'Go!azen 10' kontzertua Gasteizera ekarriko du Araba Euskarazek

Erredakzioa 2024ko urt. 8a, 20:30

Bi saio eskainiko dituzte urtarrilaren 14an, Europa Jauregian. Irudia: Araba Euskaraz

'Go!azen 10' birak bi kontzertu eskainiko ditu Europa Jauregian urtarrilaren 14an. Sarrerak Araba Euskarazen webgunean daude salgai.

Basakabiko lagunek Go!azen 10 kontzertu birari ekin diote dagoeneko, eta urtarrilaren 14an Gasteizko Europa Biltzar Jauregira iritsiko dira, Araba Euskaraz ekimenaren barruan bere ikuskizuna aurkezteko. Egun berean bi saio eskainiko dituzte: lehenengoa 16:30ean, eta bigarrena 18:30ean.

Sarrerak www.arabaeuskaraz.eus webgunean salgai daude. Aldez aurreko salmenta prezioa 14, 16 edo 18 eurokoa da; bertan erosita, berriz, 18, 20 edo 22 eurokoa.

Go!azen telesailak hamar urte beteko ditu aurten, eta, hori gutxi balitz, 100. atala ere 2024an estreinatuko da. Denboraldi honetan, Zuri jada ez da ikasle izango, begiralea baizik. Garazi ez da Basakabira joango ikasle moduan, baina bertan bukatuko du azkenean, aspaldiko etsai ezagun batengandik ihesi. Eta bitartean, Noak, Leak, Mattinek eta Saioak erronka zail bat gainditu beharko dute: haien musika taldea berpiztu behar dute institutura itzuli ahal izateko.

Araba Euskaraz, urte osoan

2024ko Araba Euskaraz jaialdia ekainaren 16an ospatuko da, Mugaezin lelopean. Oraingoan Oiongo San Bizente Ikastolaren aldekoa izango den arren, Olarizuko zelaietan egingo da berriz ere. Ikasturte osoan zehar, Araba Euskaraz lurraldeko bazter guztietara eramango dute aurten ere, eskualdez eskualdeko jarduera eta ekimenen bitartez.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide