En Tol Sarmiento talde arabarrak historia egiten jarraitzen du, eta, 20 urte zure eskutik lelopean, 2025ean hiru egunez beteko du Barakaldoko BECeko Bizkaia Arena pabiloia. Duela astebete iragarri zuen ETSk 20. urteurrenerako "kontzertu historikoa", eta dagoeneko saldu ditu iragarritako lehenengo bi daten sarrera guztiak.
Kontzertu nagusia 2025eko martxoaren 22rako (larunbata) iragarri eta ordu gutxi batzuetara, sarrerak agortu ziren. Handik egun batzuetara, bigarren data bat iragarri zuen taldeak bezperarako, 2025eko martxoaren 21erako (ostirala), baina sarrera horiek ere lau ordutan agortu ziren.
Last Tour konpainiak astearte honetan iragarri duenez, hirugarren eta azken data beste bi kontzertuen aurreko astean izango da, hau da, 2025eko martxoaren 15ean. Eta sarrerak gaur bertan jarriko dituzte salgai, 18:00etan, lasttour.org eta entolsarmiento.com webguneen bitartez. Beste bi kontzertuetan bezala, 12 urtetik beherako adingabeek sarrera merkeagoa izango dute.
"Ez dugu hitzik. Biziki eskertzen diegu babesa ematen ari diren guztiei. Denbora asko beharko dugu egun hauetan gertatzen ari dena barneratzeko. Argi daukagun gauza bakarra da: gure 20. urteurrenerako zerbait berezia prestatuko dugula", adierazi dute ETSko taldekideek.
View this post on Instagram
Historia egiteko hiru egun
Emanaldi bakoitzean 15.000 ikusle inguru izango dira, beraz, 45.000 lagun baino gehiago bilduko ditu Ekorako taldeak hiru egun historikoen artean. Gainera, 20. urteurrena ospatzeko hiru egun horietan, hainbat artista gonbidatu izango dira talde arabarrarekin.
2025eko martxoaren 15ean eta 21ean, publiko guztiei zuzendutako arratsaldeko musika plana prestatuko du taldeak, Bizkaia Arena pabiloian. Azaldu dutenez, ikuskizun horretan "herriko kulturari balioa emango zaio, folklorea, jaiak eta euskal musika omenduz".
Nolanahi ere, hitzordurik bereziena iragarritako lehenengoa izango da. 2025eko martxoaren 22an, ETSk goizetik hasitako jardunaldi bat eskainiko du, eta aldi baterako agurtzeko kontzertuarekin amaituko da eguna.