Paradisua infernu denean

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2024ko urt. 29a, 06:00

Bizikidetza arazoak medio, Gineako kontzejua desagertzeko prozesua abiatu du herriko biztanleen gehiengoak. PHOT.OK

Hiru kasu ezagutzen dira baina gehiago izan daitezke. Herri txikien irudi bukolikoak muturreko liskarrak ezkutatzen ditu batzuetan, eta kontzejuen gobernuan islatzen dira gatazkak, funtzionamendua blokeatuz eta oinarrizko zerbitzuak etenaz. Egun, egoera larri horietan esku hartzeko tresna bakarra epaitegiak dira. 

Trapu zikinak etxean garbitzen dira. Premisa horrek markatzen du oraindik ere gardentasunaren ispilu izan beharko lukeen gure herrialdeko erakunde publiko askoren jarduera. Arabako kontzejuetan maiz gertatzen dira gatazkak, baina soilik konponezinak edo muturrekoak bihurtzen direnean izaten dira albiste; bitartean, herriko bizilagunen desesperazioa oharkabean pasatzen da. Arazoen jatorria askotarikoa da: bizikidetza arazoak dira askotan; beste batzuetan lehentasunen inguruko desadostasunak; nekazariak eta abeltzainak direnen eta ez direnen arteko talkak izan daitezke; urte luzeko kazikismoa… Orduan, herri txikia, ederra eta lasaia, infernu bihurtzen da, eta mehatxuak, erasoak edo irainak eguneko ogia.

Ibargurenen bizikidetza arazo "oso larria" dagoela salatu du Asparreneko alkateak.

Ibargurengoa da hedabideetara salto egin duen azken kasua, Asparreneko alkate Txelo Auzmendik Arabako Batzar Nagusietan egin duen agerraldiaren harira. Baina ez da bakarra. Mioma eta Karanka herriek osatzen duten kontzejuan ez dago bakerik aspaldi; eta Gineako kontzejua desagertzeko tramiteak abian dira, herrikideen arteko gatazka luze baten ondoren.

"Ez dugu tresnarik kontzeju baten lehendakaria kargutik kentzeko"

Kontzejua desagertzea eta eskumenak Gaubeako Udalaren eskuetan uztea izan da Gineako herritarrek hartu behar izan duten azken erabakia, herrian dagoen arazoari amaiera emateko. Hala, 2022ko maiatzaren 25ean eskaera egin zion Gineako kontzejuko lehendakariak Arabako Foru Aldundiari kontzejua desegiteko prozesuari hasiera eman ziezaion. Batzar horretako aktan jaso dutenez, "luzaroan daude auzokideen artean harreman txarrak eta liskarrak kontzejuan; eta herriaren gobernua larriki eragozten eta zailtzen dute". Liskarrek "kalte egiten diete auzokide guztiei batzar administratiboaren eskumeneko zerbitzu publikoak emateari dagokionez", azaldu dute. Kontzejuen Foru Arauaren 23. artikuluak eskatzen duen bezala, biztanleen bi hereneko gehiengoarekin egin dute eskaera Ginea desagertzeko. Herrian 21 bizilagun daude erroldatuta; 18 joan ziren batzarrera, eta 14k desegitearen aldeko botoa eman zuten, eta 4k aurkakoa.

Kontzeju bat gutxiago

Alta, 2022ko uztailean Gineako zenbait bizilagunek kontzejua desegitearen aurkako alegazioak aurkeztu zituzten; Arabako Fiskaltzaren aurrean salaketa ere aurkeztu zuten, ustezko legez kanpoko erroldatzeengatik; eta kontzejua desegiteko prozedura bertan behera uzteko eskatu zuten. Arabako Fiskaltzak, ordea, 2023ko otsailean artxibatu zuen salaketa; eta aldundiak bere aldetik aurrera jarraitu du desegiteko tramitearekin. Iaz, Lurralde Orekaren Zuzendaritzak desegite espedientea bidali zion Kontsulta Batzordeari, nahitaezko txostena egin zezan. Ondoren, foru arauaren proiektua diputatu nagusiaren sailari igorriko zaio, eta dena ondo bidean, kontzeju bat gutxiago izango du Arabak urteon, Gineako bizilagunen gehiengoaren lasaitasunerako.

Gaubeatik atera gabe, Miomatik banatzeko eta kontzeju berri bat sortzeko prozesua abiatu zuten 2017an Karankako bizilagunek, gatazka luze batek kontzejuaren jarduera erabat blokeatua zuelako. Kontzejuen foru arauak zehaztu bezala, herrian erroldatuta zeuden bizilagunen bi herenak  –12tik 9k– sinatu zuten desanexioa justifikatzeko agiria. Mioman ziren bizikidetza arazoek Karankako egunerokoa eta etorkizuna baldintzatzen zituztela adierazi zuten idazki horretan, eta Mioma-Karankako kontzejuak eman behar zituen zerbitzu publikoak ez zirela bermatzen ari, tartean argiteria publikoaren mantenua eta ur hornidura. "Mioman bizilagunen artean hainbat desadostasun daude; bileretan eztabaidak normaltasunez garatzea eragozten dute, eta herriak kudeatzeko erabakiak hartzea eragozten dute", azaldu dute desanexioaren aldekoek.

Ertzaintza, kontzejuan

Bizikidetza arazoak ordena publikoaren arazo ere bihurtu zirela gaineratu dute bizilagunek desanexioaren aldeko idazkian. Izan ere, egoera gatazkatsuaren ondorioz, kontzejuaren bileretan, Ertzaintzak guardia egiten zuen atean, eta, batzuetan, kontzeju gelaren barruan ere esku hartu behar izan zuen, bizilagunen arteko liskarrak ekiditeko. Egoera horretan, "Karankako herritar gehienak ez dira kontzejuaren batzarretara joaten, ez parte hartzeko gogo faltagatik, Miomako biztanle batzuek sortutako tentsio eta liskar egoeragatik baizik".

Miomako bizilagunen artean dauden liskarrek Karankako herritarrek desanexioa eskatzea eragin dute.

Gaubeako alkatearekin eta Diputazioaren Lurralde Orekaren sailaren ordezkariekin hamaika dei eta batzar egin zituzten bizilagunek, eta babesa eskatu zuten, prozesua martxan jartzeko. 2018an, Gaubeako Udalaren osoko bilkurak aho batez onartu zuen Karanka Karanka-Miomako Administrazio Batzarretik desanexionatzeko proposamena babestea, eta gainerako erakundeei  gauza bera egiteko eskatu zien. 2020an, berriz, txostena egin zuen aldundiaren Lurralde Orekaren sailak, proposamena bideragarria ikusten zuela argudiatuz, eta desanexionatzeko egin beharreko urratsak zehaztuz. Alta, 2021ean, desanexio prozesua trabatuta geratu zen, beste behin Karanka-Miomako kontzejua biltzeko eta erabakiak hartzeko arazoak medio.

Gaur, egoerak bere horretan dirau. Izan ere, 2022an, hainbat herritarrek Karanka SOS izeneko proposamenaren baitan erreskate plana eskatu zuten Diputazioaren aurrekontu parte-hartzaileetan. Proposamenak jasotzen duenez, "Mioma-Karankako Batzar Administratiboaren utzikeria, axolagabekeria eta eraginkortasunik eza direla eta, Karankan ez dira oinarrizko zerbitzuak (argiteria publikoa, herriko bideen mantenua, uraren gaineko zaintza...) eskaintzen ari, eta bertako bizilagunak erabat abandonatuta daude. Egoera tamalgarria da, izan ere azken bi urte hauetan, esate baterako, herria argirik gabe dago", azaldu zuten.

Diputazioaren aldetik "urgentziazko inbertsioak" galdegin zituzten, baina proposamenak ez zituen behar adina boto lortu aurrera egiteko. Azkenean, Gaubeako Udalak esku hartu behar izan zuen, eta argiteria publikoan zegoen matxura konpondu zuen iaz, nahiz eta foru arauaren arabera, kontzejuaren eskumena izan.

"Ibargurenen beldurra dago; gauza izugarriak gertatzen ari dira"

Añanatik Lautadara, iluntasuna ere nagusi da Ibargurenen. Iluntasuna eta gatazka larria. Jesus Martinez Urra Ibargurengo Batzar Administratiboko lehendakariak Batzar Nagusietara jo du bere kasua azaltzeko, eta Asparreneko Udalaren eta Lautadako Kuadrillaren jarrera salatzeko. "Ditugun arazoen aurrean, udalak ez du erantzuten, edo erantzuten digunean aurpegira barre egiten digu", esan du, eta gaineratu du 2.500 euro gastatu dituela kontzejuak udalaren kontra epaitegietan dituen auzibideak ordaintzeko. "Gu bakarrik defendatu behar gara, Lautadako Kuadrillak beste administrazioa defendatzen duen bitartean. Guri kuadrillak ez digu kasurik egiten. Hori onartezina da", kexatu da.

Beste arazoen artean, argi horniduraren falta eta kalitatezko ur hornidura bermatzeko zailtasunak dira larrienak, lehendakariaren esanetan. 2016an autokontsumo elektrikoaren sistema martxan jarri zuten Ibargurenen; eta argiteria publikoa ordaintzeko Asparreneko Udalak beste kontzejuekin dituen hitzarmenetik ateratzea erabaki zuten. Alta, autokontsumoaren bateriak matxuratu egin dira, eta une honetan, zentro sozialaren argia, uraren ponpaketa edo argiteria publikoa ezin dituzte mantendu. Gainera, edateko uraren klorazioan ere arazoak izaten ari dira argi mozketak medio. Adelaida Pinedo Ibargurengo bizilagunaren arabera, 2017an ikusi zuten arazoak izango zituztela, eta ordutik urtero eskatu diote Asparreneko Udalari kontzejuen hitzarmenean berriro sartzea, baina ukatu egin diete. "Berdintasunezko tratua nahi dugu. Beste kontzejuak bezala, hitzarmen berdinean integratzea eta argiteria publikoa eta uraren kudeaketa udalaren esku izatea".

Bizikidetza arazo "oso larria"

Martinezen eta Pinedoren bertsioa goitik behera ukatu dute Txelo Auzmendi Asparreneko alkateak, Iratxe Maza Andoingo lehendakari eta Asparreneko kontzejuen elkarteko kideak eta Manuel Bergera Ibargurengo bizilagunak. Alkateak Batzar Nagusietan azaldu duenez, argiarekin eta urarekin Ibargurenen dituzten arazoak batzar administratiboaren funtzionamendu okerraren ondorio zuzenak dira: "Argiteria publikoaren mantenua eta ur horniketaren eta saneamenduaren arloko eskumena kontzejuena da, ez udalarena. Izugarria iruditzen zaigu Ibarguren argirik gabe egotea, baina udala ez da egoeraren erantzulea; kontzejuaren erantzunkizuna da, bere eskumena da. Ez dago inolako diskriminaziorik" zehaztu du.

Azaldu duenez, Asparreneko Udalak kontzejuekin urtero berritzen duen kolaborazio hitzarmenaren baitan, argiteria publikoaren kontsumoa ordaintzen du udalak, Ibargurenena izan ezik. "Ez dago arazoa hitzarmena berriro sinatu nahi badute, baina errebisioa egin beharko dute, beste kontzejuek bezala eta baldintza berdinetan", esan du Auzmendik. Dena dela, Asparreneko alkateak argi utzi nahi izan du Ibargunengo arazo nagusia bizikidetza arazo "oso-oso larria" dela. Adibide gisa aipatu du 2015etik lau familia joan direla herritik, "jazarpenagatik, bizikidetza arazoengatik eta botere abusuagatik".

Auzmendiren hitzak berretsi ditu Ibargurengo bizilagun Manuel Bergerak, eta azpimarratu du Batzar Nagusietan hitz egiteagatik "arrisku handia" hartu duela, eta "ondorioak" pairatuko dituela: "Ez dakit Ibargurengo nire etxean zer gertatuko den", esan du. Ibargurengo auzokideak azaldu duenez, kontzejuak bere kontra hogei salaketatik gora jarri ditu auzi desberdinengatik, eta erasoak zein jazarpenak salatu ditu. "Aguraingo ertzain batek esan zidan komisaldegia Ibargurenen egon behar zela eta ez Agurainen, salaketa gehienak bertatik iristen direlako". Ildo horretan, Ibargurenen beldurra dagoela ziurtatu du Asparreneko alkateak eta "gauza izugarriak" gertatzen ari direla.

Diputazioak, eskuak lotuta

Kontzejuen funtzionamendu okerra bideratzeko tresna bakarra, une honetan, epaitegiak dira; eta diputazioak bitartekari lana bakarrik egin dezake. Hala egin du Ibargurenen kasuan, Asparreneko alkateak azaldu duenez, baina ez du ezer lortu. "Soluzio bat izatea gustatuko litzaiguke, baina oso zaila ikusten dut, kontzejuko lehendakariarekin hitz egitea oso zaila delako. Ez dakit zein den irtenbidea, baina egoera izugarria da".

Kezka erakutsi du ere Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak gaiarekin, baina nabarmendu duenez, aldundiak ez du legezko tresnarik batzar administratibo bateko lehendakaria kargutik kentzeko. Gainera, aitortu du Ibargurengoa ez dela kasu bakarra, "batez ere tamaina txikiko herrietan gertatzen da"; eta, bere ustez, komenigarria litzateke esku hartu ahal izateko tresna bat izatea, arazoak larriak direnean eta bizikidetzan eragin nabarmena duten kasuetan. "Orain dagoen tresna bakarra auzitegiak dira. Aldundiak bitartekaritza lana egin dezake, bizikidetza hobetzeko, baina ez dugu mekanismorik demokratikoki hautatua izan den presidentea kargutik kentzeko", esan du Gonzalezek.

Kontzejuen Foru Araua berrikusteko eta eguneratzeko ponentzia izan daiteke bizikidetza arazoei irtenbidea emateko aukera. Abenduan jarri dute abian, eta hurrengo hilabeteetan alderdi politikoek aztertu beharko dute 336 kontzejuen gorbernantza eredua egokia den edo aldaketak egin behar diren. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago