Gabonetan, langile asko oporretan dauden bitartean, lan karga areagotzen da okintza eta gozogintzaren sektorean. Hain zuzen ere, urteko sasoirik bizienean mobilizazioei ekitea erabaki dute La Vitoriana enpresaren okindegietako langileek, "baldintza ekonomiko kaskarrak eta zuzendaritzaren negoziatzeko borondate falta salatzeko".
ESK eta ELA sindikatuek deitutako lehenengo mobilizazioa ostegunean, abenduaren 28an, egingo dute, Gasteizko Rioja kaleko 20. zenbakian dagoen dendaren aurrean, 18:30ean. La Vitorianako 70 langileak daude protestara deituta.
Sindikatuek salatu dutenez, gaur egungo soldatek "doi-doi" gainditzen dute lanbidearteko gutxieneko soldata, eta horrek "miseriazko bizi baldintzak dakartza" plantillarentzat. Enpresako hitzarmen kolektiboa duela sei urte iraungi zen. Horrez gain, azken hilabeteetan enpresan gertatutako "kaleratze bidegabeak" salatuko dituzte.
ESK sindikatuak nabarmendu duenez, langileen egoera "onartezina" den bitartean, azken hiru urteetan 600.000 eurotik gorako irabaziak izan ditu enpresak.