'20.000 especies de abejas', film onenaren Forque Saria

Erredakzioa 2023ko abe. 18a, 10:20

'20.000 especies de abejas' filmeko lantaldea. Argazkia: Premios Forqué

Esti Urresolaren filmak arrakasta berretsi du Forque Sarietan, fikziozko film onenaren eta hezkuntza eta balioen aitortzak jasota.

Goya Sarietara bidean beste urrats bat egin du Estibaliz Urresola zinemagile laudioarrak, oraingoan Forque Sarien 29. edizioan. Larunbatean, sari banaketa ekitaldian, aitortza bikoitza lortu zuen Urresolaren opera primak: fikziozko film onenaren sari nagusiarekin batera, Zinema Hezkuntzan eta Balioetan aitortza jaso zuen.

Zuzendari arabarrak bere hitzartzea baliatu zuen zinemagintzaren sektorean sariek maiz jokatzen duten papera kritikatzeko, "irabazleen eta galtzaileen arteko narratibak" gainditu behar direla defendatuz: "Absentzia asko daude, oso tamalgarriak, baina, jakina, sistema bera agerian geratzen da gure lurraldeetatik kanpo historia egiten duen zinematografia hain aberatsa eta hain garrantzitsua dugunean. Beraz, agian sektoreko gure sormena erabili behar dugu zinema baloratzeko eta ospatzeko beste modu bat asmatzeko, guztientzako lekua eta espazioa izan dadin".

Horrez gain, Urresolak, oholtzara igo ziren beste hainbat saridunekin batera, Palestinan su-etena aldarrikatu zuen: "Nire bihotzaren barrenetik eskatzen dut Gazan gertatzen ari den bizitzaren sarraski hau gelditzeko zerbait egin dezagun".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago