Enrique Bert

"Aurreiritziak antzoki atarian utzita joan behar da operara"

Anakoz Amenabar 2024ko urt. 27a, 07:46

Enrique Bert opera aditua, Gasteizko Alde Zaharrean. Argazkia: Mikel Buruaga

Historia irakaslea bada ere, opera du zaletasun Enrique Bertek, eta pasio hori zabaltzen saiatzen da hedabideetan egiten dituen kolaborazioetan; aldizkari espezializatuetarako artikuluekin batera, EITBn 'Opera prima' podcasta sareratzen du, musika lirikoa "beste ikuspegi batez" lantzeko asmoarekin.

Excel-orri batean jaso ditu Enrique Bertek (Elgoibar, 1963) azken lau hamarkadetan gozatu dituen opera  guztiak. Saioak, konpositoreak eta hiriak. Guztira, 800 emanaldi baino gehiago, eta oraindik grinatsu itxoiten du opera bakoitza. "Niretzat gizakiak asmatu duen arterik ederrena da opera, eta uste dut izugarrizko zortea dudala".     

Zein izan da gozatu duzun azkeneko opera?

Opera benetan gozatzeko zuzenean bizi beharra dago, antzoki batean, eta, zoritxarrez, Gasteiztik kanpo joan behar dut horretarako derrigor. Umeen opera bat ikusi nuen abenduan Madrilen, Gabonen ingurukoa, oso xumea, eta izugarri hunkitu ninduen. Beharbada ez ziren abeslari ikaragarriak, baina operak gaitasun hori dauka: proposatzen dizuten hizkuntza hortan sartzen bazara, edozein abeslarirekin disfruta dezakezu. 

Hainbeste lan ikusita, geratzen al da sorpresarako zirrikiturik? Ez al da gero eta zailagoa emozionatzea?

Bada, bai. Baina badira huts egiten ez dutenak. Madama Butterfly, esaterako, hogei bat aldiz ikusi dut, beste hainbeste aldiz ikusiko dut hil aurretik, eta beti negar egiten dut Butterflyk bere seme jaioberria erakusten duenean. Eszena horrek badauka nigan gaitasun hori, nahiz eta gaizki abestu. Alegia, opera bat askotan ikus dezakezu, baina musikariak lortu badu partituran emozio bat transmititzea, nahiz eta aurreikus dezakedan, hunkitu egiten naiz, horretarako prest nagoelako. Ni beti disfrutatzera noa, sufritzera doanak ez du zertan joan.   

Hurrengo opera emanaldien artean, begiz jo al duzu baten bat?

Urtean zehar mugarri batzuk izaten ditut, eta aurten nahikotxo ditut. Euskadi Orkestrak apirilaren 18an lehen aldiz eskainiko du Lehen gizakiak (Die ersten Menschen), Rudi Stephanek konposatutako opera, erabat ezezaguna eta oso bitxia; Lehen Mundu Gerran hil zen oso gazte, bere musika desagertu egin zen, eta orain berreskuratzen ari dira. Lan oso interesgarria iruditzen zait Euskadiko Orkestrak halakoak bultzatzea. Madrilen, bestetik, holokaustoaren inguruko opera bat ikusiko dut martxoan: Weinbergen Die Passagierin. DVDan ikusita daukat, eta gogoratzen dut lehendabiziko aldiz ikusi nuenean zur eta lur geratu nintzela, holokaustoaren drama opera batean islatzeko duen gaitasunagatik. Eztabaida interesgarria piztu dezake honek Madrilen, Gazakoa bizi dugun bitartean. Halako gauzak interesgarriak dira, gainera, jendeak dituen aurreiritziak apurtzeko balio dutelako; opera garaikideak pil-pilean dauden gaiak lantzen ditu.

"Genero indarkeria moduko gaiak bizirik daude opera garaikidean ere"

Zein da operaz duzun lehen oroitzapena?

Batetik, oroitzapena guraso eta hiru anaiekin dut, kotxean bostok abesten. Hamar bat urte izango nituen. Eta, beste alde batetik, musika irakasle desastre batek behin jarri zigun kasetea, Beethovenen Bosgarren sinfonia; gogoratzen dut sekulako lotsa ematen zidala onartzea gustukoa nuela musika hori, hamalau bat urterekin. Egoera horien konbinazioa izan zela uste dut; 19 urterekin amari opera bat ikusi nahi nuela esan nion. "Mutil hau ez da normala", pentsatuko zuen, eta auskalo zenbat denbora aurrezten ibili eta gero, 600 pezetarekin Bilbora joan nintzen Pucciniren Manon Lescaut operara; ez nuen ezer ulertu, baina bigarren bat izan zen gero eta... Etxean abesteko zaletasuna genuen, ama beti gogoratzen dut sukaldean abesten, eta niri ere gustatu zait, eta abesbatza batzuetan opera ere kantatu izan dut, Easo abesbatzarekin adibidez; gehiegi ez izorratzen saiatu nintzen, oso gaizki abesten dut eta, baina oso esperientzia polita izan zen opera barrutik bizitzea. Geroztik, beste modu batez ikusi ditut opera abeslariak, baita gustatu ez zaizkidanak ere; ezin da mespretxatu pertsona batek egiten duen lan guztia saio batengatik, kristoren lana dago atzetik, eta badakit zer den publikoaren aurrean jartzea.

Enrique Bert, musika klasiko bila, Vinylora disko dendan. Argazkia: Mikel Buruaga.

Zer bilatzen duzu operan?

Niri, gaur egun, gauza berriak ezagutzeak motibatzen nau. Baina, aldi berean, denboraren makina bat izango banu, Maria Calasek interpretatutako betiko La Traviata entzutera joango nintzateke, zalantzarik gabe, eta ziurrenik bihotzekoa sufrituko nuke bigarren ekitaldian. Opera zaleok askotan amaigabeko frustrazio batean bizi gara, garai bateko abeslariak zuzenean ezin ikusi, diskoetan entzuten ditugun horiek. Aldiz, Placido Domingo, Montserrat Caballe, Jose Carreras eta beste hainbat zuzenean entzuteko aukera izan dut, eta ziurrenik horiek etorkizuneko opera zaleen mitoak izango dira. Belaunaldi bakoitzak bereak. Nire kasuan, agenda eta bizitza osoa, neurri handi batean, operaren inguruan antolatzen dut, eta oporraldian ere operaren bat sartzen saiatzen naiz; aurten Bavaria aldera joango gara, eta Munichen pare bat ikusteko aprobetxatuko dut. Ezin dut imajinatu egun bat musikarik gabe, nire buruan bada ere.

Zein gomendatuko zenioke operara lehen aldiz joango den bati?

Operak badu hizkuntza propio bat, eta hori ezagutzea komenigarria da. Opera asko ikusita lortu daiteke hori, edo alboko kide batek metahizkuntza hori ulertzen laguntzea izan daiteke beste aukera bat, eta horretan saiatzen naiz ni. Zein den opera egokia? Eztabaida dugu horretan. 22 urteko gazte batek beharbada ez du ohorearen inguruko istorio klasiko batekin konektatuko, eta harentzat benetakoa den istorio batera eramango nuke. Genero indarkeria edo kolonialismoa moduko gaiak bizirik daude, eta operan badago horretarako aukerarik, beharbada haientzat erakargarriagoa izan daiteke.

Noiz erabaki zenuen dibulgatzaile lanak egiten hastea?

Beste norbaitek erabaki zuen. Euskadi Irratian tertulia batean parte hartzeko deitu zidaten, hain zuzen, opera gazteentzako interesgarria ote den eztabaidatzeko; pozik geratu zen Arantxa Iturbe eta hilabetero bueltatzeko eskatu zidan. Radio Vitorian ere 300 bat saio egin ditut, oso zoriontsu, baina kurtso honetan erabaki dute ez jarraitzea. Bestalde, Opera prima podcasta egiten dut EITBrentzat, eta oso ondo pasatzen dut. Urteekin ikasten joan naiz, eta zoriontasun hori konpartitu nahi dut. Gogo proselitista izugarria daukat, jendea konbentzitzea gustatzen zait. Ni horren zoriontsua baldin banaiz honetan, nola ez dut ba nahiko ingurukoak ere zoriontsu izatea? Familia eta lagun batzuek eskertu didate esperientzia. Baina onartzen dut, halere, ni friki bat naizela, eta gehienek bat ikusi eta "beste bat arte" esaten dutela...

Zergatik kostatzen zaio jendeari hainbeste operara gerturatzea?

Aurreiritziengatik %80ean, horretaz ez daukat zalantzarik. Ez dut inor ezagutzen pelikula txar bat ikusi eta zinemara bueltatuko ez dela esaten duenik, eta aldiz operan... Egia, eta onartzen dut, beharbada opera ez dela arte oso sinplea eta gutxieneko prestakuntza bat eskatzen duela. Baina, neurri batean, hezkuntza musikalik ez dagoelako da, formakuntzarik ez dagoelako, tradiziorik ez dagoelako Euskal Herrian... Alemanian operara gazte ugari joaten dira, baina Berlinen egunero hiru opera dituzu aukeratzeko. Jendeak hemen ez daki zer den opera bat, oraindik esmokina jantzita goazela uste dute... Aurreiritziak antzoki atarian utzita joan behar da operara, eta disfrutatzera joan behar da, niretzat berria izan daitekeen honek zer eskainiko didan ikustera, asko aurreratuko genuke horrela.

"Nahiko eszeptikoa naiz Principalen obrekin, besteak beste, espaziorik ez dagoelako"

Historia eskoletan ere baliagarri zaizu musika?

Bai, askotan jartzen dut. Bigarren Mundu Gerra azaltzen diedanean, nazien inbasioa musikaren bitartez Shostakovichek nola azaldu zuen erakusten diet, Zazpigarren sinfoniaren zati batekin, eta gehienetan hasieran barre egiten dute, urduri, baina jokoa zein ederra den ulertzen dutenean, sinistu egiten dute, konpositorea gai baita orkestra batekin inbasio militar izugarri bat azaltzeko. Hobeto ulertzeko, noski, pista batzuk behar dira.

Weinbergen 'Die Passagierin' opera. Argazkia: Karl Foster / Teatro Real.

Nolako osasuna du operak Euskal Herrian?

Eskaintza mailan, azken 40 urteetako momenturik onenean dagoela esango nuke. Hogei bat emanaldi ikus ditzakezu urtean; OLBE Operaren Lagunen Bilboko Elkartea da erabateko erregea, baina Iruñeko Baluarten operak dauzkazu, Kursaalen, Arriagan, Biarritzen... eta, gero eta gehiago, konpainia txikiekin Irun, Lasarte edo Barakaldon. Zein da, ordea, basamortua? Gasteiz. Orain dela 40 urte, lehendabiziko aldiz operara joan nintzenean, Euskal Herrian opera ikusteko leku bakarra Bilbo zen, eta garai hartan Bilboko burgesiak kontrolatzen zituen Coliseo Albiako besaulki guztiak; entxufe bati esker lortu nuen nik  sarrera. Gaur inoiz baino errazagoa da batean edo bestean lortzea.

Zer behar da Gasteizen?

Arlo lirikoan Gasteizko egoera lotsagarria da. Besteak beste, ez daukagulako azpiegiturarik, Principalen ezin da ezer egin espazioa eta baldintza teknikoengatik; abesbatzan nengoenean, tokatu izan zait soka eta kableen artean arropaz aldatu behar izatea, oreka ezin mantendu, eta 50 lagun egotea zortzi sartzen diren bulego batean. Orain obrak egingo dituzte, baina nahiko eszeptikoa naiz, besteak beste, espaziorik ez dagoelako. Hurrengo bi edo hiru hamarkadak ari gara baldintzatzen lan hauekin, eta ikusiko dugu.   

Gasteizko Udalean zinegotzi zinela izan zen Senda pasealekuko auditorio proiektuaren aurkezpena...

Eta ez zait inoiz ahaztuko Alfonso Alonsok egin zuen aurkezpena. "Arte eszenikoen jauregia" izango omen zen, eta ez zuen lekurik izango operak, zarzuelak eta dantzak. Nola da posible? Hor ikusi genuen ez zekitela zertaz ari ziren. Saiatu nintzen tamainako zerbat egin zedin eskatzen, gure egoeraren logikarekin, eta ez inoiz beteko ez zen gauza handi bat. Baluarte moduko zerbait gustatuko litzaidake, adibidez, baina azkeneko emanaldietan ikusi dut ere zer dagoen; %30 hutsik egon da. Oraindik ez gara kontziente pandemiak zer nolako eragina izan duen zenbat pertsonengan, eta Gabonetan edo gripe garaietan ez dira leku hauetan elkartzen. Bestalde, orokorrean oinarri musikala eskasa da gurean, musika lirikoari dagokionez, baita Bilbon ere; ohikoa bihurtzeko denbora nahikotxo behar da.

Euskarazko operarentzat bada lekurik?

Euskal Herrian euskaraz aurki daitezkeen operen aleak hamalau izango dira, etxean ditut denak. Ondare lirikoa txikia da, baina, azkenaldian, izan dira ekimenak, tartean Francisco Dominguez konpositorearen Arrosa xuriaren artean edo Simone de Beauvoirren Bigarren Sexua oinarri duena, Asier Lopez de Iraolaren eskutik. Euskaraz egin nahi badugu, gaur da momentu aproposena horretarako.

Bestelako musika mota baterako tarterik baduzu?

Izan daiteke %1a? Jazzarekin, esate baterako, egonezina sortzen zait; ez da akademikoa, eta inprobisatzen hasten direnean ezin dut, ez da nire parametroetan sartzen. Baina bereziki bi maisu gustatzen zaizkit. Batetik, Mikel Laboa; jenio bat da, eta bere Lekeitioak zoragarriak dira, oso lotuta dago musika opera garaikidearekin. Bestetik, Silvio Rodriguez; sinbolismo guztiagatik oso berezia izan da beti. Eta, noski, irrati komertzialek jai dute nirekin.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago