Ane Corralejo / Lier Gil de Paules

"Iraultza 1921 ezin da deskafeinatu"

Ruben Sanchez 2024ko urt. 22a, 06:00

Ane Corralejo eta Lier Gil de Paules, Mendizorrotza parean. Argazkia: Ruben Sanchez

Lier Gil de Paules (Gasteiz, 2003) 15 urterekin hasi zen Iraultzan; lehenago ondoko harmailan esertzen zen etxekoekin, futbolera baino gehiago Iraultzakoen harmailara begira pasatzen zuen partida. Ane Corralejok (Gasteiz, 1998) hamar urte darama Iraultzan, 15 urte zituela batu zen, Alaitz lagunarekin batera.

Mendizorrotza parean egin dugu hitzordua, eta hainbat horma-irudi erakutsi dizkigute. Futbola ulertzeko duten moduaz eta egiten duten lanaz harro daude biak: tifoak, pankartak, animazioa, txosna, jostailu-bilketak, antifaxismoa, abertzaletasuna...

Nola sortu zen Iraultza 1921?

Lier Gil de Paules: 2011-2012 denboraldian sortu zen. Gure harmailan hainbat peña zeuden: Gasteizko hintxak, Eztanda Norte, Sport friends, Araba taldea... Talde guztiek balore komun batzuk zituztela ikusita, batu egin ginen. Hasieran izen garbirik ez zen, eta Alaves hil arte pankartaren gibelean jartzen ziren denak.

Ane Corralejo: Orain Iraultza 1921 pankarta ezin dugu atera, buelta emanda erabiltzen dugu, debekatu digute "talde arriskutsuen" zerrenda batean sartu gintuztelako. Futbol modernoaren aurkako gure jarreragatik da.

Zer da Iraultza 1921ekoa izatea?

L.G.: Harmailako kideok asteak ematen ditugu tifoak margotzen, makurtu, altxatu, rodilloa hartu, arropan disolbatzaile usainaz; kamiseta, praka zein zapatak zikindurik. Gero, hainbat egunez eta ordu luzez egindako lana zelaian bost minututan ikusten da, baina ederra da. Alaves ikusteko kilometro pila bat egiten ditugu, autobusez, kotxez, hegazkinez, baina guretzat 90 minutu horiek, etxean zein bisitari moduan, zoramena dira.

Eta zuretzat Ane, nolakoa izan da hain gizonezkoa den mundu honetan sartzea?

A.C.: Txikitan futbolean jolasten nuen patioan, eta hor mutilekin ibiltzen nintzen, nire neska- kuadrillari ez zitzaion futbola gustatzen. Gero Alaitzekin, nire lagun batekin, hasi nintzen futbolera etortzen, Iraultzakoekin. Ondo moldatzen gara, familia bat gara.

Nola ulertzen duzue futbol mundua?

L.G.: Taldeak hiriarekin harreman oso estua du, guk estatu osoan zehar kolore urdin-txuriak harrotasunez erakusten ditugu. Bestalde, futbol profesionalak duen norabidearen aurka tinko gara jarki: prezioa zein ordutegiak zelaira goazen zaletuontzat jasanezinak dira, eta hori salatzeagatik isun patetikoak ere jaso ditugu. Azkenean, futbola bideratu dute ikuskizun eta kontsumo eredu batera, berau kapitalizatzeko duten erraztasunagatik, eta aldendu egin da zaletuen bizimodutik, zaletuen eskubideen errespetutik.

A.C.: Guk kolokan jartzen dugu Ligak duen hegemonia. Borroka honek estatu zein Europa mailan nolabaiteko erreferentzialtasuna eman digu, ez gara makurtuko futbola negozio bihurtu nahi dutenekin.

L.G.: Berriki salatu dugu Betisen kontrako partidarako sarreren garestitzea, esate baterako. Betis ez balitz izango, ez lukete egingo.

A.C.: Gabonak eta gero, jendea larri dabil, nola esan zure umeari ezin duzula sarrera ordaindu?

Eta Tebas berriro hor...

L.G.: Tebas Tebas da bai, baina ez da Tebas bakarrik, klubek bozkatu egiten dute, futbol-mundu guztia dago hor, bakoitzak bere esku-hartzea du. Horregatik gaude futbol modernoaren aurka, diruak bakarrik kontatzen duelako. Tifo bat atera genuen: Apaga la tele y salva el futbol. Gironaren kontrako partida, kasu, bidaia ederra izan zitekeen guretzat, baina astelehen batean...

A.C.: Negozioa jartzen dute zaleen aurretik: telebista eta dirua. Nor joan daiteke estadiora astelehen gau batean gaueko bederatzietan? Gainera, oso garestia da telebistan futbola ikustea.

L.G.: Ondorioak ondorio, berdin jarraituko dugu, beldur barik, gure baloreak eta nondik hasi ginen ahaztu gabe.

"Sentitzen dut beste guztiengatik, baina gurean dagoen giroa ez dago beste inon"

Ane Corralejo, Iraultza 1921

Aipatu duzue nahiago duzuela bigarren mailan egon eta zuen futbol zaletasunarekin jarraitu ahal izatea...

A.C.: Lehen mailan gehiago kontrolatzen gaituzte, isun gehiago jartzen dizkigute. Alavesekoak garenez, ba astelehenean partida, BarÁa, Real Madrid eta halako talde "handia" ez garelako. Bigarren maila parekatuago dago.

L.G.: Guri berdin zaigu Alaves bigarren edo hirugarren mailan egotea. Ez dugu lehen mailan zertan egon, beti jarraituko dugu Alaves. Mailak ez du ezer aldatzen.

Zergatik jaso dituzue isunak?

A.C.: Iraultzakoak izate hutsagatik. Alferrikako tentsioak sortzen dituzte, ekidin ahal direnak. 3.000 euroko isunak dira eta handiagoak ere bai, eta estadioetara sei hilabetez ez sartzera zigortzen gaituzte. Adin guztietako jendeari jarri dizkiote isunak, ez da bakarrik gazteen kontra. Levanten, gure lagun baten ama lurrera bota eta isuna jarri zioten. Kirol esparruan, biolentziaren aurkako legeak Poliziari arbitrarioki jarduteko ahalmen osoa eman dio.

L.G.: Batez ere kanpora goazenean jarri dizkigute isunak Iraultzaren kamiseta, bufanda, bandera, edozer janzteagatik. Euskaldunak eta Iraultzakoak izateagatik erasotzen gaituzte. Nahi dutena idazten dute, eta isuna jarri. Eta gu gara lehenengoak jendea kontrolatzen eta zaintzen, eta tentsio uneak saihesten saiatzen garenak.

Hainbat peña elkartuta sortu zuten babazorroek Iraultza 1921 taldea, 2012an. Argazkia: Iraultza 1921

A.C.: Gure zelaian ere izaten ditugu istiluak. Duela gutxi, Granadaren kontrako partidan, Palestinako ikurrak ateratzeagatik, ate bakarra ireki ziguten eta tapoi bat eragin. Polizien artean pasa behar izan genuen, "ohiko kontrola" deitu zioten, baina gure segurtasuna jarri zuten arriskuan.

L.G.: Larrialdi irteera ere itxi zuten, gurean umeak eta adineko pertsonak ere badaude, pentsa. Erreferentea gara gazte askorentzat, eta Poliziari hori ez zaio gustatzen. Baina ez bakarrik Mendin, Bilbon Aitor Zabaletaren erailketaren salaketan, Kirruli tabernan sartu ziren. Zer aurkitu zuten? Sukaldeko laban bat sukaldean!

Gai politiko-sozial asko salatu izan duzue.

A.C.: Iraultza sortu zenetik argi izan dugu, Alaves-zaletasunarekin batera, zeintzuk diren

gure baloreak: feminismoa, euskara, abertzaletasuna, arrazakeriaren aurkako borroka, langileen aldeko borroka...

L.G.: Gure hiriarekiko konpromisoa ez da hitzetan soilik geratzen, debekuak debeku, borroka askorekin bat egin dugu harmailan: Errekaleor, gaztetxea, M8, M3, Palestina, presoen aldeko mobilizazioak...

"Gure hiriarekiko konpromisoa ez da hitzetan soilik geratzen, debekuak debeku, borroka askorekin bat egin dugu harmailan"

Lier Gil de Paules, Iraultza 1921

Txosna ere jartzen duzue.

A.C.: Niri asko gustatzen zait txosna, elkargune bat da. Udaran gainera futbolik ez dago eta ez gara hainbeste elkartzen, hor batera egiten dugu lan.

Zer moduzko harremana duzue klubarekin?

A.C.: Harreman adeitsua dugu, hala ere, beti lehenetsi dugu klubarekiko independentzia. Independentzia horri esker nahi ditugun gaiak eta protestak egin ditzakegu harmailan. Ez bagina erabat independente izango, beharbada gai batzuk ezingo genituzke landu.

Zenbat kide zarete?

L.G.: Iraultzako kanpaina amaitu gabe dugu eta 800 kidek osatzen dugu taldea, baina Arabako garrasian 1.800 gara, hori da gure harmaila osatzen duen jende guztia. Bertan sartzeko itxaron- zerrenda nahiko handia da, eta harmaila handitzea nahi dugu, behar bat dago.

Partida osoa ematen duzue kantatzen, nondik hartzen dituzue erreferentziak?

L.G.: Europa zein Hego-Amerikako harmailei egiten diegu so, eta guretzat baliagarriak izango diren kantak sortzen ditugu. Animazio taldekoei asko kostatzen zaie kanta bat sortzea, jendeari puntxa emango diona; gero egia da jende guztiak laguntzen duela eta bere alea jarri.

Eta baduzue euskaraz kanta gehiago sartzeko asmoa?

A.C.: Hiriaren errealitate soziolinguistikoa aintzat hartzen dugu. Harmailatik azken urteotan euskarari bultzada eman diogu, errealitate hori irauliz. Kontziente gara asko dugula egiteko. Harmaila bestalde, gero eta gazteagoa da eta euskaldunagoa. Gure gurasoetako askok ez dakite euskaraz eta gu euskaldun berriak gara.

L.G.: Nik lagun askori esaten diet leku itxuraz euskaldunagoetan baino euskara gehiago entzun eta hitz egiten dudala harmailan, bileretan, lantalde gehienetan, baina batzuek ez dakitenean elebitan egiten dugu. Garrantzitsua da euskarari gure erreferentzialtasuna ematea.

Zein hintxa talde da zuen laguna?

L.G.: Euskal talde guztiak, eta orokorrean dauden hintxa talde antifaxistak ditugu adiskide. Euskal taldeen artean, adibidez, ofizialtasunaren aldeko borrokan bat egiten dugu derbietan...

Zenbat emakume zaudete Iraultzan?

A.C.: Zorionez, gero eta gehiago gara harmailan, eta adin desberdinetakoak. Arlo guztietan hartzen dugu parte berdintasunez, baita erabakiak hartzerakoan ere. Gehiago izan nahiko genuke, baina ez dago toki bat bera ere libre, itxaron-zerrenda luzea dugu, eta asko emakumeak dira. Horrez gain, mugimendu feminista bat sortzen ari gara Iraultza 1921en barruan, harmailan emakumeen presentzia sustatu, eta espazio seguruago, errespetuzkoago eta antolatuagoa sortzeko, zeozer gertatzen bazaizu, gauzak konpontzeko konfiantzazko pertsona batzuk izan ditzazun, erreferentzia bat.

Hintxa taldeen artean Iraultza 1921 erreferentziala bihurtu al da?

A.C.: Egia da tifoen kontura erreferentzialtasun handia lortu dugula, kristoren lana egiten dugu eta eredutzat hartu gaituzte askok. Animatzen ere, jokalariek, entrenatzaileek, denek esaten dute, beste taldetakoek ere, ikaragarria dela egiten dugun indarra. Entrenamenduetan, harrera guztietan, zelaian... nonahi gaude. Askotan lortu dugu estadio osoak animatzea, oilo ipurdia jartzen zaigu, estadio osoa ari garenean.

L.G.: Sentitzen dut beste guztiengatik, baina gurean dagoen giroa ez dago inon. Iraultza ez balitz egongo, Alaves non egongo zen? Eta errepresioaren kontura ere jasotzen dugu beste zaleen berotasuna eta babesa. Gauzak gaizki egiten direnean esan behar da, baina ondo egiten direnean ere bai. Laguntzen digute jostailu bilketan, tifoak egiten... Adin guztietakoek. Eta gure izaerarekin jarraituko dugu. Batek zioen bezala, kafea deskafeinatu ahalko da, eta alkohola alkoholik gabe geratuko da, baina Iraultza 1921 ez du aldatuko inork inoiz.

A.C.: Ez gaituzte kikilduko.

Eta klubak?

A.C.: Ezta ere, begira Betisen kontrako partidarako protesta, lehen ere greba egin genuen, tirabira gogorrak izan genituen...

L.G.: Baita talde arriskutsuen zerrendan sartu gintuztenean ere. Ez genuen merezi, gutun bat idatzi genion CSD-ri, eta ez ziguten erantzun. Hor dauden taldeak, beste motibo batzuengatik, gu ezin gaituzte haiekin batera sartu.

Faxismoari edo arrazakeriari lekua uzten zaio futbol munduan?

A.C.: Eta matxismoari. Poliziak talde faxista eta talde antifaxista baten aurrean, nork babesten du? Gogoan ditugu Aitor Zabaleta, Jimmy, Lucrecia...

L.G.: Faxismoa estrukturalki dago estatuan sartuta eta babestuta, guri antifaxistak izatea geratzen zaigu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago