, Ertzaintzak, Udaltzaingoak, Mossadek eta Maccabiren segurtasun pribatuak zaintza neurri zorrotzak ezarri dituzten arren. Indar Baskoniak eta BDZk kalejira bat egin dute 19:50ean, eta bost minutu beranduago sartu dira pabiloira; bertan, Free Palestine zioen pankarta erraldoi bat atera dute, eta oihu eta txistu artean jaso dute Maccabiren presentzia.
Zergatik boikota?
2016an, Baskonia-Maccabi partidaren atarian, Gaza eta Gasteizko hainbat ekintzailek talde israeldarrari boikot egitea eskatzeko bideo bat plazaratu zuten. Bertan, Tel Aviveko saskibaloi taldearen "kirol enbaxadore" lana salatu zuten, "estatu sionistaren eta bere armadaren sarraskiak nazioartean zuritzeko" helburuarekin.
"Palestinako herriaren aurkako genozidioa berehalakoan gelditzeko aldarrikapena gogoan, eta behingoagatik Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa nagusituko delakoan, berretsi egin nahi dugu gure konpromiso irmoa gure hirian ez dadila berriro hau bezalako propaganda ekitaldirik gertatu", adierazi zuten BDZ mugimenduko kideek astelehenean egindako prentsaurrekoan. "Izan ere, horren helburu bakarra Israelgo irudi publikoa zuritzea da, Palestinako populazio zibilaren kontra genozidio krimenak burutu dituelakoan baikaude".
"Urriaren 7tik, Israelek nahita eta modu sistematikoan Gazako Zerrenda bonbardatzen, duela hamasei urtetik gora blokeo itogarri eta ilegal baten menpe duen eskualdea", gaineratu zuten. "Azken eraso hauek erregimen sionista duela 75 urtetik gora Palestinan burutzen ari den garbiketa etniko kanpainaren adierazpenik gorenena dira, eta haien ankerkeriak ez dauka aurrekaririk. Prozesu hori Zisjordanian eta Jerusalemen ere bizkortzen ari da, atxiloketa kanpaina masiboen, herrien gaineko erasoan eta hilketa zein jazarpenaren bidez populazio palestinarra bere lurretik kanporatzeko".
"Bitartean, erregimen sionistak bere propaganda makineria guztia martxan jarri du, nazioarteko iritzi publikoaren aurrean bere irudia zuritzeko", kritikatu zuten. "Testuinguru horretan, eta 2005ean Israelek propagandarako Hasvará Ministerioa sortu zuenetik urtero egin duten bezala, aurten ere berriro etorriko da gure hirira Tel Aviveko Maccabi saski baloi taldea, Israelgo estatuko kirol ordezkaririk gorenena, berriz ere ustezko normaltasun irudi kalkulatua emanez".