Arkitektura estudioa alde batera utzi, eta, Paul nebak deituta, zinemaren "abenturan" probatzea erabaki zuen Izaskun Urkijok (Gasteiz, 1978), arte zuzendari modura. Besteak beste, Errementari, Nora edo Ane pelikuletako erabaki artistikoetako arduradun lehenago, eta 20.000 especies de abejas, Sobre todo de noche eta Bizkarsoro lanetan azkenaldian, egindako lanaren uzta jasotzen ari da orain. Esti Urresolaren erleen eskutik, Kataluniako Zinema Akademiak ematen dituen Gaudi sarietan du hitzordua igande honetan, eta Espainiakoak ematen dituen Goya sarietarako otsailaren 10ean.
Prado museoan harrapatu omen zintuen Goyaren hautagaitzak...
Egun horietan Madrilen nenbilen Victor Iriarteren Sobre todo de noche filma aurkezten. Aurreko eguna, azaroaren 29a, oso egun garrantzitsua da niretzat, eta ederra izan zen lantaldearekin egotea. Hurrengo goizean, Euskal Herrira bueltatu aurretik, museoan bisita egin ostean, nebari oparitzeko Goyaren Saturno devorando a su hijo obraren postala erostekotan nintzen dendan, eta zorion mezu pilo bat heldu zitzaizkidan bat-batean. Ez nekien zergatik zen, eta Paulek esan zidan nominatuta nengoela. Ezin sinetsi. Kriston emozioa, negarrez hasi nintzen dendan. Poza, nire lana baloratu zutelako; mundu hau oso gogorra da, zaila, eta jende horrek nire lana aitortu zuela pentsatzea polita izan da niretzat. Gaudi sariena ere sekulako sorpresa izan zen; koprodukzio katalana izanik, aukerak zituen, eta hala izan da.
Dena prest duzu gala horietarako?
Ez, kar-kar. Oraindik ez daukat soinekorik Goya sarietarako, oso lanpetuta ibili naiz eta pendiente daukat oraindik. Eta diskurtsorako ideiaren bat badut, baina hobeto pentsatu behar dut oraindik...
Ikusi al duzu lehiakideen lana?
Bai eta, egia esan, La sociedad de la nieve kriston pelikula iruditu zait, bikaina, eta Saben aquell ere asko gustatu zait. Arte zuzendaritzako beste hautagaiak ezagutzeko aukera izan genuen Madrilen, eta polita izan zen, horrekin bakarrik irabazi dudala iruditzen zait, hainbeste jende ezagutzea, beste lan batzuetarako aukera izatea... Oso zaila da halako sari bat irabaztea, baina aldi berean edozer gerta daiteke. Ni ere akademikoa naiz, botoa ematen dut, eta ezagutzen dugu barrutik zer den hau; nahi duzun boza eman dezakezu, zuri barrura iritsi zaizun pelikula hori edo gustatu zaizuna, eta ez du zertan boto tekniko bat izan edo ezaugarri zehatz batzuk baloratzen dituena. Beharbada 20.000 especies de abejas pelikulak izan duen bultzadarekin fokoa jarri diote gainean eta pelikulak atalez atal zehatzago baloratzeko aukera gehiago ditu, baina nork daki...
"Gure lanaren zati handi bat eguneroko arazoak konpontzea da, ezustekoei aurre egitea"
Arkitekturan hasi zenuen ibilbidea, eta arte zuzendaritzan jarraitzen duzu. Zer eraman duzu batetik bestera?
Uste dut gauza asko eraman ditudala. Gauzak ondo behatzen ikasten da arkitekturan, diseinuaren aldetik, ondo aztertzen. Eta, batez ere, lan asko egiten ikasten da, arazoak konpontzen, eta zinemagintzan ere, arte zuzendaritzan, gure lanaren atal handi bat da egunero arazoak konpontzea, eguneroko aldaketei aurre egitea, egoera desberdinetan inprobisatzen jakitea.
Halakoak izan dituzue '20.000 especies de abejas' pelikulan?
Egunero izaten dira halakoak. Proiektuak aurrekontu txikia duenean, baliabide humano eta ekonomiko txikiak direnean, ezegonkorra da, eta, beharbada, behar dituzun elementuak alokairuan hartu beharrean jendeak bere borondate onenarekin uzten dizkizun gauzekin egin behar duzu, eta filmatzerako prest izango duzula sinistu behar duzu, baina beti ez da horrela izaten... Pelikulan protagonista egiten ari den eskultura baterako, esaterako, borobila behar zuen igeltsuzko molde bat utzi ziguten, karratua, eta momentu horretan beste gauza bat eraiki behar izan genuen. Errementarin ere eliza bateko aldarea kendu behar genuen, anakronismo bat zelako, eta horretarako fenwick makina bat sartu genuen; horrek lurreko harlauzak mugitzen zituela ikusi genuen, ordea, eta beste konponbide bat bilatu behar izan genuen. Gauza bat bakarrik esan zidan Paulek: "Izas, hori ezin da hor egon", alegia, hurrengo egunerako handik aldarea kendu ahal duzun moduan. Hotelean hilkutxa bat marraztu nuen, ekipoari deitu, eta hurrengo egunerako prest zegoen kutxa oihal batez estalita... Ez zuen hildako bat egon behar, baina egon zitekeen, aukera bat zen... Askotan izaten dira halako egoerak.
Irudi okerretik detaile txikienera izaten da zure ardura?
Bai. Gidoia jasotzen dudanean, irakurri eta zatiak egiten ditut, dekoratu bakoitza nola izango litzatekeen pentsatu, elementu bakoitza. Dekorazioaren alderdi zabalenetik atrezzo elementu txikienera diseinatu behar dut, edo erosi, erosi eta aldatu, alokatu...
Argazki zuzendariarekin ere elkarlanean aritzen zara?
Harreman handiena, batez ere, zuzendariarekin daukat, harekin elkarrizketa asko izaten ditut, berak esaten dit zer behar duen eta nik zer eskaini diezaiokedan. Eta, horrekin batera, argazki zuzendariarekin ere hitz egin behar dut, batez ere hain inportanteak diren argi puntuak zehazteko. Jakin behar dugu giroa iluna izango den, elementuak ikusiko ote diren, kolorea... 20.000 especies de abejasen beti egon den kolore bat eztiarena izan da, eta gero pertsonaia bakoitzaren espazioan gaudenean beste kolore batzuk agertzen dira; amonaren etxean, adibidez, urdinak dira nagusi, giro hotzagoa, eta izeba-amonaren etxean berdeak edo laranjak, naturarekin harreman handiago bat duten koloreak. Eta, koloreak bezala, baita elementuak ere; amonaren etxea klasikoagoa da, eskultorearen emaztea da, erdi edo maila altuko familia. Elementu horiek guztiek hitz egin behar dizute, informazioa eman behar dizute pertsonaien inguruan, nolako maila ekonomikoa duten, kulturala...
"Kriston oparia izan da 'Bizkarsoro'; familia bat daramat nirekin"
Etxe aproposa bilatu behar izan zenuten?
Lokalizazioa egiten denean, idealena ukitu behar ez den etxe bat topatzea izaten da, baina hori normalean ez da gertatzen. Horretarako diru asko behar izaten da, eta auskalo... Kasu honetan, espazio guztiak hutsik zeuden, guk hustu genituen gure beharretarako. Hiru gune zeuzkan etxea genuen, industrialdean, leihotik fabrikak ikus daitezke, Euskal Herri bukoliko horretatik urrundu behar genuelako. Baina etxea erabat aldatu genuen; amonaren etxeari, adibidez, biniloa jarri genion egurrezko itxura emateko, baita leihoetako markoei ere, margotu, papera jarri, altzari guztiak aldatu... Edo erlauntza duen zuhaitzaren kasuan, naturala dirudien erlauntza diseinatu genuen, guk sortutako mekanismo berezi batekin.
Alor ezezagunak deskubritu dituzu '20.000 especies de abejas' pelikulan?
Niretzat erabat ezezagunak zirenak. Batez ere, bi alderdi ikertu behar izan ditut pelikula honetan: erlezaintzari buruzkoa eta argizari galduzko galdaketari buruzkoa. Artearen mundua asko maite dut, baina ez nuen imajinatzen halakorik; besteak beste, Alfa fabrikan izan nintzen, galdaketen ingurukoak barrutik ezagutzen, eta izugarria izan zen, ederra. Halako gauzak dira gehien gustatzen zaizkidanak nire lanean.
Nolakoa izan da Esti Urresolarekin lan egitea?
Elkarrekin Polvo somos laburra egin genuen lehenago, eta Nora filmean ere aritu ginen elkarrekin, bera zuzendari laguntzaile moduan zebilen. Gogoan dut asko gustatu zitzaidala gidoia. Oso harreman ona izan dugu hasieratik, eta elkarrekin erlategiak bisitatu genituen, eskultura tailerrak eta solasaldi asko izan genituen. Niretzat hori da momenturik onena, egia esan, diseinuarena, ikerketarena, lan lasaiagoa. Uste dut Estik hasieratik oso argi zuela zer nahi zuen, nahiz eta gero halako pelikula bat bizirik dagoen eta gauza asko aldatzen diren filmatzen ari zaren bitartean. Pelikula motel bat egin nahi zuen, eta hori filmatzean ere ikusten zen, 11-15 minutuko tomak egiten zituen, lasaitasun hori behar zuen. Han ikusten zen sekulako lana egingo zuela Estik. Gero egia da, baita ere, pelikula gogorra eta zaila izan dela, exijentzia handikoa.
"Estik hasieratik oso argi zuen zer pelikula nahi zuen eta nola egin nahi zuen"
Askotan esaten da zineman musikarik onena nabarmentzen ez den hori dela, oharkabean pasatzen dena. Artean ere hala da?
Proiektuaren arabera izaten dela uste dut. Orokorrean oharkabean pasa behar da, baina aldi berean hitz egin behar dizula uste dut. Asko sinesten dut irudi subliminalean. Aktoreari adi egongo zara lana ona baldin bada, baina badaude beste momentu batzuk dekorazioak atentzioa bereganatuko duena. Errementarin, esate baterako, momentu batzuetan dekoratua da pertsonaia nagusia, bat-batean harresia edo infernua ageri denean, beste pertsonaia bat bilakatzen dira. Aldiz, 20.000 especies de abejas moduko pelikula errealista batean, oharkabean pasa behar da, baina beti emango dizu informazioa.
Zer arte zuzendaritza lan nabarmenduko zenuke? Baduzu gustuko pelikularik?
Pelikula asko ikusten ditut eta fijatu egiten naiz, nahi gabe ere, eta horietatik ere asko ikasten dut. Niretzat erreferente bat izan zen Guillermo del Tororen La cumbre escarlata, adibidez, Errementarin nondik jo jakiteko. Pelikula hortako etxe horrek hitz egiten du, are gehiago, bizirik dago. Oraingoen artean, adibidez, Bayonaren La sociedad de la nieve asko gustatu zait, hegazkin hori, transformazioa denboran nola islatu duten, inpaktua, eskala... sinesgarria da guztiz.
Zer berezitasun du Izaskun Urkijoren zigiluak?
Ziurrenik, izango da zerbait mantenduko dena pelikula guztietan, nahiz eta proiektu desberdinak izan. Beti zaintzen dut, adibidez, harmonia, konposaketa, ordena, elementu dezente sartzea gustatzen zait eta koherentzia, baina agian hau denek esango dute kar-kar. Oreka estetikoa izatea gustatzen zait, nahiz eta desordenatua izan eskatzen dena. Gustatzen zait dekoratuak hitz egitea.
Zenbateko askatasuna du arte zuzendariak? Pedro Almodovarren pelikuletan pentsatzen ari naiz, dekoratu deigarrietan...
Ziurrenik berak asko markatuko du, baina arte zuzendariak ere beti dauka modua bata eta bestearen artean aukeratzeko. 1980-90 hamarkadako altzari ugari ageri dira bere pelikuletan, eta imajinatzen dut horretarako biltegi erraldoiak dituela... Almodovarrek lanerako deitzen badit, egingo diot kar-kar.
'Sobre todo de noche' izan duzu estreinatzen azkenetarikoa.
Venecian aurkeztu genuen, eta sari handia izan zen hori niretzat. Gustatzen zait Victorrek nola kontatzen dituen gauzak, eta oso pelikula ona egin duela uste dut; zine erreferente asko ditu, eta horiek ere partekatu zituen nirekin lanean jarri aurretik. Niretzat berriak ziren beste gauza batzuk deskubritu nituen, estenotipia edo esgrima kasu, eta esperientzia oso polita izan zen. Pelikulak ez du oihartzunik ez du izan, baina hori sarien modukoa izaten da; nominazio batek ez du esan nahi zure pelikula onena denik, esan nahi du momentu honetan akademiak baloratu nahi izan duela. Noski, teknikoki pelikula ona izango da, baina horien artean aukeratu behar.
"Paulekin lan egitea da gehien gustatzen zaidana; oso ondo ulertzen dugu elkar"
Azkeneko aurkezpena 'Bizkarsoro' izan duzu. Nolakoa izan da esperientzia?
Kriston oparia izan da hori. Errementari aurkeztu genuenean ezagutu nuen Josu Martinez, eta handik gutxira hasi ginen lanean. Bost urtez, etapa desberdinetan, hilabete edo aste batzuetako filmazioa izan da. Eta oparia izan da Baigorrira joatea, bertako jendearekin lan egitea eta nik bertako euskara hori ere berreskuratzea; gogoratzen dut txikitan Toki Eder ikastolarekin hainbat bidai egiten genituela eta euskalki desberdinak ezagutzen genituela horietan, baina pixka galdua nuen hori eta oso polita izan da berreskuratzea, hitz politen zerrendak egitea... Etxe askotan altxorrak topatu ditugu pelikularako, gauza asko utzi dizkigute. Bertako jendea oso langilea izan da, sortzailea, beti laguntzeko prest, eta esperientzia bikaina izan da. Josu, Fuch anaiak, Baigorriko biztanleak... familia bat daramat nirekin.
Bideoklipen batean ere aritu zara arte zuzendari azken egunetan, ezta?
Oraintxe publizitatea egiten ari naiz ekoiztetxe batekin, eta aldi berean HBOk aurkeztuko dituen kontzertu akustiko batzuk prestatzen, Acoustic Home programarako. Joan den astean, esaterako, NiÒa Pastori grabatu genuen Atxuriko elizan, eta eliza aldamio, oihal eta kandelaz bete genuen. Alex Ubago, Maikel Delacalle eta beste batzuk izango dira aurrerago, agertoki desberdinetan. Agertoki horiek adierazten dutena nabarmentzea da nire lana hauetan.
Paulen azkeneko lanaren zain, ostean? Udazkenean filmatzen hasteko?
Bai, ea aurrera ateratzen den. Ea udazkenerako posible den. Finantziazioa bilatzeko lanetan ari dira orain, eta momentuz itxoin beharko dugu. Baina, egia esan, Paulekin lan egitea da gehien gustatzen zaidana. Lehen Paulekin bakarrik lan egin nahi nuela esaten nuen, eta, egia da, beste esperientzia batzuk izan eta gero, gustatu zaidala beste zuzendari batzuekin ere lan egitea... baina, berriz diot, Paulekin gehien, oso ondo ulertzen dugu elkar. Asko eman eta asko jasotzen dut halako proiektuetan. Hurrengo pelikularen gidoia irakurri dut, gainera, eta asko gustatu zait...
Fantasiaren ildotik horretan ere?
Bere ildotik jarraituko du bai, pelikula fantastikoa izango da, baina hori berak kontatuko dizue hobeto, kar-kar.