Liburu berria eskutan hasi du urtea Enrique Etxazarra (Gasteiz, 1970) ikertzaile eta idazleak: Magos y psíquicos: La frontera entre lo paranormal y el ilusionismo. Isabel Mellen historialaria eta David Blanco ilusionista alboan zituela aurkeztu du liburua Gasteizen.
Beste liburu bat! Ezin geldirik zabiltza.
Egia esanda, denbora asko kaxoi batean gordeta nuen proiektu bat zen. Aurretik hainbat argitaletxerekin mugitu nuen ideia, baina, liburu nahiko kritikoa denez, ez zuten interesik agertu. Bada, duela bi urte, Crónicas de brujería berrargitaratu genuenean, Reediciones Anómalas argitaletxeko editoreek eskatu zidaten zerbait berria idatzeko, eta proiektu honetaz oroitu nintzen. Ideia gustatu zitzaien, eta borobildu genuen.
Mikromesenazgo bidez atera duzu liburua. Zer dela eta?
Liburua modu batean edo bestean argitaratu behar genuen. Kontua da liburu motaren arabera argitaletxearen arduradunek nahiago dutela horrela egitea, liburuarekin batera hainbat eduki osagarri ateratzen dituztelako: orri markagailuak, kamisetak... beti funtzionatu izan zaie ondo, besterik gabe liburua bere horretan argitaratzearekin alderatuz. Beraz proposatu zidatenean, baietz esan nien, eurak direlako honetaz dakitenak. Egia esanda, erantzuna oso ona izan da, eta jende askok agertu du liburuarekiko interesa.
Sare sozialetan zabaldu duzu lehen aleak jaso zenituen unea. Une polita izan behar da hori idazle batentzat...
Bai, urte amaieran liburuak jasotzean unboxing horietako bat egin nuen. Edizio polita geratu da. Cesar Sebastian ilustratzaileak egin du azala, XIX. mendeko magia karteletan oinarritua. Editoreak proposatu zion nire aurpegia jartzea. Erdi txantxatan hasi zen kontua, baina azkenean nire aurpegia agertu da marrazkian. Atentzioa deitzen duen azala da; espero dut barneko testuak maila berean egotea.
Azal horrek duela urte asko Yahoo Groups eta MSN taldeetan Houdini ezizena zuen norbait ekarri dit gogora.
Bai, kar-kar! Nick hori erabiltzen nuen Interneten hasi nintzenean, duela urte mordo bat. Harry Houdiniren biografia beti interesagarria iruditu zait. Gai hau ez da berria niretzat. Misterioaren munduan hasi nintzenean, David Blanco lagunak eta biok egin genituen gure lehen ikerketa txikiak. Davidek, denborarekin, ilusionismoarekiko eta mentalismoarekiko zaletasuna garatu zuen, eta gaur egun mago profesionala da. Ilusionismoko teknikekin gertaera psikiko edo paranormalak erreproduzitzean datza hori. Uri Gellerrek eta ustezko psikiko askok egiten dutena erreproduzitzea, hain justu. Mundu hori ezagutu nuenean, konturatu nintzen ustezko fenomeno paranormal asko mentalismo bidez egin daitezkeela.
"USTEZKO IGARLE, XAMAN ETA MEDIUM ASKOK IRUZURRA EGITEN DUTE MENTALISMOAREKIN"
Lotura zuzena hasieratik, orduan...
Bai. Blanco mentalismoarekin hasi zenean, bururatu zitzaigun hitzaldi bat egitea. Nik alde teorikoa landu nuen, eta berak esperimentu psikikoak egin zituen. Gogamen soilarekin gauzak mugitzea, jendeak pentsatzen zuena aurreikustea... Bada, ilusionismoa zela esaten genion arren, jendea zur eta lur geratzen zen. Hitzaldiaren amaieran galdetzen ziguten ea Davidek naturaz gaindiko zer motatako energiak mugitzen zituen. Baten batek ere esaten zigun mago izatearena aitzakia zela botere horiek ezkutatzeko. Bide batez, oraingo aurkezpenetan ere Davidek bere ikuskizuna egingo du.
Suposatzen dut orain inor ez zaizuela etorriko I want to believe jarrera horrekin, ezta?
Tira, ez nago horren ziur! Baten bat egon daiteke. Guk beti esaten dugu magia dela; ilusionismoa. Baina testuinguru batean eginez gero, oso sineskorra den jendearekin... auskalo!
Gaur egun horrelakoak gertatzen badira, pentsa erlijioen hasieran zer gertatuko zen...
Hain justu, hori aipatzen dut liburuaren hasieran, mentalismoaren historian atzera egiten dudanean. Adibidez, antzinatean baziren tenpluak non jainkoak gizakien aurrean mintzo ziren, eta ezkutuko mekanismo hidraulikoak eta bestelako amarruak zituzten. Bat-batean sua agertzea nonbait, esaterako. XIX. mendean, Fox ahizpekin espiritismoa agertu zenean ere pikarokeria hau guztia berdin eman zen. Azken finean, sinetsi nahi duen pertsona oro aise engainatua izan daiteke. Gaur egun ere ustezko igarle, xaman eta medium askok iruzurra egiten dute mentalismoarekin.
Modu berean, psikologia asko erabiltzen dute, ezta?
Baita ere. Liburuan ez dut gehiegi sakondu amarruetan, mentalistak haserretu ez daitezen. Baina oinarrizko amarrua oso sinplea da: agertokia prestatzea, psikologia lantzea, sugestioa eragitea, jendearen portaera ikustea..., finean, atentzioa desbideratzea. Hori guztia kontrolatuz gero, trukoa txikikeria bat da. Agertokian baino, magia publikoaren buruetan dago.
Jendeak zer topatuko du liburuan?
Besteak beste, espiritismoaren jatorriari buruz oso ezaguna ez den bertsio bat, adibidez. Fox ahizpek heldu bilakatu zirenean onartu zuten espirituekiko lehen kontaktu hori txantxa bat izan zela, baina helduek sinetsi zutenez, horrekin jarraitu zuten. Gogorra da pentsatzea espiritismoa oinarrituta dagoela bi neskaren txantxa batean. Houdiniri buruz ere hitz egiten dut, noski. Hasiera batean sinestuna zen, eta hildako amarekin kontaktuan jarri nahi zuen. Baina gero konturatu zen dena iruzurra zela, eta handik abiatu zen espiritismoaren aurka ekin zuen borroka. Uri Geller ere agertzen da. Ez dut frogarik esateko iruzurgilea den ala ez, inoiz ez zaiolako harrapatu faltsukeriatan. Baina nire buruari egiten diodan galdera zera da: gizakiak botere psikikoa baldin badu, zer dela eta dago mugatuta uneoro koilarak tolestera? Ez da oso trebezia erabilgarria, egia esanda.
Neuromagia ere jorratzen duzu...
Bai. Duela gutxi garatu da kontzeptu hau. Gaur egun, magia ikuskizun batera joaten garenean gure garunak nola funtzionatzen duen ikertzen dute neurologoek. Las Vegasen [AEB] abiatu zen diziplina hau, magiaren hiriburua den toki horretan kongresu zientifiko bat egin zutenean. Zientzialariak konturatu ziren magoen jarduna ikertzea oso interesgarria izan zitekeela. Gaur egun zientzia argitalpen asko dago azaltzen dutenak magoek nola engainatzen gaituzten. Memoria oso lausoa dela eta giza pertzepzioa manipulatu daitekeela argi dago. Magoek modu zintzoan egiten dute hori, baina, dakigunez, modu maltzurrean ere egin daiteke, iruzurra egiteko.