'20.000 especies de abejas', Goya Sarietarako nominazio gehien lortu dituen filma

Erredakzioa 2023ko abe. 1a, 12:00
'20.000 especies de abejas' filmeko taldearen zati bat, Berlinalen. Argazkia: Elena Ternovaja

Goya Sarien 38. ediziorako faboritoen artean, Esti Urresolaren filmak hamabost izendapen lortu ditu. Bestalde, Sonia Estevez gasteiztarraren 'Txotxongiloa' animaziozko film labur onenaren saria lortzeko lehiatuko da.

Arabako zinemagintzak arrakastaren bidean jarraitzen du, eta, gainera, emakumeak ari dira historia hori idazten. Oraingoan, Esti Urresola laudioarraren eta Sonia Estevez gasteiztarraren eskutik iritsi dira berri onak, otsailaren 10ean Valladoliden banatuko diren Goya Sarien 38. ediziorako izendapenetan. Anna Castillo eta Luis Tosar aktoreek eman zuten izendapenen berri, ostegunean.

Berlinaleren azken edizioan izandako arrakastaren ostean, zalantzarik gabe, 20.000 especies de abejas filma eta Esti Urresola izan dira izendapenen fase honetako protagonistak. Zinemagile arabarraren lana hamalau kategoriatan lehiatuko da —aurkeztutako hamabost hautagaitzarekin—, eta edizio honetan nominazio gehien lortu dituen filma da; gainera, Goya Sarien historian zehar opera prima batek inoiz lortutako izendapen kopururik handiena lortu du.

Honako hauek dira filmak lortutako hamabost izendapenak —tartean Esti Urresola, Patricia Lopez Arnaiz eta Izaskun Urkijo arabarrak—:

  • Jatorrizko gidoirik onena: Estibaliz Urresola Solaguren
  • Zuzendaritza berri onena: Estibaliz Urresola Solaguren
  • Film onena: Lara Izagirre Garizurieta eta Valerie Delpierre
  • Emakumezko aktore protagonista onena: Patricia Lopez Arnaiz
  • Muntaia onena: Raul Barreras
  • Ekoizpen zuzendaritzarik onena: Pablo Vidal
  • Makillaje eta ile-apainketa onena: Ainhoa Eskisabel eta Jone Gabarain
  • Jantzien diseinu onena: Nerea Torrijos
  • Antzeztaldeko emakumezko aktore onena: Ane Gabarain
  • Antzeztaldeko emakumezko aktore onena: Itziar Lazkano
  • Antzeztaldeko gizonezko aktore onena: Martxelo Rubio
  • Arte zuzendaritza onena: Izaskun Urkijo
  • Efektu berezi onenak: Mariano Garcia Marty, Jon Serrano, David Heras, Fran Belda eta Indira Martin
  • Argazki zuzendaritza onena: Gina Ferrer Garcia
  • Soinu onena: Eva Valiño, Koldo Corella eta Xanti Salvador

"Sorpresa bat izan da. Ez nuke inoiz pentsatuko. Esaten zuten izen bakoitzarekin emozioz betetzen ari nintzen", adierazi du Urresolak, bideokonferentziaz, akademikoei esker onez. "Iragarpenak ez entzuten eta ez irakurtzen saiatzen naiz. Ez dugu filmak egiten sariengatik, baina hemen gaudenez, ilusioz gainezka nago. Poz handiko unea da kideen erlauntza hori guztia aitortu izana".

Euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez filmatutako eta Coco neska transexualaren istorioa kontatzen duen filmaren lehiakide nagusiak J.A. Bayonaren La sociedad de la nieve (13 izendapen), Victor Ericeren Cerrar los ojos (11 izendapen), David Truebaren Saben aquell (11 izendapen) eta Isabel Coixeten Un amor (7 izendapen) filmak izango dira.

'Txotxongiloa'

20.000 especies de abejas filmarekin batera, Sonia Estevez zine zuzendari eta animatzaile gasteiztarrak ere Araba ordezkatuko du 2024ko Goya Sarietan, animaziozko film labur onenaren kategorian, Tik Tak Animation ekoiztetxearen eskutik sortutako Txotxongiloa lanarekin. Zortzi minutuko film laburrak drama eta umorea uztartzen ditu, ez du elkarrizketarik, eta emakumezko txotxongilo bat du protagonista.

Kategoria horretan hamabi film labur izendatzen dituzte, eta, beraz, zigilu arabarreko filma beste hamaika lanekin lehiatu beharko da: Becarias, De Imperio, ¿Dónde está Heleny?, Él corrió junto a su camarada, El Líder, La mujer del médico, Las invasiones biológicas, To birg or not to bird, Todo bien, Todo está perdido eta Y Eva también.

Aurkeztutako hautagaitzaren harira, duela aste batzuk Estevezekin hitz egin zuen ALEAk, elkarrizketa honetan: "Inperfekzio txikiek sinesgarriago egiten dute animazioa".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide