Amesteko urtea: aste honetako ALEA, 2024ko egutegia

Erredakzioa 2024ko urt. 11a, 10:00
Ilustrazioak: ANIA SAENZ DE BURUAGA / Argazkiak eta testuak: ALEA

2024 ganoraz hasteko, urteko lehenengo ALEA egutegi formatuarekin dator berriz ere, oraingoan Arabako kondaira zaharrak ardatz hartuta. Ania Saenz de Buruaga ilustratzailearen azal ederrarekin borobilduta, hilez hil ALEAren argazkiak eta testuak zuen alboan izango dituzue.

Magikoa izan dadila

Herrialde magiko baten inguruan hazitako komunikazio proiektua da ALEA; eta hamabi hilabetez, 365 egunez eta egunak dituen 24 orduetan Araban sortzen diren albisteen berri emateko lanak egiten saiatzen gara ALEAn.

Arabako euskaldunen betaurrekoekin begiratzen diogu errealitate globalari

Magia eta mitologia alde batera utzi eta gure inguruko errealitate mortalari begiratzen diogu, behar den azkartasunez eta sakontasunez.

Tokiko informazioa ardatz hartuta, egunerokotasun zoroari erreparatzen diogu alea.eus webgunean; eta gure papereko edizioan, berriz, astearen errepaso lasaiagoa egiteaz gainera, Arabako politikaren, ekonomiaren, kulturaren, kirolaren eta herrialdeko gizartearen protagonistak eta historiak aurkezten ditugu. Arabako euskaldunen betaurrekoekin begiratzen diogu errealitate globalari, eta Arabako izaera desorekatuari informatiboki eusten saiatzen gara, betiere kontuan izanik Gasteizko hiriburuak sortzen duen komunikazio jario geldiezinaren aldean beste 52 udalerriren informazioa eta egunerokotasuna ere jasotzeko ardura dugula.

ALEAkideen sarea gero eta zabalagoa eta anitzagoa izateko konpromisoa berritu nahi dugu aurten

ALEAkideen sarea gero eta zabalagoa eta anitzagoa izateko konpromisoa berritu nahi dugu aurten: harpidedunak, iragarleak, irakurleak, kolaboratzaileak, webgunean bisitariak, lehiaketa eta zozketetan partaideak, buletin hartzaileak, ingurune digitalean jarraitzaileak, eta, oro har, Arabako euskaldun guztiak gure komunitatearen parte sentitzea eta gure komunitatearen parte izatea nahi dugu, komunitate euskaldun sendo eta informatu baten parte, hain zuzen.

Apustu berriak martxan jarri nahi ditugu hurrengo hilabeteetan, gazteen eskaerei eta behar informatiboei erantzun nahi diegu, Arabak Interneten dituen erronka berriak esploratu nahi ditugu, euskaldun berriak gure edukietara erakartzeko formulak bilatu nahi ditugu... Eta horretarako behar ditugu komunitate handiaren hauspoa eta babesa. ALEAko lantaldearen urte berrirako desira duzue hori.

Zuen etxe, lantoki edo ikastetxeetako hormak apaintzeko eskaintzen dizuegun Araba Magikoari buruzko ale berezi honekin batera, urtea ondo has dezazuela opa dizuegu.

Urte berri on! Magikoa izan dadila!

Ilustrazioak: Ania Saenz de Buruaga

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide