Legegintzaldiaren lehen "porrot politiko handia" EAJ eta PSEren Arabako foru gobernuarentzat. Edo, behintzat, horrela definitu dute oposizioko alderdiek. Arabako Foru Aldundiaren 2024ko aurrekontuen eztabaida akordiorik gabe amaitu da, eta, beraz, 2023ko proiektu ekonomikoa errepikatu beharko du Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak.
EAJk eta PSEk oposizioko talde baten babesa baino ez zuten behar, baina ez Elkarrekin Podemosek, ez PPk eta ez EH Bilduk ez dute akordiorik babestu. Gaur egun, foru gobernuak gutxiengoan gobernatzen du, Batzar Nagusietako 51 batzarkideetatik 24 baitituzte. Hortaz, azaroan aurkeztutako 666,8 milioi euroko proiektu ekonomikoa (2023an baino %2,6 handiagoa) bertan behera utzi behar izan dute gobernuko bi alderdiek.
"Azkeneraino negoziatu dugu", ziurtatu du diputatu nagusiak. Duela egun batzuk aurreakordio bat itxi zuten arren, Elkarrekinek atzo iragarri zuen azkenean ez zituela kontuak babestuko. Horrek azken orduko aukerarik gabe utzi du foru gobernua, eta Gonzalezek gero eta gertuago dauden hauteskunde autonomikoekin lotu du jarrera aldaketa. Bestalde, diputatu nagusiaren ustez, UPNri Iruñeko alkatetza kentzeko zentsura-mozioak PPrekin azken orduan akordio bat lortzeko aukera zaildu du.
Nolanahi ere, Ramiro Gonzalezek "lasaitasunera" deitu du, luzatutako aurrekontua "ona" dela azpimarratuz: "Foru gobernuak nahikoa esperientzia zuen 2023an aurrekontu bat planteatzeko, 2024an edozein arazori aurre egiteko gai izango zena". Besteak beste, Guardiako ardoaren campusa (EDA Drinks & Wine Campus), Mercedeseko fabrikazio aurreratuko zentroa edo Gizarte Politikak bermatuta daudela ziurtatu du diputatu nagusiak.
"Porrot politiko handia"
Oposizioko hiru alderdiek EAJren eta PSEren jarrera gogor kritikatu dute. EH Bilduk, adibidez, azpimarratu du aurrekontuak erretiratu izana "porrot politiko handia" dela, eta dei egin dio foru gobernuari "bere jokabidea berrikustera eta etorkizunean negoziazioaren bideari jarraitzera, oraingoan ez bezala".
"Gobernuak aukera bat galdu du, eta aukera horrek eragin zuzena izango du lurraldean eta herritarrengan. Negoziaziorako eta akordiorako benetako aukera bazegoen", adierazi du Eva Lopez de Arroyabe bozeramaile subiranistak. "Ziklo aldaketa ulertu gabe jarraitzen dute".
"Albiste txarra da Arabarentzat, konturik gabe geratzen baita. Legegintzaldiko urtebete galduko dugu", deitoratu du Iñaki Oiarzabal Arabako PPko presidenteak. "Ez dugu akordio bat bilatzeko borondaterik ikusi gobernuarengan, eta ez dute gure babesa merezi zuen proposamen sakonik egin".
Azkenik, Elkarrekin Podemos batzarkide taldeko bozeramaile David Rodriguezek berretsi du aurrekontu proiektua bertan behera uztea "Arabarentzat albiste txarra" dela, eta azpimarratu du "ezberdinen artean elkar ulertu behar dugula".