Joan den ostiralean Urizaharreko harrobian gertatutako lan heriotzaren ostean, ostegun honetan elkarretaratzea egin dute LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan, 2024. urtea hasi zenetik gertatutako lan istripuak salatzeko.
Izan ere, urtarrileko lehenengo lau asteetan zehar dagoeneko hamar langile hil dira lan istripuz Euskal Herrian; horietako bat Araban: Urizaharrean makina batek harrapatuta hildako 53 urteko langilea. "Urte hasiera oso gogorra izaten ari da langileentzat. Baina gogorrena da ez dela une puntuala edo isolatua. Urtero, batez beste, 60 langile hiltzen dira lan istripuen ondorioz Euskal Herrian, eta 1.000 baino gehiago hil dira 2008tik", ohartarazi du LAB sindikatuak.
Zerrenda luze horren atzean "lan osasuneko araudiaren ez-betetze larriak" daudela dio sindikatu abertzaleak. "Araudia duela hiru hamarkada existitzen den arren, patronalak ez du betetzen eta, inpunitate osoz, zerrenda makabro hori elikatzen jarraitzen du. Eusko Jaurlaritzak ez du borondaterik prebentzio legea betearazteko. Patronalaren zigorgabetasuna langileen heriotza da, eta, horregatik, baliabideak eta neurriak beharrezkoak dira, behingoz lan osasunari buruzko araudia bete dadin".
LABek "neurriak har ditzala" exijitu dio Jaurlaritzari, "patronalak lan osasuneko eta prebentzio neurri guztiak bete ditzan". Norabide horretan, hiru proposamen zehatz egin dizkio EAEko gobernuari:
- Patronala behartzea lan osasunari buruzko araudia betetzera. "Trafiko istripuetan eta lan istripuetan hildakoen kopurua ia berdina izanik, lehenengo kasuan 293.000 isun jarri zizkieten gidariei 2022an, eta 700 isun baino ez ziren jarri prebentzio araudia betetzen ez zuten enpresei. Onartezina da", salatu du sindikatuak.
- Lan ikuskatzaile gehiago kontratatzea. "41 ikuskatzaile besterik ez daude EAE osoko enpresa guztiak kontrolatzeko, Europako kopuruetatik oso urrun", dio LABek.
- Osalaneko teknikariek gaitasun exekutiboa izatea, enpresek ebazpenak bete behar izateko. "Egun, aholkularitza erakunde hutsa baino ez da, eta haren ebazpenak ez dira nahitaez bete behar", ohartarazi dute.