Zer erakusketa ikusi ahal izango dira Artiumen 2024an?

Erredakzioa 2024ko urt. 10a, 10:30

Joxerra Melguizo gasteiztarraren erakusketa urriaren 18an iritsiko da. Argazkia: ARTIUM

2023an bisita kopurua %23 handitu ostean, Artium Museoak 2024ko erakusketen programa aurkeztu du. Besteak beste, Ibon Aranberri, Patricia Dauder, Jöelle Tuerlinckx, Joxerra Melguizo, Nestor Basterretxea eta Eduardo Chillidaren lanak ikusi ahal izango dira.

Artium Museoak 86.300 bisitarirekin itxi zuen 2023. urtea, iazko bisita kopurua %23 handituta. Horrela, museoak pandemia aurreko datuak berreskuratzetik gertu dago; zehazki, 2019ko datuetatik %4ra baino ez dago. Testuinguru horretan, urte berriarekin batera aurtengo programazioaren lehen zertzeladak eman dituzte.

2024ko erakusketen programa berriari hasiera emateko, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak Edonor denok inor ez. Arte-hezkuntzaren instituzionalizazio-prozesuak Euskal Herrian, 1978-1991 erakusketa aurkeztuko du otsailaren 2an. Lehen erakusketa horrek Bilboko Arte Ederren Goi Eskola Fakultate bihurtu eta 1978an EHUn sartu zen unea nabarmentzen du, bai eta eredu akademikoek gutxiago baldintzatutako irakaskuntza modu bat eskatzen zuten ikasleen eskaerak eta euskal artisten aldarrikapenak ere. Komisarioak Mikel Onandia, Sergio Rubira eta Leire Vergara dira, eta Pentsatzeko leku bat. Arte-eskola eta -praktika esperimentalak Euskal Herrian (1957-1979) erakusketa proiektuaren jarraipena da.


'Edonor denok inor ez' erakusketa aurkeztuko dute otsailaren 2an.
Argazkia: ARTIUM

Aranberri eta Dauder

Bestalde, Artiumek bi proiektu berri jarriko ditu abian apirilaren 26an. Alde batetik, Ibon Aranberrik Vista parcial erakusketa aurkeztuko du, 90. hamarkadatik gaur egunera arteko lanen sorta batekin. Pieza gehienek etsipenarekiko etengabeko kezka aipatzen dute, unean uneko behar sozial, ekonomiko eta politikoek eraldatu dituzten lekuetan (natura guneak edo gizakiak eraikitakoak) burututako ekintza politikoen bidez.

Bestetik, egun berean, Patricia Dauderrek UNFORM aurkeztuko du, eskulturak, marrazkiak, instalazioak eta filmak biltzen dituen erakusketa. Desagertzeak —askotan aztarna ia hautemanezinak uzten dituzten une afektibo horiek— arakatzeko duen interesa aztertu eta denboraren joanari buruzko arreta egiaztatu du Bartzelonako artistak, metaketaren eta ezabaketaren bidez.


Patricia Dauder (Bartzelona, 1973) artistak 'UNFORM' aurkeztuko du apirilean.
Argazkia: ARTIUM

 
Basterretxea eta Chillidari omenaldia

2024an, Nestor Basterretxea (1924–2014) eta Eduardo Chillidaren (1924–2002) jaiotzaren mendeurrena ospatuko da, eta Artium Museoak XX. mendeko bi euskal artista esanguratsu horiei eskainitako erakusketa bana antolatuko ditu.

Maiatzaren 10etik aurrera, Basterretxeak zinematografiaren alorrean utzi duen ondarea aztertuko du Artiumek, familiak artistaren artxiboaren dohaintza egin ondoren. Film ezagunetan —esate baterako, Operación H— zein amaitu edo gauzatu gabeko proiektuetan oinarritutako esplorazioa da. Gainera, proiektuaren parte gisa, Dokumentazio Zentroak garatutako 5.000 dokumentu baino gehiagoren katalogazioa aurkeztuko du: gutuneria, eskuizkribuak, marrazkiak, zirriborroak, liburuxkak, argazkiak, hainbat proiekturen planoak...

Azaroaren 15ean, berriz, Eduardo Chillidari eskainitako erakusketa aurkeztuko dute. Chillida izenburupean, artistaren bi dimentsioko formen eta ikonoen ilustratzaile eta sortzaile alderdia erakutsiko da, bai bere erakusketen esparruan, bai erakunde publiko eta pribatuentzat egindako enkarguetan. Chillidaren unibertso hedatua arakatuko du esposizioak, diseinu grafikoaren, kartelgintzaren, ehungintzaren, zeramikaren edo bitxigintzaren bitartez.


Basterretxeak zinemagintzan utzitakoa, maiatzaren 10etik aurrera.
Argazkia: ARTIUM

 
Tuerlinckx eta Melguizo

Udaren ostean, irailaren 20tik aurrera, Jöelle Tuerlinckx artista belgikarrak erakusketa espazioa eraldatuko du museoaren zirrikituak eta erakunde gisa egiten diren barne-lanak esploratzeko, Euskal Herrian egiten duen lehen erakusketan. Memoria eta automatizazioa erabiliko ditu espazioa eta barruan sortzen diren harremanak ikertzeko bitarteko gisa.

Hurrengo hilean, urriaren 18an, Artium Museoak Joxerra Melguizo gasteiztarrarren erakusketa bat aurkeztuko du. Prozesuan eta egiteko beharrean oinarritzen den lan baten emaitza da, Oteizaren esaldi honetan laburbilduta: "Artea bizi nahi duen baina ez dakien batentzat da". Ibilbide horretarako, artistak marrazkia eta pintura berreskuratu ditu egunkari pertsonal bat egitearekin zerikusia duen eguneroko prozesu batean.

Beste erakusketak

Plazaratu proiektuaren esparruan, barruko plazan dagoen hiri-baratzeko (Lorategia) lanari, azken urteetan Alberto Peral, Jose Ramón Ais, Nestor Basterretxea eta, 2023an, Esther Ferrerren lanak gehitu zaizkio. 2024rako aurreikusitako jardueren artean, Irene Kopleman artista argentinarrarekin proiektu bat garatzea dago.

Bestalde, Artiumek 2023ko urrian zabaldu zuen Carolina Caycedo artistaren Adiskideen lurraldea erakusketa apirilaren 4ra arte egongo da zabalik. Energia azpiegitura handiak eraikitzearen aurka dauden gizarte mugimenduei eta komunitateei buruz egiten duen ikerketan oinarrituta dago lana.

Azkenik, mugimenduan dagoen irudiaren esparrua aztertzen duen Z aretoko programak Randa Maroufi marokoar artistaren Bab Sebta (Ceutako atea) aurkeztuko du urtarrilaren 12tik aurrera. Maroko eta Espainiaren arteko muga eta bertan egunero izaten diren negoziazioak aztertzen ditu filmak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago