ETSren 20. urteurrenerako "kontzertu historikoa" iragarri dute

Erredakzioa 2023ko abe. 13a, 17:44

Bi hamarkada beteko ditu taldeak 2025ean. Argazkia: ETS

Azken kontzertua izango da 2025eko martxoaren 22koa, denboraldi batez; sarrerak hilaren 18an izango dira salgai, baina aurretik izena eman daiteke.

2025ean bi hamarkada beteko ditu ETS taldeak, eta hori ospatzeko ekitaldi "historiko" bat iragarri dute martxoaren 22rako. Barakaldoko BECen izango da hitzordua, 20 urte zure eskutik lelopean. "Aurreratu nahi dizuegu historikoa izango dela, adin guztietako publikoarentzako egun osoko programazioarekin. Festa polita izango da, gure historiako handiena, zalantzarik gabe", azaldu dute gaur plazaratutako prentsa oharrean. Azken kontzertua izango da, agertokiei denbora batez agur esan baino lehen.

Hamaika jarduera izango dira egunean zehar, herri kirolak eta haurrentzako ekintzak tartean, eta kontzertu batekin bukatuko dute eguna. Taldeak aurreratu duenez, aipatutako jarduerez gain, gonbidatutako taldeak izango dira taula gainean.

Sarrerak

Zaleek aurre salmenta esklusiboan izena emateko aukera izango dute, gaur eta bihar artean. Abenduaren 14ko 18:00ak arte, sare sozialetan eta webgunean izena emateko aukera izango dute. Izena ematen dutenek abenduaren 15ean email bat jasoko dute eta abenduaren 18ra arte sarrera erosi ahal izango dute. Aurre-inskripzioen kopurua mugatua da, jakinarazi dutenez.

Eta sarrerak hilaren 18an izango dira eskuragarri, 10:00etatik aurrera, taldearen webgunean. BECera gerturatzeko autobus zerbitzu berezia izango da hainbat herritatik. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago