Jarduera andana Nestor Basterretxearen mendeurrena ospatzeko

Erredakzioa 2024ko urt. 26a, 16:00
Askotariko arte diziplinak jorratu zituen artistak. Irudian, Arantzazuko kripta. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Maiatzaren 6an artista jaio zela ehun urte beteko direla, Jaurlaritzak ekitaldi sorta zabala koordinatu du. Besteak beste Artiumen, Montehermoson, Legebiltzarrean eta Asparrenean ekimenak egingo dituzte.

Nestor Basterretxea artistak Euskal Herriko "iruditeria kolektiboari egin dion eta oraindik bizi-bizirik dagoen ekarpena" azpimarratuko dute haren jaiotzaren ehun urte beteko diren honetan, Jaurlaritzak gaur iragarri duenez.

Hori dela eta, hogei erakunde baino gehiago elkartu dira aurten zein hurrengo urtean ere Basterretxearen jaiotzaren mendeurrena ospatzeko. Gaur egin dute egitasmoaren aurkezpena, Gasteizko Artium museoan.

Jaurlaritzak koordinatu duen egitasmoa Euskal Herriko hainbat tokitan gauzatuko da, erakusketa, ikus-entzunezko programa, jarduera kultural zein argitalpenen bitartez. Horien bitartez, arte plastikoetan, diseinuan, arkitekturan, zinematografian eta, oro har, euskal kulturan artistak egin zuen "bultzada" gogora ekarriko dute.

Bingen Zupiria Kultura sailburuaren hitzetan, artistak "bere herriarekiko konpromisoa hartu zuen artearen ikuspegitik, eta artea bere herriaren beharrei erantzuteko zerbitzu gisa ulertu zuen".

Aurreratu dute webgune berezi bat martxan jarriko dutela, artistaren bizitza zein obra jaso asmoz. Besteak beste, familiak Artium museoari lagatako artxiboa kontsultatu ahalko da bertan. 

Araban izango diren ekimenei dagokienez, maiatzaren 10etik aurrera Artiumen Basterretxea artxiboan erakusketa abiatuko dute, artistaren ekoizpen zinematografikoan sakontzeko.

Ekainaren 27tik aurrera Gasteizko Montehermoso Kulturunean Euskal serie kosmogoniko izenekoa paratuko dute.

Eusko Legebiltzarrak 2024an zehar Haritz enblematiko bi mendeurren baterako:«Izaro» eta «Gernikako Arbolari omenaldia» izeneko jarduera programa eskainiko du.  

Asparreneko Udalak ere jarduera programa bat abiatuko du, eta artistari eskainitako aste kultural bat egingo du, momentuz horren gaineko xehetasunik eman ez badute ere. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide