Batzar Nagusietan gehiengo osorik gabe, gutxienez oposizioko talde batekin akordioa erdietsi beharko dute EAJk eta PSEk 2024ko aurrekontuak aurrera atera ahal izateko. Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak eta Itziar Gonzalo Ogasun diputatuak astearte honetan aurkeztu dute foru gobernuaren proposamena: 666,8 milioi euroko proiektu ekonomikoa, 2023an baino %2,6 handiagoa; 166 milioi euro inbertsioetara bideratuko lirateke, iaz baino %12,72 gehiago.
Legegintzaldiaren lehenengo urtean gure lurraldean "etorkizuneko proiektu estrategikoak bermatzea" da foru gobernuaren helburu nagusia: besteak beste, Mercedes-Benz lantegiaren inguruan garatuko den fabrikazio aurreratuko BAMC - Basque Automotive Manufacture Center zentroa (5 milioi euro), Basque Culinary Centerren EDA - Edariak eta Ardoa ardoaren campusa (6 milioi euro) eta egoitzetako laguntza integralerako proiektua (8 milioi euro); lehenengo biak beste instituzioekin batera sustatutako proiektuak dira.
Halaber, gastu soziala handitzeko asmoa adierazi du Ramiro Gonzalezek, 290 milioi euro bideratuz; hau da, aurrekontu osoaren %43. Horrela, Gorka Urtaran Gasteizko alkate ohia buru duen sailak arabar bakoitzeko 870 euro izango lituzke gizarte politikak finantzatzeko: egoitzak, eguneko zentroak, mendekotasuna, genero indarkeriaren biktimen babesa, adingabeak... "Gastu sozialera baliabide gehien bideratzen dituen Espainiako lurraldea gara", azpimarratu du Gonzalezek.
Enplegua eta jasangarritasuna
Bestalde, toki erakundeen finantzaketa hobetzen (325,6 milioi euro) eta zor publikoa murrizten (zor bizia 46,15 milioi euro murriztu da; hau da, %8,12) jarraitzearekin batera, enplegua sustatzeko 58,4 milioi euro inbertitzea aurreikusi du foru gobernuak, besteak beste "berrikuntza eta abangoardia" proiektuak bultzatuz.
Horrez gain, beste 40,4 milioi euro jasangarritasun politiketan erabiliko lirateke: mugikortasun jasangarria, hondakinen kudeaketa, biodibertsitatearen babesa, azpiegitura berdeen plana... Eta lehen sektoreari dagokionez, nekazaritza eta abeltzaintzarako 18,8 milioi euro bideratzea aurreikusi dute.
Gazteriaren Foru Erakundeak 7 milioi euro jasoko lituzke; Kultura Sailak 2,1 milioi euro; Kirol Sailak 3 milioi euro; eta, azkenik, euskara sustatzeko 1,3 milioi euro bideratuko lirateke.