Arabako Suhiltzaileen zerbitzuak jakitera eman duenez, ostiral honetako 14:20ak aldera 53 urteko langile bat hil da Urizaharreko (Mendialdea) Ofitas de Santutis harrobian, antza denez, makina batek harrapatuta.
Larrialdi Zerbitzuak bertaratu dira, tartean suhiltzaileak, Ertzaintza eta osasun langileak. Beharginaren heriotza baieztatu baino ezin izan dute egin. Une honetan, gertatutakoa ikertzen ari dira.
2024an Araban gertatutako lehenengo lan istripu hilgarria da gaurkoa. LAB sindikatuaren datuen arabera, urtarrileko 19 egun eskasetan, gaurkoa zenbatuta, dagoeneko zortzi langile hil dira lan istripuz Euskal Herrian; eta soilik aste honetan bost izan dira. 2023an zehar, guztira 59 lan heriotza zenbatu zituen sindikatuak; horietako hamaika Araban.
Accidente laboral en Peñacerrada, una persona fallecida.
— Arabako Foru Suhiltzaileak (@BomberosAraba) January 19, 2024