Azken urteetako lan baldintzetan "hobekuntza nabarmena" iragarri dute ELA eta ESK sindikatuek, La Vitorianako lan gatazkan aurreakordioa lortu ostean. Abenduan protesta eta lanuzteei ekin zieten okindegien frankizia arabarreko langileek, duela sei urte iraungitako hitzarmena berritzea eskatzeko eta soldata baxuak zein "miseriazko bizi baldintzak" salatzeko.
Joan den astean sindikatuek zuzendaritzarekin erdietsitako aurreakordioa astearte honetan onartu du plantillak, asanblada batean. Horri esker, hitzarmen berria dute dagoeneko La Vitorianako 70 langileek; 2019 eta 2025 urteen arteko indarraldia izango du.
Erosteko ahalmena bermatzeko KPIaren araberako soldata igoerak (%13) adostu dituzte, bai eta bestelako plusak eta hobekuntzak ere, besteak beste:
- Langile guztiek 600 euroko konpentsazio ordainsari bat jasoko dute.
- 3.000 euro handituko da kategoria baxuenen gutxieneko soldata, hitzarmenaren iraunaldian.
- Benetako lanaldia 34 ordu murriztuko da.
- Eguneko atsedenaldia 15 minututik 20ra luzatuko da.
- Norberaren aukerako 2 egun libre langile guztientzat.
- Ezintasun iragankorreko kasuetan, osagarria eta iraupena hobetuko dira.
- Senitartekoak medikura laguntzeko ordaindutako baimena izango dute langileek.
Aurrerapauso "oso garrantzitsuak"
"Ez dira itxi mahai gainean zeuden gai guztiak", deitoratu dute sindikatuek. Esaterako, bihar epaiketa bat egingo da 2023ko abuztuan exekutatutako kaleratze baten deuseztasuna eskatzeko. "Baina, zalantzarik gabe, aurrerapauso oso garrantzitsuak dira prekarietatearen aurka, 2018tik baldintzak berritzen ez dituen eta azken urteetan irabaziak lortu dituen sektore batean", azpimarratu dute.