Jose Ignacio Vegas Aranburu arkeologoa hil da

Erredakzioa 2024ko urt. 9a, 11:00

Jose Ignacio Vegas Aranburu, arkeologoa. Argazkia: @Arkeoaraba

89 urterekin zendu da arkeologo eta historialari arabarra. Besteak beste, Los Llanos trikuharria, Mendiluze harrespila edo San Juan Ante Portam Latinam aztarnategia induskatu zituen.

Sit tibi terra levis. Astelehen honetan zendu da Jose Ignacio Vegas Aranburu arkeologo, historialari eta ikertzaile arabarra, 89 urterekin. 1934. urtean jaio zen, eta arkeologian erreferente izateaz gain, argazkilaritzan, zineman, artean eta kulturako beste hainbat arlotan aritu zen bere bizitzan zehar.

Helburu dibulgatzailearekin Arkeologia Museoaren Lagunen Elkartea sortu zuten historialari eta arkeologoetako bat izan zen. Halaber, Aranzadi, Eusko Ikaskuntza eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide izan zen.

Arkeologiari eskainitako 50 urte baino gehiagotan zehar, besteak beste, Los Llanos trikuharria (Kripan), Mendiluze harrespila (Legaireko zelaietan, Opakuan) edo San Juan Ante Portam Latinam (Guardia) aztarnategi ikonikoak induskatu zituen. Horrez gain, hainbat liburu eta dozenaka zientzia-artikulu idatzi zituen.

Argazkilari gisa egindako ibilbidearen isla da duela gutxi Gasteizko Udalari bere argazki funts osoa eman ziola dohaintzan: 1956tik 2020ra bitarteko artxiboa, 50.000 irudi baino gehiagokoa. Arkeologiari buruzko argazkiak dira horietako asko, baina baita Gasteizko gizartearekin, kulturarekin eta artearekin lotutakoak ere.

Arabako Arkeologia Museoak doluminak adierazi dizkie Vegas Aranbururen senitarteko eta lagunei. Hileta bihar izango da, asteazkenean, 19:00etan San Bizente elizan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago