Blanka Gomez de Segura

"Konturatu gabe ia, gaurkotu egin dugu gure zeramika"

Anakoz Amenabar 2023ko abe. 23a, 08:00

Hiru hamarkada bete ditu Gomez de Segurak Ollerietako museoan. Arg. Euskal Buztingintza Museoa

Buztingintzaren ofizioa bizirik mantendu, eta hiru hamarkadaz "egindako lanarekiko grina transmititzeagatik", Blas Arratibel saria eman diote aurten Blanka Gomez de Segura eskulangileari. 

"Artisautzari eskainitako bizitza osoagatik" aitortza jaso du Blanka Gomez de Segura (Zeanuri, Bizkaia, 1952) buztingileak, Blas Arratibel sariketaren barruan. Ollerietako Euskal Buztingintza Museoa ireki zuen 1993ko apirilean, eta ordutik, bisitariei XVI. mendetik aurrerako pieza historikoen bilduma zabala, lantegiak eta labe zaharra erakutsi dizkie, ofizioaren inguruko ikerketa zabala garatzearekin batera.

Hiru hamarkadako ibilbidea buztingintzan. Atzera begiratzeko unea ere izaten dira omenaldiak.

Bai, guretzat polita izan da Blas Arratibel saria. Atzera begira ibilbide bat ikusten dut, sariketarekin batera joan dena; nik neuk ere parte hartu nuen hasierako urteetan, oraindik Arabako eskulangintza saria zenean, eta Blas Arratibel bera ezagutzeko aukera izan nuen Zalduondoko museoarekin kolaboratzeko aukera izan genuelako. Eta urte hauek igarota, ezinbestean kezka bat sortzen zait, sariketak "bueltatxo" bat behar duela uste baitut; sariketan parte hartu dutenak ikusita, oraindik gaur egungo eskulangitza zer den definitu behar dugula uste dut, igarri beharko litzateke "eskuz" egindako sorkuntza bat dela saritzen dena, inportantea dela uste dut, eta askotan hori baloratzea falta da. Artisautzak urteekin eboluzioa izan du, ez da iraganeko kontu bat, baina eskuz egindakoa izaten jarraitu behar duela nabarmendu beharko genuke. Begirada hori ez dugu galdu behar halako deialdi bat egin behar dugunean. Ofizioa letra larriz jarri nahi badugu, hori kontuan izan behar dugu.

Nolako osasuna du buztingintzak?

Alde batetik, oraindik muga batzuk ditugula iruditzen zait, eta galduta zentzu batean. Zer da artea? Zer da eskulangitza? Galdera horiek egiten gabiltza oraindik. 2016an Washingtonen izan nintzen, eta poz handia hartu nuen kakorratzez egindako obrak zituztelako hango musoetan, ez zuten inolako arazorik halako lanak arte galeria batean aurkezteko. Gu oraindik, aldiz, hainbat mugarekin gabiltza, geuk gure buruari jarritakoak ere... Artea izango ote da hau? Sorkuntza alorra da eskulangintza ere, batzuetan pieza kontzeptualak eta beste batzuetan objektualak egingo dituena, baina mundu kreatiboari dagozkionak. Beste alde batetik, eskulangileak behar ditugu, eskulangitzaren inguruan pentsatzen ari diren hainbat lagun ditugu, diseinatzaileak ditugu, baina objektua egingo dutenak falta zaizkigu; ez dugu gaitasunik horri aurre egiteko, eta horrek gogoeta bat behar duela uste dut. Maiatzean, hain zuzen, EHUko Arte Ederretako masterra egiten dabiltzan ikasleekin dugun elkarlanari esker, produkzioaren inguruko jardunaldi batzuk izango ditugu, eta dugun arazo hori mahai gainean jarri beharko dugu. Ikasle pila bat izango ditugu hemen, eta, dagokigun baxera egitearekin batera, berriz ere eztabaidatu beharko dugu, ea gai garen kontzeptu batzuen inguruan hausnarketa egiteko eta etorkizunera begira jartzeko.    

Gabonetako azken enkarguak prestatzen dabil Ollerietako tailerrean. Argazkia: Euskal Buztingitzaren Museoa

Hiru hamarkada hauetan nolako ibilbidea egin du museoak?

30 urte hauetan helburua izan da egiten duguna zabaldu eta erakustea, horretan ahalegindu gara: 500 urte dauzkaten piezak, monumentu historikoa den labea eta milaka urte iraun duen ofizio bat. Ogibide honetan, hainbeste ofiziotan bezala, jakintza handia dago, eta horri eusteko lan egin behar dugu; galtzen bada, jakintza handia desagertuko da, dudarik gabe. Ollerietatik egiten ari garen zabalpena modu desberdinetan egiten dugu, familientzako larunbateko saioen bitartez edota profesionalentzako ikastaro trinkoen bitartez; uda honetan, adibidez Bartzelonan nire ikasle izan zen emakume bat etorri da, ofizioaren ingurukoak berreskuratzeko, eta hunkigarria izan da; 60 urte ditu egun, ahaztuta zuen lana eta hori ikastera etorri da. Guk hemen dakiguna irakasten dugu, eta gero bakoitzak bere bidea hartzen du. Buztingile ona izatea baino, askotan nahikoa da pedagogo ona izatearekin buztingintzaren ingurukoak trasmititzeko; horretan ahalegintzen gara.

Bat baino gehiagoren zaletasuna pizteko balio izan du...

Bai, eta badago eskaera; jendeak buztina ikutu nahi du, gozatu.Badira beste profesio bat izan arren, hemen buztingintza topatu dutenak, eskulangintza bat egitea gustuko dutenak, terapeutikoa ere badelako hau, eta eguneroko estresetik aldentzeko baliagarri izan daitekeelako. Eskaria egon badago. Hamaika lagun gerturatzen dira udako edota oporraldietako saioetara. Eta nabarmentzekoa da gehienak emakumeak direla, baita ikasleen artean ere; urte batzuk barru emakumeen eskuetan egongo da sorkuntzaren mundua Euskal Herrian, eta kontuan izan behar dugu, eta islatu egin behar da gaur antolatzen ditugun beka eta lehiaketetan ere, proportzioa ez baita hala izaten.    

Buztingintzan, zer geratzen zaizu egiteko?

Beti izaten da zertan hobetu eta ikasi. Hemen tradizioa gorde nahi izan dugu, ondarea eta historiarekin batera. Hori ere behar dugulako, eta berreskuratzeko apustua egin genuen garai batean. Baina, aldi berean, konturatu gabe ia, 30 urte hauetan produkzioa gaurkotu dugu. Nortasuna landu dugu, berezko ezaugarriak dituelako euskal zeramikak; guk ez dugu Japoniarrek egiten dutena kopiatzen, berezkoa dugu, gurea gaurkotuta egiten dugu... Eta, noski, ikerlana egin dugu. Zeinentzat? Michelin izarrak dituzten jatetxeentzat. Haiek egindako eskariari esker, materialen inguruko ikerlana egin behar izan dugu; orain urtegia dagoen tokitik ateratako buztinak, esate baterako, ez du trinkotasun nahikorik egungo ontzi-garbigailuetarako, eta sendotasun handiagoa behar izaten da. Material lehiakorra eskaintzeko ikerlana egin dugu. Eta diseinuari dagokionez ere zenbait aldaketa izan dira, baina gure koloreak eta formak horren soilak izanik, modan daude... Hori gehiago aprobetxatu egin beharko genuke gainera. Imajinatzen duzu salda ateratzen duten taberna guztiek halako buztinezko katilu batean aterako balute? Halakoekin nire moduko buztingileek lana izango genuke, ehunka katilu egiteko aukera... Baina sinestea falta zaigu.

"Buztina modernoa da, hainbat erabilera ditu, baina hori sinistea falta zaigu"

Eskulan jasangarria, gainera...

Noski, modernoa da. Plastikoa debekatu egin beharko dugu; nik ez dakit ezagutu dudan, baina zuk bai; planeta deuseztera darama, eta zintzo sinesten badugu hemen jarraitu nahi dugula, buztina aukera ona izan daiteke: jasangarria, ez du kutsatzen, ez dira erabili eta botatzeko objektuak, eta polita da gainera. Emozionantea izaten da hona datozen ikasle gazteak, 25 bat urtetakoak, horretaz konturatzen direla ikustea; ez dira gehienak, noski, baina horretan sinesten dutenak badaude, eta beraiek dira etorkizuna. Nire poza horiekin konektatzea da, konbentzitzeko ahaleginik ere egin behar ez dudanean, hortik aurrera askoz errazago egiten dugu lan. Hainbeste erabilera ditu zeramikak, gainera; pentsa, espaziora jaurtitzen dituzten koheteek ere zeramikazko geruza bat dutela gainetik... Baina, esan bezala, gurean sinestea falta zaigu, eta goiko horietatik hasita. Turismoa da horren adibide; natura eta paisaia eskaintzen dugu, baina ez gara konturatzen bertako gizon eta emakumeen lanari esker dagoela paisaia eta ondarea dagoen moduan. Ezin ditugu pertsonak ahaztu. Proiektu makroei, aldiz, hainbeste gustatzen zaizkigun horiei, nork eutsiko die? Jasangarriak al dira denboran? Askotan perspektiba galdu dugula iruditzen zait.

Elkarrizketaren ostean, Gabonetako enkarguekin jarraitu behar duzu?

Goizetan, nire laguntzailearekin batera, museoko bisitei arrera egiten diegu, eta arratsaldetan ofizioa da nire lana. Eta aste hau zoramena izaten ari da, bai.  Urte amaierako amaitu gabeko enkargu zaparradari sariaren inguruko hau ere gehitu diogu... Tira, pozik egiten dugu, ez gara kexatuko!

Blas Arratibel saria jaso du aurten Blanka Gomez de Segura buztingileak. Argazkia: AFA

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago